
2008-04-22 | 17:06:21
Maiatzaren 10ean... goizean PASILEKURA eta gauean ASTRARA!
Ieup! Gazte Asanblada
Azkenean, badakigu non egingo den aspaldi iragarritako maiatzaren 10eko jaialdia: Astran! Non bestela? Denok gaude irrikitan gure etxea berriro ere jendez gainezka ikusteko, Astra proiektua babesten duen jendez gainezka, bertan lagundu (eta barre, maitatu, dantza, negar, emozionatu...) duen jendez gainezka, bertan egin den lana eskertzen duen jendez gainezka, Astrako giroa eta manboak faltan botatzen dituen jendez gainezka. Zu, gu, denok. Astran, gu denon etxean.
Kontzertua kanpoaldean egingo da, segurtasuna kontuan hartzen dugulako. Eta giroaz gozatzen ari garen bitartean izarrak ikusi nahi ditugulako. Bakotxan argixegaz danon proiektue egin dogula gogoratuteko.
Gaua ahaztezina egiteko Sarkor, The Uski’s, Zea Mays eta Delorean izango ditugu gurean. Sarkorrek atera berri duen disko bikaina aurkeztuko du lehen aldiz Gernikan, sarkoreto guztien aurrean. The Uski’sek dantza egiteko aukera paregabea emango digu, gauaren giro epelean, udaren atarian gaudela gogorarazteko. Zea Maysek Morphina azken diskoa aurkeztuko du, Entzun aldizkariko entzuleek 2007ko diskorik onena aukeratu zutena. Eta, bukatzeko, Delorean izango dugu. Zer esan? Euren kontzerturen batean egon denak badaki nola bukatuko dugun: izerdiz blai, neka-neka eginda, baina irribarre itzelarekin. Dantza dantza dantza! Eta horrelakoetan dantzan jarraitzeko gogoa izaten dugunez, DJak izango ditugu gero. Tabernetara joateko gogoa edukiko duzu, baina ez dizute utziko, jarriko dituzten kantek Astrako solarrera lotuko zaituztelako. Lotu? Bai, zera. Zailena hanketako bat lurrean edukitzea izango da, Astrara ekarriko dizkiguten erritmo dantzagarriekin. Betikolez, Astran eupelako manboa!
Baina dena ez da gaueko kontzertuetara mugatuko egun horretan. Lehenago, Pasilekuan, Astra konpondu bitarteko etxe ondoan, bazkari itzela egingo dugu. Pasilekuan, gazte asanbladak hasieran egiten zituen bazkariak bezala. Lehena eta etorkizuna elkartuko ditugu. Horrez gain, hainbat ekimen egingo dira bertan, besteak beste, Amazigh-en hizkuntza ikasteko tailerrak.
Arratsaldean, berriz, Astra proiektua babesteko kalejira koloretsua egingo dugu Gernikako kaleetan.
Laster, informazio gehiago ikusi ahal izango duzue webgune honetan bertan eta, aste bukaerarako, herriko kaleak kartelez josita aurkituko dituzue. Askok Gazteszena galdu zenuten, baina, lasai, maiatzaren 10ean ere giro bera aurkituko duzue: sortzailea, dibertigarria, parte-hartzailea, askotarikoa. Hitz batean, Astra.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Eskualdearekin zerikusia duen edozein notizia sartu dezakezu hemen.
Edozeinek bidali dezake albistea, eta ondoren, Busturialdeko Hitzako kideren batek kudeatuko du. Hark erabakiko du argitaratu edo ez.
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.