
Ospitalean jarraitzen dute pantalanetan zaurituetako bik
Gizartea
Pantalanetako pasabide bat apurtuta, femurra eta orno bat hautsi zituzten, besteak beste, lagun bik zapatuan.
natalia salazar
Ospitalean ingresatuta jarraitzen dute iragan zapatuan portuko pantalanetako pasaguneetako bat apurtuta zauritu ziren lau pertsonetako bik, euren senideek BUSTURIALDEKO HITZAri jakinarazi diotenez. Hasiera batean, Herrizaingo sailetik ere hala baieztatuta, zauriak arinak izan zirela zabaldu bazen ere, senideen arabera, «kolpe handiak» hartu zituzten. Senar-emazte bi dira zaurituak.
Femurra eta orno bat apurtuta
Zaurituetako batek «femurra apurtu» zuen kolpearen ondorioz eta ebakuntza egin behar izan zioten, iturri beraren arabera. Horrez gain, «buruan kolpea» hartu zuela jakinarazi dute. Izan ere, pasabideak «jo egin zion eta burua ur azpian geratu zitzaion». Gainera, zauritu zen beste gizonak «burua uretatik atera ezean, ito» egingo zela azaldu dute.
Bigarren gizon horrek ere ospitalean jarraitzen duela agertu dute senideek, «orno bat apurtuta» duela gaineratuta. «Immobilizatuta» dute.
Bestalde, bi emakumeek «ubelduak» dituzte, iturri beraren arabera. Euretako bat, gainera, «uretara» erori zen.
Istripua gertatu eta berehala portura «hainbat gazte» bertaratu zirela adierazi dute zaurituen senideek eta «eskerrak» eman nahi dizkiete, izan ere, haien esanetan, «horien laguntzagatik izan ez balitz, ondorioak larriagoak izango lirateke».
Hiru torlojuetako bi hautsita zituen pasabideak
Bestalde, Jose Arenal Portu Zahar elkarteko presidenteak azaldu duenez, «pasabideari eusteko jarrita dauden hiru torlojuetako bi hautsita zeuden» eta zauritu ziren lau pertsona horiek igarotzean, azpiegitura horrek «ezin izan zion pisuari eutsi». Haren arabera, istripuak oso ondorio «larriak» izan zitzakeen, «eskala hura oso altu dago eta hainbat metrotan behera» erori zela agertuta. «Zortea izan zuten itsasora erori zirelako, han behean harrapatuz gero, akabo», agertu du.
Beste pasabideetako bat ere konpondu behar izan dute
Arenalen arabera, beste pasaguneetako bat ere konpondu behar izan dute. «Jendea beldurtu egin da eta pasaguneak aztertzen jarrita, beste bat ere gaizki zegoela ikusi dute. Arduradunei deitu zieten eta konpondu egin dute», azaldu du. «Duela urtebete eta erdi izan ziren eguraldi txarrak igaro eta gero, ez dute arretarik jarri azpiegitura horiek nola dauden aztertzeko», esan du. Haren esanetan, «jende askok esan du sarri pantalanak ez daudela ondo, baina istripua izan denera arte, ez dute ezer egin».
Euskal Kirol Portuak enpresak kudeatzen ditu pantalanak eta kexa ugari jaso ditu.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Musika
Mikel Markezen kontzertua
BERMEO, Kafe Antzokian - 2008-12-03
Hitzaldia
Etxebideri buruzko hitzaldia
BERMEO, Gizarte eta Kultura Etxean - 2008-12-04
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.