Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Busturialdea
2008ko abenduak 3, Eguaztena

Harpidetu zaitez!

julia foruria ð- Gaudeamus abesbatzeko zuzendaria

«Irabazi ditugun dominak egindako lanaren aitorpena dira»

Kultura

Gaudeamus abesbatza lehiaketatik lehiaketara dabil; hilaren 16an Austriatik bueltatu zen, Olinpiada Musikaletan parte hartu ostean, eta orain Alacanten da.

oihana cabello

Uztailaren 16an bueltatu ziren Gaudeamusekoak Austriatik. Hango Graz herrian jokatu ziren Olinpiada Musikaletan parte hartu zuten gernikarrek, eta sariz beteta etorri dira. Hiru kategoriatan parte hartu dute, eta hiruretan irabazi dute saria. Infantil eta jubenil mailetan urrezko domina eskuratu dute, eta musika erlijiosoaren atalean zilarrezkoa. Hala ere, maila horretan urrea espero zutela aitortu du abesbatzeko zuzendari Julia Foruriak (Gernika-Lumo, 1959). Herenegun gauean, berriz, Alacantera (Herrialde Katalanak) bidean atera ziren. Torreviejan egingo duten habanera eta polifonia lehiaketan parte hartuko dute.

Zer nolako esperientzia izan da Austrian bizi izandakoa?

Oso ona. Guk hiru mailatan parte hartu dugu eta kontzertu guztiak egun berean izan ziren. 10:00etan bat, 15:30ean beste bat eta 18:30ean azkena. Nerbioak puri-purian genituen. Hurrengo egunean, sari banaketan, horiek guztiak askatu genituen: negarrak, barreak, musuak...

Zuek zuzenean finalean parte hartu duzue, ezta?

Bai, Olinpiada Musikalak uztailaren 10ean hasi ziren, klasifikatorioak. Baina guk finalean parte hartu dugu zuzenean. Hau da, guk 12an izan genituen hiru saioak.

Eta hiruetan saria.

Hala da, hiruetan saria. Bi oso onak, urrezkoak, eta bestea zilarrezkoa. Urrezko biak polifonia atalean lortu genituen, infantil eta jubenil mailatan. Zilarrezko domina, berriz, musika erlijiosoan eskuratu genuen. Bihotzean dudan arantza da domina hori, hala ere. Izan ere, kontzertu oso ona eman genuen eta gurasoek eta denek uste genuen urrezkoa lortzeko aukerarik izatekotan atal horretan izango genukeela. Beraz, ez dakit zertan huts egin dugun. Umeak ere nahiko haserre daude, eman zuten kontzertua oso ona izan zelako. Baliteke programa epaimahaiaren gustukoa ez izatea. Agian erlijiosoegia, besteek abesti erlijiosoak rock and roll edo gospel ikutuekin abestu baitzituzten.

Zein errepertoriorekin lortu zenituzten urrezko dominak?

Infantiletan `Uraren besotik´, `Tirikitauki´ triptikoaren banango eta arin-arin, `La muerte del angel´ tangoa eta `Rumex Crispus´ abestu genituen. Azken hori Alberto Grauk idatzi zuen guretzako. Jubenilen mailan, `Loriak udan´, `Virita criosa´, `La maquina de escribir´ eta `Oihu hau´ kantatu zituzten. Jubenilen abesbatzak Gaudeamus ensemble du izena eta holako lehiaketa batean parte hartzen zuen lehenengo aldia zen.

Eta abesbatzeko umeentzako zer suposatzen du urrezko domina bat lortzeak?

Ez dute horren kontzientziarik. Txikiak, gainera, Europako lehenak eta mundu mailan hirugarren geratu dira. Nagusiek badakite ondo edo txarto egin duten. Beraz, domina horiek egindako lanaren aitorpena direla uste dut. Ikusten da egindako esfortzuak zerbaitetarako balio duela. Izan ere, nagusienek ez zuten hain erraz. Txinan jokatu ziren Olinpiada Musikaletarako asko entseatu zuten, eta Austriako olinpiadetarako ez horrenbeste. Aurten, hala ere, abestiak prestatuago eroan dituzte.

Austriako Olinpiadetarako Txinakoetan sailkatu zineten, zuzenean. Austriako olinpiadetan, inorako sailkatu al zarete?

Bai, hurrengo Olinpiada Musikaletarako. Txinan jokatuko dira berriro, bi urte barru. Datorren urtean, hala ere, urrezko olinpikoak lortu dituztenen arteko lehiaketa jokatuko da Korean. Gaudeamusek ere parte hartu beharko luke lehiaketa horretan. Hala ere, ez dakit joaterik izango dugun, aurrekontuaren arabera. Izan ere, diru asko behar duzu halako lehiaketa batetara joateko; Koreara arte joanez gero, gainera, hamar egun behar dituzu, gutxienez.

Austriatik etorri berri zarete eta Alacantera zoazte.

Bai, Torreviejan jokatuko den habanera eta polifonia lehiaketan parte hartuko dugu, hilaren 24an [gaur]. 52 ume daramatzagu, infantilak eta jubenilak batuta.

Zein hebururekin parte hartuko du Gaudeamusek Torreviejako lehiaketan?

Helburua irabaztea izango da, zerbait irabaztea behintzat. Polifonia eta habanerak kantatu beharko ditugu. Hain zuzen, hiru habanera abestuko ditugu; horietako bat derrigorrezkoa dena, beraiek aukeratutakoa. Aurtengoa, gainera, izugarrizkoa da, potentea, eta birritan abestu beharko dute umeek. Beste biak ere antolatzaileek aukeratu dituzte, baina guk bidalitako lau habaneren artean. Polifonian ere, zenbait abesti bidali eta normalean errespetatu egiten dituzte.

Eta modalitate bakoitzean, zuek zeintzuk abestuko dituzue?

Polifonian, `La maquina de escribir´ eta `Oihu hau´ kantatuko ditugu. Eta habaneretan, derrigorrezkoa den `Dique de Levante´, `Que lindo atardecer´ eta `Habanera salada´.

 

gaudeamusi harrera egingo dio udalak



Gernika-Lumoko Udalak harrera egingo dio Gaudeamus abesbatzari. Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, oraindik ez dute horretarako data zehatzik, baina abuztuaren hasieran izango dela zehaztu dute; hain zuzen ere, abuztuaren lehenengo astean.

Austriako Graz herrian Olinpiada Musikalak jokatu dira uztailaren hasieran, eta lehiaketa horretan parte hartu du Gaudeamusek. Hiru kategoriatan parte hartu du, eta hiruretan domina eskuratu du abesbatzak. Infantil eta jubenil mailatan, hain zuzen, urrezko domina eskuratu dute. Eta musika erlijiosoaren atalean zilarrezko domina lortu du Gaudeamusek. Horrela, bi urte barru Txinan jokatuko diren Olinpiada Musikaletarako zuzenean sailkatu dira gernikarrak.

Gaur, ordea, Alacanteko (Herrialde Katalanak) Torrevieja herrian egingo den polifonia eta habaneren lehiaketan izango da Gaudeamus.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa