
Juan Telletxea marinel izandakoari omenaldia egin diote Akordan
Ibarrangelu
Bizilagun asko hurbildu ziren Matxitxakoko bataila gogorarazten duen eskultura ikustera.
MIREN KORTA
Ibarrangeluko Akordako auzotarrek omenaldia egin zioten domekan `Bou Nabarra´ ontziko marinel izandako Juan Telletxeari. Ekitaldian Telletxeak Matxitxakoko batailan bizi zuen esperientziaren grabazioa entzuteko aukera izan zuten auzoko plazara hurbildu zirenek. 91 urteko marinel ohia Astuariasen bizi da eta ez zen omenaldian izan «hanketan arazoak» dituelako, antolatzaileek azaldu zutenez. Arduradunek Domingo Zuloaga abadea gonbidatu zuten Gerra Zibilean borrokatu zirenen ordezkari gisa.
Eskulturaren inaugurazioa
Ekitaldia Akordako jaiak ixten zituen mezaren ostean hasi zen. Ehun bat ikusle hurbildu ziren bizirik dagoen `Bou Nabarra´ ontziko marinel bakarrari omenaldia egiteko. Ekitaldia Elena Solatxi artista durangarrak Telletxearen omenez egindako eskulturak hartzen duen lekuan egin zuten. Solatxik, eskulturaren erabilgarritasuna azpimarratu du behin eta berriro: «Nire asmoa eskulturak hiri-tresneri funtzioa izatea da». Izan ere, marmol arrosaz egindako bi piezek jesarleku itxura daukate. Bakoitzak ontzi inspirazioa ematen dioten brontzezko aplikeak ditu, irudiek `Bou Nabarra´ eta `Canarias´ ontzien arteko borroka itxuratzen dutelako.
Ekitaldia Juan Telletxeak Radio Euskadiri egindako adierazpenekin hasi zuten. Grabazioan akordarrak Matxitxakoko batailan eta espetxeratzean bizi zituen esperientzia gogorren berri eman zuen. Antolatzaileek, marinel ohiaren berbak entzutean, «gure historia ezagutaraztearen beharra» azpimarratu zuten.
Gerraren aurkako berbaldiak
Ibarrangeluko abade Domingo Zuloagak mikrofonoa hartu zuen ondoren, Gerra Zibilean borrokatu zirenen ordezkari lanetan. Abadeak «bakezale» gisa aurkeztu zuen bere burua eta gerraren aurkako berbaldi hunkigarria eman zuen, plazan bildutako lagunen txaloen artean. Zuloagak gogorarazi zuenez, «gazte askok bizitza galdu zuten bakea defendatzeagatik» Matxitxakoko batailan eta Gerra Zibilean, «guk ez genuelako gerrarik nahi».
Ondoren, eskulturaren inaugurazioari ekin zioten, Juan Telletxearen eta orokorrean `Bou Nabarra´ ontzian borrokatu ziren marinelen omenezko plaka erakutsiz. Dantzari batek ohorezko aurreskua egin zien, eta Ibarrangeluko Lorea dantza taldeak emanaldia eskaini zuen jarraian, Akordako jaiei amaiera emanez.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28
Hitzaldia
Etxebideri buruzko hitzaldia
BERMEO, Gizarte eta Kultura Etxean - 2008-12-04
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.