
Udala pozik dago Euskal Jaiaren lehenengo edizioak izan duen harreragaz
Kultura
Datorren urtera begira zer hobetu badagoela eta festa herrikoiagoa bultzatu behar dela dio Alberdik.
oihana cabello
Euskal Jaia egin zuten lehenengoz zapatuan Gernika-Lumon, eta izan duen harreragaz pozik azaldu dira udal ordezkariak. Jaietako zinegotzi Jesus Mari Alberdik esandakoaren arabera, «jendea ibili zen bai Pasealekuan zein San Juan Ibarra plazan». Euskal Jairako atera zituzten zapiak ere «ia denak» saldu zituztela adierazi du. «2.900 atera genituen eta 2.000 saldu ditugu».
Gauean Niko Etxartek, Erramun Martikorenak, Gora Knorr-ek eta Mikel Markezek eman zuten kantaldia ere aipatu du Alberdik: «Beronek ikusteko 1.000 lagun baino gehiago batu ziren Pasealekuan». Datu horiek adierazgarriak direla azaldu du. Dena den, hobetzeko asko dutela dio. «Datorren urtera begira argi dut jai herrikoiagoa eta parte-hartzaileagoa bultzatu behar dugula». Kaleko giroa eta herritarren parte-hartzea indartu gura du Jaietako zinegotziak. «Herritik datorren jaia izan behar da, eta jendearen parte-hartzea bultzatu behar da, ez bakarrik egun horretan bertan, baita antolatzerako orduan ere».
Aste kulturala egitearen aukera
Horrela, herritarren parte-hartzea beharrezkotzat jo du. «Aurten Barakaldotik eta beste hainbat herritik etorri da jendea Euskal Jaian parte hartzeko, eta bertoko asko hondartzara joan dira», kritikatu du Alberdik. Horrela, datorren urtera begira, besteak beste, bazkari herrikoia egitea ere aztertuko du Udalak. «Kalean bazkaltzeko aukerarik ez izateaz kexu izan dira zenbait herritar», Jaietako zinegotziaren esanetan.
Aste kulturala egitearen aukera ere aipatu du Alberdik, «eta astea Euskal Jaiarekin amaitu, zapatuan».
Lehenengo urtea izateko, «arrakastatsua»
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak ere jaiaren balorazio positiboa egin du. «Egia da jendea hondartzara joan dela egun horretan, uda txarra egiten ari dela eta, eguna probetxatzeko. Hala ere, Euskal Jaia egiten den lehenengo urtea izateko arrakasta izan du, nire ustez». Ia zapi denak saltzeak ere garrantzia duela uste du Gorroñok, eta zapatuko giroagaz jendea pozik dagoela esan du. «San Juan Ibarra plaza umeekin beteta egon zen, eta Pasealekuan ere jende asko ibili zen».
Hurrengo urtera begira, hala ere, gauzak hobetu daitezkeela uste du, «eta hobetu egingo ditugu. Nik balorazio ona egiten dut eta hurrengo urtean jende gehiagok parte hartuko duela uste dut».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.