Guggenheim museo berria Sukarrietan eraikiko dutela baieztatu du Ahaldunak
Kultura
Oraindik, dena den, lurren trukea edo permuta adostu beharko dute BBK-k eta Aldundiak, udalekuak Eara eroan nahi baitituzte, Aldundiaren jabetzako lursail batera.
maite orue-egoitz atxikallende
Amaitu dira zurrumurruak eta azkenean konfirmatu da. Asteon erdi agerian utzi legez, Guggenheim museoaren Urdaibaiko egoitza Sukarrietako lurretan egingo dute, BBK-k herri horretan dituen udalekuen lursailean. Hala esan zuten atzo goizean Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak eta Xabier de Irala BBK-ko presidenteak, Guggenheim museo berria Sukarrietako hondartzaren ondoan eraikiko dutela konfirmatuz.
Hortaz, urte batzuk barru Sukarrietako hondartzaren inguruko paisaia guztiz eraldatuko da. Oraindik, hala ere, ez dute zehaztu proiektua zein epetan burutuko duten. Gainera, museo berriaren kokapen hori behin betikoa izan dadin, BBK-k eta Aldundiak lurren permuta edo trukea onartu beharko dute lehenbizi, udalekuak Eara lekualdatu nahi baitituzte, Aldundiaren jabetzakoa den lursail batera, hain justu.
Irisgarritasun ona
Alde biek proiektuak aurrera egin dezan «borondate argia» dutela azpimarratu dute, eta beharrezko azterketak hainbat arinen egiteko konpromisoa hartu dute. Izan ere, Bilbaok esan duenez, museo berriaren proiektua estrategikoa da, «Urdaibairentzat ez ezik, EAE osoarentzat».
Kokapena baieztatzeaz gain, beste leku batzuk zergatik baztertu dituzten eman zuen jakitera Jose Luis Bilbaok. Gernika-Lumoko lursailean uholde arriskua egon daitekeela eta lurrak kontaminatuta daudela azaldu zuen. Gainera, inguruan hesi arkitektonikoak eta tren-pasabideak dauela aipatu zuen. Muruetako ontziola dagoen gunea ere albo batera utzi dute, museoa han eraikitzeko enpresa historikoa deslokalizatu beharko luketela argudiatuta.
Mundaka izan zitekeen balizko kokapen bat, baina hori ere baztertu dute, nekazal-erabilera baitauka aztertutako lursailak eta, ondorioz, bertan ezin daitekeelako eraiki. Bilbaoren arabera, aukera- tutakoa «kokapen ideala» da, «ingurumen ikuspuntutik zein hirigintzakotik».
Azaldu zuenez, udalekuen lursailak 80.000 metro koadro ditu eta ez du hirigintza-arazorik ekarriko, aisialdirako gune eta espazio kultural legez kalifikatuta baitago. Irisgarritasun ona daukala ere gogorarazi zuen Ahaldunak, tren eta Bizkaibus geltokiak hurbil dituela eta aparkaleku handia daukala agertuz. Era berean, eskualderako aurreikusi dituzten azpiegiturak ere ekarri zituen gogora, Sollubeko eta Autzagako tunelak, hain zuzen ere.
Biosfera Erreserbari eragin diezaioketen kalterik existitzen ez dela gaineratu zuen Bilbaok. «Badago dagoeneko eraikin bat gune horretan eta, beraz, ondorengo jarduera batek ez du ingurumena kaltetuko». Horren harira, Guggenheim berria udalekuen eraikina baino txikiagoa izango dela argitu zuen. «Ez da inolaz ere Biosfera Erreserba erasotuko».
«Aztertutako proiektua»
Urdaibaiko Guggenheim museoaren xehetasunei dagokienez, «oraindik pauso asko emateko» daudela, baina «behar bazala aztertutako proiektua» dela esan zuen Bilbaok. «Gainera, etengabeko gainbehera ekonomikoa bizitzen ari den eskualdearen aktibitatea sustatuko du», bere iritziz.
Museoaren diseinua irailean martxan jarriko duten nazioarteko lehiaketa publiko baten bitartez erabakiko dute, mundu mailako arkitektoek euren ideiak bertan proposatu ditzaten. Ekarpen horien araberakoa izango da, Bilbaoren arabera, proiektuaren garapena.
Edukinaren gainean ere mintzatu zen Ahaldun Nagusia. «Hainbat ideia ari gara aztertzen, baina nortasun propioa duen proiektua dela esan genezake. Horrela, artea eta natura uztartuko dituen egitasmoa dela eta gaur egungo zein XX. mendeko obrak bilduko dituela esan zuen. Gauzak horrela, laster New Yorkera (AEB) joango direla agertu zuen Bilbaok, Solomon Guggenheim Fundazioari proiektua «behar bezala azaltzera».
Diseinua irailean martxan jarriko duten nazioarteko lehiaketa publiko baten bitartez
Udalekuen lursailak 80.000 metro koadro ditu eta ez du hirigintza-arazorik ekarriko
erreakzioak
Xabier Legarreta (EAJ). Guggenheim museoa Sukarrietan jarriko dutela-eta «oso pozik» azaldu da Bermeoko alkatea. «Eskualderako proiektu garrantzitsua» izateaz gain, «Bermeoko herriari ere» onura egingo diola deritzo. Horren harira, «zerbitzuen sektorearekin lan garrantzitsua» egin behar dutela agertu du, «batez ere, ostalaritza munduarekin», «kalitatezko zerbitzua» eskaini behar dutela deritzolako. Dena dela, «guzti hori lantzeko denbora» badutela esan du. Finean, eskualderako «apustu garrantzitsua» dela dio.
Jose Mari Gorroño (EA). Gernika-Lumoko alkateak orain hiru aste proposatu zuen Gernika-Lumo museo berria kokatzeko. Bere ustez, geografikoki ondo kokatuta dago herria eta, gainera, sinbologia handia dauka. Bonbardaketan zutik geratu zen arma lantegia leku aproposa litzateke bere ustez eta kokapen hori gustatuko litzaiokela esan du. Hala ere, erabakia «errespetatzen» duela dio.
Pedro Mari Sainz (EAJ). Horrelako enpresak (Guggenheim), kutsatzen ez dutenak, dira Urdaibain bultzatu beharrekoak Sukarrietako alkatearen arabera. «Eskualdeko ikurra izan daitekeen enpresa bat da. Mesede asko egingo dio erreserbari», bere esanetan. «Baikor ikusten dut eta ilusio handiarekin. Ez dut uste horrenbeste jende ekarriko duenik, hemengoa Bilbokoa baino bost aldiz txikiagoa izango dela esan dutelako. Baina, beste era bateko turismoa izango dela uste dut, maila ekonomiko altuagoko turismoa» . Herria biziberritzeko proiektu ona dela uste du Pedro Mari Sainzek: «Eskualdea neguan hilda gelditzen da; beraz, gorakada nagusia neguan somatuko genuke».
Ignacio Aldekoa (PP). Popularraren iritziz, Guggenheim berriaren proiektuak «espekulazio urbanistikoa» ekar dezake. Horrez gain, Batzar Orokorrak jakinaren gainean jarri ez izana aurpegiratu dio Ignacio Aldekoak Ahaldun Nagusiari.
Ezker Batua-Berdeak. PPren hari beretik, EBk Jose Luis Bilbaok Batzar Orokorretan agerraldia egin dezala eskatu du. EBk, gainera, «zalantzak» agertu ditu udalekuak Ean kokatzeari dagokionez, bere ustez gaur egun eskaintzen duen zerbitzu sozialagaz zerikusirik ez duten instalazioak eraiki baititzake banketxeak.
Iosu Murgia (Aralar). Murgiak eztabaida komunikabideen bitartez sortu izana kritikatu du. Haren ustez, Batzar Orokorretan gaiaren inguruan mintzatzea saihesten ari direla dirudi.
Kalifikazioari dagokionez, oraindik aldaketa asko egin beharko direla dio Madarietak
Otegi baserri bat izan zenbere garaian eta Alluko tontorrean dago, Earen gaine-gainean
Madarieta: «Herriarentzako ona izango da udalekuak ekartzea»
Lurren trukeak aurrera eginez gero, Otegin eraikiko ditu BBK-k udaleku berriak, Ea herriko lurretan
m. orue-E. atxikallende
Udalekuak Eara lekualdatzeko aukera BBK-ko presidenteak proiektua «zentzuzko denbora tartean» aztertzeko konpromisoa hartu du eta, esan duenez, Sukarrietan garatzen diren jarduerak ez etetea dute helburu. Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiaren plan horietan parte-hartze zuzena izatearen aukera ere eskertu du. Eako alkate Asier Madarietak, bere aldetik, begi onez ikusi du udalekuak bere herrira eroatearena. Bere esanetan, «guretzako ona dela pentsatzen dugu, herriarentzako gauza oso ona».
Duela 80 urtetik Sukarrietako udalekuak eskaintzen duen zerbitzua mantentzeko konpromisoa ere agertu du De Iralak. Bere hitzetan, «Europa osorako erreferente izan daitekeen zentro moderno eta berritzailea zerotik egiteko aukera da». Aldundia, gainera, horiek eraikitzeko lanetan laguntzeko prest agertu da.
Akordio batera helduz gero, Aldundiak Ean, Otegin, duen lursail batean eraikiko dituzte udalekuak. Ia 200.000 metro koadroko lursaila da, gaur egun Sukarrietako udalekuek hartzen duten eremua baino apur bat handiagoa, eta 1990an eskuratu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak.
Asier Madarietak dioenez, uda ostean has daitezke udalekuen proiektua definitzen BBKrekin batera. «Pozik gaude herriarentzako gauza ona dela pentsatzen dugulako . Batetik, itxita egon dan leku bat martxan ipiniko dutelako eta, bestetik, horrek sortzen dituen onurak eta aberastasuna herriarentzako direlako».
Alluko tontorrean
Otegi baserri bat izan zen bere garaian, eta Alluko tontorrean dago, Earen gaine-gainean. Hain justu, Ea inguratzen duen mendietako bat da. «Bere egunean baserria zena duela 30-35 urte Olarra industrialak erosi zuen eta behi-etxalde erara antolatu zuen. Urte batzutan ustiatu zuen eta duela 20 bat urte Aldundiak hartu zuen Olarrak ogasunarekin zuen zor baten ordain bezala».
Eako alkatearen arabera, hasiera batean ingurumenarekin zerikusia zuen hezkuntzako proiektu bat egitekoak ziren bertan, baina, azkenean, ez zuten proiektua aurrera eraman.
Lursailaren kalifikazioari dagokionez, oraindik aldaketa asko egin beharko direla dio Madarietak. «Oraindik lan asko dago, proiektua definitzen eta urbanistikoki. Definituta dutenean proiektu urbanistikoa aurkeztu beharko du eta gero ikusiko dugu».
Otegi lekura iristeko pista bi daude, baina ez daude guztiz asfaltatuta. Hortaz, ingurua egokitzen ere lan handia dago oraindik egiteko. «Aukera handiak dituen tokia da Otegi. Oinezkoentzako bidea du eta herritik hamabost minutura dago.
Asier Madarietak dioenez, «lekua oso polita da baina lan asko egin behar da behar bezala uzteko. Orain lanean hasi beharko dugu denok».
Iritziak
Espekuladoreak kanpora. «Orain ulertzen dot Busturiko aurreko PNVko gobernu taldeak arau subsidiario berrietarako, inguru horretan aurreikusten zituen luxuzko hotel eta golf zelaien zergatia. Hauek bazekiten zerbait. Hauek beti diruaren usainaren atzetik, zikin halakoak. Atera ditzatela beraien esku zikinak gure lurretatik. Urdaibaien Guggenheimik EZ! Urdaibaien espekulaziorik EZ! Urdaibaien trapitxeo eta negozio zikiñik EZ!».
Izenik gabe. «Eta Aztin lujoko hotela. PARTIDO NEGOCIO VASCO».
Izenik gabe. «Hau dana `globo sonda´ bat da. Guggenheim Urdaibai, Muruetako Astillerutan joango da».
Gari. «Sukarrietan neguen eztau bizirik, ez lanik, ez ezebez... Herrije bizitxuteko ona izango dala uste dot, hori bai, ia zeozer polita eta egokia egiten daben. Danon onerako, eta ez gitxi batzuentzako soilik».
Izenik gabe. «Gari, Zugaz nau».
Izenik gabe. «PNV / BBK mafiosoak».
Dabid Martinez Perez. «Zertarako ez al duzue nahiko Bermeoko portuan iateak jartzearekin? Igual gure etxetik bota behar diguzue bertan... Ez dakit, Max Center berria egiteko. Ama lurra defenda dezagun!».
Izenik gabe. «Hurrengoa, Aztin luxozko hotela egitea izango da».
Izenik gabe. «Hemen kontaminatu bakarrak, JL.Bilbao,PNV eta BBK dira».
Izenik gabe. «Museo berria lanpostuak sortzeko dela esaten dute baina era berean apurtu ere egingo ditu edo behintzat skualdetik atera. Non jarriko du ba BBKk udaleku berria?».
Izenik gabe. «Eskualde honetako ia herritar guztiok pasatu gara gure gaztaroan Sukarrietatako udalekuetatik eta lekua zoragarria da. Uste dot gune hori gure gazteek disfrutatzeko izan behar duela. Edo garratzitsuagoak dira kanpotik etorritako turistak pozik edukitzea?Nire ustez Sukarrieta euskal herriko gazteen gozamenerako izan behar du. Turistentzat ona dena guretzat ere ona da».
Izenik gabe. Zer izango da Sukarrieta orain dala 80 urtetik hona dauzen udalekuek barik? Bueno bai... turistentzako leku elegantie hori bai! jendearen iritziak kontuan izan barik erabaki dabe besterik barik, Gure Eugen txiki bat Urdaibai erdian ipintzea. Edo akaso Sukarrietako herritarrei galdetu deutsie zer nahiaga duten hor udalekuak ala Gure Eugena? Horrelako museo batek Biosfera Erreserba barruan kutsadura baino ez dau suposatuko...baina bai jendea erakarri ezta? hori da gura dutena!