
Gotzon garay eta Josu urkidi ð- Eureka Hot IV-ko kideak
«Talde bat esklusiban ekartzeak enfokea aldatu dio jaialdiari»
Kultura
Bihar Aritzatxu Rock jaialdia egingo dute 19:00etatik aurrera, Pergolan. Hamar talde ariko dira, tartean, Eureka Hot IV bermeotarra.
natalia salazar
Gotzon Garayk (bateria eta ahotsa), Josu Urkidik (saxofoia eta ahotsa), Zalakain Garcia Romok (baxua) eta Sergio Llanosek (kitarra eta ahotsa) osatzen dute Eureka Hot IV taldea. Maketa bat du kalean taldeak eta lehen diskoaren proiektuan burubelarri murgilduta daude. Ez dute diskoari buruz ezer aurreratu nahi izan, iragan asteburuan hasi ziren grabatzen eta oraingoz ezer zehaztuta ez dutela diotelako. Bihar Aritzatxu Rock Jaialdian izango dira Euskal Herriko, Espainiar Estatuko eta Alemaniako beste bederatzi talderekin batera.
Zuen musika estilo desberdinen nahastea da, sowl-a, funk-a... Zelan finkatu zenuten taldearen estiloa eta zelan definitzen duzue zuek zuen burua?
Gotzon Garay: Estiloa definitzeko orduan indar handia dauka norberak entzuten duen musikak. Zure gustuko musikak islada dauka gero zuk egiten dituzun lanetan. Gure gustuen nahastea da.
Josu Urkidi: Duela gutxi aritu ginen Gotzon eta biok eztabaidatzen talde bat sortzerakoan estiloa nola zehazten den. Asmatzen aritu ginen. Guk gustatzen zaiguna jotzen dugu, baina ez dakigu klasifikatzen. Estilo desberdinak gustatzen zaizkigu; musika beltz amerikarra hartzen dugu abiapuntu eta gero ea zer ateratzen den.
Zuetako batzuk talde ospetsuetatik zatozte. Zelan elkartu zineten hasierako Eureka Hot III hura sortzeko?
Garay: Bermeoko lokaletan elkartzen ginen. Sergiok gure ondoko lokalean jotzen zuen beste talde batetan, eta eurek taldea utzi zutenean elkartzea pentsatu genuen. Josu bera ere beste lokal batetik ezagutzen genuen.
Nola joan da Eureka Hot III izatetik Eureka Hot IV-ra igarotzeko esperientzia?
Garay: Oso ondo. Orain indar gehiago dauka gure musikak, baxuak beste kutsu bat ematen dio.
Urkidi: Lau izateak gauza gehiago egiteko aukera ematen dizu, hiru kide izanda, taldea eta musika beste modu batean enfokatzen dituzu. Lau lagun izateak konfiantza handiagoa ematen dizu eta zuzenean indar handia ematen du.
Diskoa noizko?
Urkidi: Oraingoz sei abesti dituen maketa bat daukagu guk geuk lokalean grabatutakoa. Orain bigarrena grabatzen ari gara; hamabi abestiz osatutako disko bat izango da eta burubelarri ari gara lanean.
Ez duzue datarik zehaztu, ezta?
Urkidi: Iragan asteburuan hasi ginen grabatzen. Haurdunaldi baten modukoa da, behin ernaldu ondoren, bederatzi hilabete itxaron behar dituzu CDa kalean ikusi arte.
Garay: Hasi, hasi gara, baina ez dakigu noizko izango dugun prest.
Zein disketxerekin aterako duzue?
Garay: Ez, ez daukagu disketxerik.
Urkidi: Guk geuk aterako dugu diskoa.
Bertsioak ere egingo dituzue?
garay: Bai, bateren bat egongo da, horrela beti akordatzen baikara nondik joan nahi dugun edo norantz enfokatzen dugun gure musika.
Euskaldunak izanik, ingelesez abesten duzue. Zergatik, beste barik gehiago gustatzen zaizuelako edo euskarazko merkatua mugatuagoa dela uste duzuelako?
Urkidi: Sergio da gure erreferentzia, berak elkartu gintuen ia guztiok eta berak hartu zuen, bereziki, erabakia. Denok abesten dugu, baina bera da ahots nagusia. Berak gustura ikusten du bere burua ingelesez abesten jende gehiagorengana irits daitekeela deritzolako. Letrak ez dira erreibindikatiboak edo sakonak. Gure maketako abestietan autoarekin oso azkar joateari buruz, etxeko zure logelan izan ditzakezun sentsazioei buruz hitz egiten dugu, besteak beste.
Bihar Arritzatxu Rock jaialdia egingo da eta zuek ere han izango zarete. Zer aldatu da jaialdi hau egiten hasi zenetik gaur egunera?
Urkidi: Urte guztietan egoten gara bai, nire etxetik gertu egiten da eta beti joaten gara. Hainbat urte daramatza martxan jaialdiak. Lehen bertoko taldeek baino ez zuten jotzen eta orain ekitaldia antolatzen duten taldeek beste enfoke bat eman diote, nire ustez, oso ona. Talde bat ekartzen dute esklusiban, jaialdirako propio etortzen da talde hori. Jende asko erakartzen du horrek eta kontzertua berezia izaten da. Horrez gain, hasieran bezala, herriko talderen batek beti jotzen du.
Aurten, besteak beste, Berlinetik (Alemania) Jingo de Lunch talde ospetsua dator. Zer suposatzen du zuentzat horrelako talde batek joko duen eszenatoki berean aritzeak?
Urkidi: Kontzertuan jende gehiago egotea. Gaur egun disko gutxi saltzen dira, Interneten MySpace bat daukagu eta hortik jende askorengana hel zaitezke, baina talde horiek jende asko erakartzen dute eta hori onuragarria da guretzat, gure musika ere zabaldu dadin. Bestalde, zer transmititzen dizuten ere ikustea ondo dago, euren parean jar gaitezkeen...Ingelesez ez gara ondo komunikatzen, ni, behintzat, ez, baina, beste talde batzuetako kideak ezagutzea ere oso interesgarria iruditzen zaigu. Talde hori ikustera datozenek geu ere ikus gaitzakete.
Zer espero duzue biharko jaialditik, zein giro espero duzue bertan?
Urkidi: Nahiz eta eguraldia lagun izan ez, euria bada ere, topera ariko gara eta jende asko etorriko dela espero dugu. Karpa bat ere izango da. Beraz, euria egin zein egun eguzkitsua atera, jendea egongo da.
Josu Urkidi
Eureka Hot IVko saxofoia
gotzon garay
Eureka Hot IVko bateria
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28
Musika
Mikel Markezen kontzertua
BERMEO, Kafe Antzokian - 2008-12-03
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.