
Arrantza sektoreko mahaia eta plan estrategikoa eskatu ditu LABek
Ekonomia
Sektoreko mahaiaren oinarriak ere zehaztu ditu eta flotaren berregituraketaren aurka agertu da sindikatua.
natalia salazar
Arrantza sektoreak bizi duen egoera ikusita, LAB sindikatuak sektoreko mahaia eta plan estrategiko bat eratzeko aldarrikapena egin zuen atzo goizean, Bilboko egoitzan emandako prentsaurrekoan.
Sindikatu abertzaleak, gainera, sektoreko mahaiaren oinarriak zeintzuk izan beharko liratekeen ere zehaztu zuen. Alde batetik, «harrapaketa eta deskarga egokiak» egiteko «gestio arduratsu eta iraunkorra» eskatu zituen «itsaso ingurua ez hondatzeko». Horren harira, «errolda eta lizentzien kudeaketa publikoa» exijitu zituen.
Bestalde, «laguntza menpekotasunean oinarrituko ez den politika» baten alde ere agertu zen LAB. Horren harira, «etekinak arrantzaleen eskuetara» itzuli behar direla agertu zuen. Haren esanetan, «kofradiak izan behar dira arraina merkaturatuko duten enpresak».
«Baldintza duinen» alde
Horrez gain, arrantza sektoreko langileen «baldintza duinen» alde azaldu zen eta sektore horretako «atal guztietako langileen belaunaldi erreleboa bermatu» behar dela aldarrikatu zuen.
Lan ardatz horiek, «proposatu beharreko neurri zehatzekin batera», mahaian «eragile guztien artean» landu beharko direla agertu zuen. Horren harira, plan estrategiko horrek «Euskal Herri osoko ikuspegia kontuan hartu» behar duela agertu zuten LABetik.
«Kontrolik gabeko arrantza»
Arrantzaren sektoreak egun bizi duen egoerara iristeko arrazoiak bere ustez zeintzuk diren ere azaldu zuen sindikatuak. Batetik, «kontrolik gabeko arrantza» egin dela salatu zuen. Euskal Herriak «arrantza politika propioa ez» duela eta beti «Madrilgo, Parisko eta Gasteizeko administrazioek burutu duten politika eskasaren menpe» egon dela kritikatu zuen, beste alde batetik.
Berregituraketaren aurka
Horrez gain, Europako Arrantza komisarioaren berbak ere salatu ditu LABek. Hark «gasolioaren igoerak, arrainaren prezioak eta antxoa harrapatzeko debekuak» arrantzaleengan izan duen eraginari aurre egiteko «Europako flota ezinbestez berregituratu» egin behar dela esan zuen.
Sindikatuaren arabera, «azken 20 urteotan Euskal Herriko flotaren %70 berregituratu da, batere etekinik gabe». Haren esanetan, denbora guzti horretan, «`petatxuak´ jarri besterik ez dute egin, etorkizuneko politikarik egin barik».
Horren adibide gisa, Europar Batasunak arrantza enpresa bakoitzari «100.000 euroko diru- aguntzak» ematea onartu duela agertu zuen, orain arte «30.000» zirela azalduta. Salatu zutenez, «`petatxuak´ jartzeko politika horrek ez du lanposturik sortzen, ez ditu lan baldintzak hobetzen, ez du arrantza sektorearen biziraupena bermatzen eta, are gutxiago, belaunaldi erreleboa bultzatzen».
Bestalde, «lehentasuna» armadoreen «etekin ekonomikoei» eman izan zaiela salatu zuten. Arrantzak sortutako «diru guztia», gainera, «merkaturatze desegokioaren ondorioz», arrantzaleen eskuetara «bueltatu ez» dela agertu zuten, «etekinak beste batzuen poltsikoetara» iritsi direla esanez.
«Flota, beheraka»
«Lotsagarria» iruditu zaio sindikatuari, besteak beste, «arrantza arloko zenbait elkarte eta armadore negarrez» ibiltzea eta «azkenak ematen ari direla eta itsasontziak desegiteko laguntzak behar» dituztela esatea. Euskal Herriko flotak «azken urteotan itsasontzien %70» galdu dituela esan zuen, garai batean «10.000 arrantzale» zeudela, «1986an 8.000», eta, «egun 2.000 besterik ez» daudela.
Arazoon aurrean, «arrantzaren alde borrokatzeko» deia luzatu zuen LABek.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28
Musika
Mikel Markezen kontzertua
BERMEO, Kafe Antzokian - 2008-12-03
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.