
Agirik Katillotxu V dolmena dekoratuta aurkitu du
Mundaka
Eguzkiaren lehenengo izpiekin nabaritzen den hezi baten punta grabatuta aurkitu dute ehorztetxe-ganberan.
olaia zabalondo
Busturialdeko Agiri arkeologia elkarteak Mundakako Katillotxu mendiko dolmen bat (Katillotxu V) dekoratuta aurkitu du. Euskal Herrian zein Asturiasetik Kataluniara arteko inguruan dekoratuta aurkitu duten lehenengo dolmena izan da.
Juan Carlos Lopez Quintana Agiri elkarteko kidearen esanetan, «Katillotxu Europako megalitismoaren erreferente izango da hemendik hogei urtera». Horretarako lanean dabiltza Agiri elkartekoak. Urdaibain bederatzi dolmen daude eta horiek «kontserbatu eta zaindu» nahi dituzte. Quintanaren esanetan, «inguruan dolmen gehiago izan zirela ziur gaude, baina gaur egun dagoen baso-ustiapen erasotzailearen eraginez asko desagertu egin dira».
Kontserbazio «ezin hobea»
Katillotxu V dolmena hamabi metroko diametroa duen monumentu megalitikoa da. Bertan ehorztzetxe-ganbera bat aurkitu dute, Historiaurrean apurtua, baina Quintanak adierazi duenaren arabera, kontserbazio «ezin hobean» dago. Ehorztetxe-ganberaren ingurua harez beteta zegoen eta harriz estalita.
Ehorztetxe-ganberan ez dute gizakien arrastorik aurkitu, lurrak duen azidotasunagatik. «Beraz, objektuak edo harrizko tresnak berreskuratzen ditugu», dio Quintanak. Horiek bai aurkitu dituzte dolmen horretan ere. Izan ere, silexko aizto bat zegoen ehorztetxe-ganberaren barruan.
Bestalde, berritasunik nabarmenena ganberan aurkitu dituzten dekoratuak dira. Kantauriar isurialdean aurkitu diren lehen dekoratuak izan dira. Errepresentaziorik argiena eta «garrantzitsuena», Agiri elkartearen esanetan, hezi baten punta izan da: `Palmela´ kobrezko punten errepresentazio grabatua. Eguzkiaren lehen izpiekin nabaritzen da gehien bat.
Arkeologo taldearentzat garrantzitsua izan da baita ere ganbera barrura doan giza itxurako estela. Garai hartan ipinitako moduan geratu da gaur egunera arte, posizio bertikalean. Azkenik, monumentu kanpoaldean giza itxurako estela txikiak aurkitu dituzte. Horiek oraindik aztertzen ari direla esan du Quintanak.
Hitzaldia Mundakan
Agiri arkeologia elkarteak Katillotxuko dolmenean aurkitutakoaren aurkezpena egingo du abuztuaren 13an Mundakako Kultura Etxean, 19:00etan.
Bestalde, 2009rako bisita gidatuak antolatuko dituzte orain arte ikertutako dolmenetara. Proiektuak garai hartako paisaia birsortu nahi du, garai hartako gizon-emakumeen bizimodua erakutsi eta horiek ustiatzen zituzten baliabideak ezagutzera eman nahi dituzte, panel informatibien bidez.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.