
Sukarrietako udalekuak Eara eroatea ari da aztertzen Bizkaiko Foru Aldundia
Kultura
Ezker Batuak, bere aldetik, zalantzak agertu ditu udalekuak Eako lurretan kokatzeari dagokionez.
oihana cabello
Guggenheim museo berria gaur egun Sukarrietako udalekuak dauden tokian egin gura dituela jakinarazi zuen herenegun Bizkaiko Foru Aldundiak. Era berean, udaleku horiek Ean ezartzea ari da aztertzen. Hala adierazi dio Ahaldun Nagusi Jose Luis Bilbaok Eako alkate Asier Madarietari. «Horren berri emateko deitu zidan», adierazi du alkateak.
Erabakia behin betikoa ez bada ere, «nahiko ziurra» dela esan du Madarietak. «Dena den, oraindik ezin daiteke ezer konfirmatu eta esan didatenagatik bihar [gaur] emango dute prentsaurrekoa. Hala ere, Eak horretarako aukerak badituela uste dut».
Udalekuak Ean eginez gero, non kokatu gura dituzten ez daki Madarietak. Baina Ea beroriek kokatzeko leku aproposa dela uste du. «Oso ondo irudituko litzaidake, gauza handia litzateke herriarentzat. Aukera polita da eta itxaropentsu eta gogoz gaude ea bihar [gaur] zer esango duten».
Eztabaida sozialaren beharra
Ezker Batua-Berdeak-en Bizkaiko Batzar Orokorretako bozeramale Jose Ferrerak, aldiz, «zalantzak» agertu ditu udalekuak Ean kokatzeari dagokionez. «Gaur egun eskaintzen duen zerbitzu sozialagaz zerikusirik ez duten instalazioak eraiki ditzake banketxeak».
Guggenheim museoaren egoitza Sukarrietan eraikitzeari dagokionez ere zalantzak agertu ditu. Herria «Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean kokatuta dagoela» esan du Ferrerak. Beraz, «baliteke halako azpiegitura bat eraikitzeko leku egokiena ez izatea». Izan ere, obra minimizatu arren, EBk uste du eragina izango duela ingurumenaren gainean; bai eraikitze lanetan beharko diren kamioiengatik zein bisitarien autoengatik.
Bestalde, Aldundiak BBKri lurrak erosteari ez dio ondo irizten, «batez ere, inguruko herrietan lursail publikoak eskaintzen ari direnean». Aldundiak «batere gardena ez den kudeaketa egiten ari delaren itxura» eman dezake.
Beraz, Ahaldun Nagusiak Batzar Orokorretan azalpenak eman ditzan eskatuko du EBk, eta Urdaibain eztabaida soziala abiarazteko beharra azpimarratu zuen.
Mundakako alkate Unai Rementeriak, aldiz, pozik hartu du guggenheim Sukarrietan egitearen albistea, eta eskualdearen ekonomiari lagunduko diola uste du.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28
Musika
Mikel Markezen kontzertua
BERMEO, Kafe Antzokian - 2008-12-03
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.