
«Laguntzak onartu arren Gobernuak ematen ez baditu, alferrik da»
Ekonomia
Iñaki Zabaleta ezkor azaldu da Europak erregaien prezioei aurre egiteko onartu dituen laguntzen aurrean.
natalia salazar
Europar Batasuneko (EB) Arrantza ministroek premiazko neurri batzuk onartu dituzte arrantzaleek erregaiaren prezioen igoerari aurre egin ahal izateko.
Iñaki Zabaleta Bizkaiko Kofradietako presidentea, ordea, ezkor azaldu da; izan ere, haren esanetan, «Bruselak laguntzak baimentzen dituela esan arren Estatuek ez badituzte aplikatzen, alferrik da». Agertu duenez, «Europak baimena ematen die Gobernuei laguntzak emateko baina Gobernu bakoitzak egin behar die aurre horiei».
Europar Batzordeak egindako proposamen bati buruz adostasuna lortu du Nekazaritza Kontseiluak. «Aldaketa txikiak» egin dizkiote, hala ere. Neurriok EBko ministroen Kontseiluak berretsi ondoren sartuko dira indarrean.
Bizkaiko Kofradietako presidentearen arabera, Europak «hartutako akordioak zein bidetik doazen ikusi beharko da. Arrantzarako fondo gehiago eskatu du Bruselak, antza denez. Baina oraingoan ere laguntzak emateko baimena ematea besterik ez badute egiten eta Estatuek ordaindu behar badute, ez da konponbiderik izango».
Ez daki zelan bideratuko diren
Zabaletak ez zuen batere argi onartutako neurriak nola bideratuko dituzten. Haren esanetan, «600.000 euroko laguntzen proposamena egia bilakatzen bada, onartzen bada, ikusi egin beharko da. Baina gauzak orain dauden bezala, besterik ezean, ez digute ezertan lagunduko»....
`Minimis´ neurriak
Eztabaida hori `minimis´ neurria delakoa handitzeko aprobetxa zezaketela agertu du Zabaletak. Estatu kide batek enpresa bati ematen dizkion laguntzen berri eman behar ez izatea dakar neurri horrek. Laguntzok, ordea, ezin dute oso handiak izan. Neurrioi dagokienez, «handitzeko modua» izan dutela deritzo Zabaletak. Arrantza Ministerioarekin egin zuten azken bileran «dirurik ez» zutela esan zietela azaldu du.
Petrolioaren prezioak arintzeko laguntzarik ezin dutela eman agertu du Zabaletak. Hala ere, «arrantzan beste bide batzuk» badaudela gehitu du. Esaterako, zenbait tokitan «aldi baterako geldialdiak» edo «geldialdi biologikoak» egiten dituztenean arrantzaleek laguntzak jasotzen dituztela agertu du, «guk ez daukagu laguntzarik», gaineratuta. «Guk neguan geldialdiak egiten ditugu, baina ez digute diru laguntzarik ematen», baieztatu du.
Laguntzak emateko beste bide batzuk
Bizkaiko Kofradietako presidenteak salatu duenez, «neurriok gugan ez dute eraginik izango planteatu diren bideetatik, baina badago beste bide batzuetatik konpontzeko modua». `Minimis´ neurriei egin die aipamen.
Ezkor azaldu da Zabaleta´. Haren esanetan, «gauza bat argi dago: hil eta gero ez dago zer eginik. Orain dago flota gaizki eta arraina merke. Laguntzak berandu badatoz», zer eginik ez dela egongo agertu du.
Horrez gain, arrantzaleen egoera txarra dela onartu badu ere, «armadoreak txarrago» daudela esan du: «Gastu guztiak eurentzat dira, izan behar den moduan, baina arrantzaleak ez dira petrolioa ordaindu behar dutenak». Gehitu duenez, «arrantzaleak badu bere partea, arraina merke saltzen bada, beregan ere badu eragina».
Bestalde, inportazioko arrainak kalte handia egiten dietela deritzo.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.