
BBKren udalekuak dauden lursailean egin gura du Aldundiak Guggenheim
Kultura
BBK-k oraindik ez du erantzunik eman, baina Aldundiak hor eraiki gura duela esan du Sukarrietako alkateak.
oihana cabello
«Dagoeneko publiko egin daiteke Guggenheim museoaren egoitza berria Sukarrietan eraikiko dutela. Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak deitu dit gaur bertan Bilbao Bizkaia Kutxaren (BBK) udalekuetan egingo dutela esateko». Hala adierazi du Sukarrietako alkate Pedro Mari Sainzek. Horren berri atzo bertan izan zuela aipatu du alkateak, «orain arte ez dut ezer jakin».
BBK-k Bizkaiko Foru Aldundiak egin dion proposamena onartu beharko duen arren, Sainzek argi du museo berria Sukarrietako eta Busturiko lurrak hartzen dituen udaleku horietan egingo dutela. «Zehatz esanda, hor eraikiko dute, ez beste inon», gaineratu du Sainzek. Baina Ahaldun Nagusiak esan dioenez, proiektua oraindik «heldugabe» dago.
Dena den, lekua «aproposa» dela uste du Sukarrietako alkateak, «ez baitio erreserbari kalterik egingo. Hor badago eraikin bat, eta ez dut uste Urdaibaiko legeekin arazorik egongo denik».
Informaziorik ez
Rodolfo Lartitegi Busturiko alkateak, bestalde, Aldundiarengandik informaziorik ez duela izan esan du. «Ofizialki ez dut informaziorik izan, irakurri dudana besterik ez. Sukarrietako alkatearekin hitz egin dut eta berak esan dit Guggenheim udalekuak dauden lur eremuan eraikiko dutela».
Ona «inguruko herri guztientzat»
Museoa leku horretan egiteari «oso ondo» irizten diola esan du Sukarrietako alkateak. «Hondartzan aparkaleku handia dago, trenaren geltokia ere hor bertan dago, komunikazioak onak dira».
Hala ere, Sukarrietarentzat bakarrik ez, «inguruko herri guztientzat da ona». Sukarrieta «txikia» dela dio Sainzek eta, batez ere, eskualdearentzat izango dela onuragarria. «Hotelei dagokienez, handiak egitekotan Gernikan edo Bermeon egin beharko dituzte. Gure herrietan ezin da horrelakorik eraiki eta 12-15 logelakoak eraiki beharko lirateke, egitekotan».
Busturiko alkateak, bestalde, «proiektuaren berririk oraindik ez» duela baina «natura errespetatuz» egin beharko litzatekeela uste du.
Proposamena «interes handiz» aztertuko du BBK-k
Atzo goizean jakinarazi zuen Foru Aldundiak Guggenheim berria «Busturia eta Sukarrieta artean» egin gura dutela, «Urdaibaiko zenbait balizko kokagune aztertu ondoren». Hain zuzen, BBKren jabegoa diren lur batzuk aipatu zituen Aldundiak, eta interes horren berri eman zion kutxari.
Aldundiak prentsa ohar bidez esandakoaren arabera, «bi aldeek eskualdea indartzeko eta biziberritzeko duten interesa kontuan hartuta, proiektuak aurrera egingo duela espero dugu».
Bilbao Bizkaia Kutxak, bere aldetik, proposamena «interes handiz» aztertuko duela erantzun du, eta «gaur egun Sukarrietan garatzen diren udalekuen jarduera eta etorkizuna bermatzeko konpromisoa kontuan izango» duela .
Datozen egunetan agertuko ditu Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak egoitza berriaren gaineko xehetasunak. Horrez gain, proiektua aurrera ateratzeko Aldundiak jarraituko dituen pausoak aztertuko dituztela ere jakinarazi dute.
datua
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.