
PPk EAEko zuzendaritza berria aurkeztu du jendaurrean, Gametxo auzoan
Politika
Ibarretxek abiatutako galdeketa izan zuen hizpide Antonio Basagoiti EAEko PPren prensidente berriak.
m. orue
Joan den asteburuan alderdiko konpromisarioek hautatutako zuzendaritza taldea aurkeztu zuen atzo EAEko PPk, Ibarrangeluko Gametxo auzoan. Han egin zuten lehenengo bilera Iñaki Oiarzabalek, Arantza Quirogak, Leopoldo Barredak, Laura Garridok, Juana Iturmendik, Esther Martinezek eta Juana Bengoetxeak, Antonio Basagoiti buru zutela.
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak abiatutako galdeketa izan zuen hizpide EAEko PPren presidenteak. Haren esanetan, «lehendakari izateko politikoki ezgaitzen» ari da Ibarretxe, «erreferendumaren bidez hausturara eramaten ari baita Euskadi». Basagoitiren iritziz, egoera horri irtenbidea emateko bide bakarra Ibarretxeren ordezkapena litzateke.
Galdeketa «enbido bat» dela esan zuen presidente hautatu berriak, «desafio bat», haren hitzetan. «Independentziara bidean pauso bat da, pauso handi bat eta, era berean, hauteskunde autonomikoei begira bozkak erakartzeko bide bat».
«Euskadik haustura plan horien beharrik ez» duela berretsi zuen Basagoitik. «Kontsentsua behar da, autonomia estatutua, Gernikako estatutua, konstituzioa. Erreferendumak ezegonkortasuna dakar berarekin eta ondorio ezkorrak ditu Euskadirentzat. Ondorio politiko, sozial eta ekonomiko ezkorrak».
Ibarretxek hasitako bideak «terrorismoaren aurkako borroka albo batera uzten» du PPko buruzagiaren ustez. «EHAKren botoak behar izan ditu Ibarretxek proiektuak aurrera egiteko. Horrek esan nahi du Ibarretxe terrorismoaren aldeko diren horien menpe dagoela».
«Erantzun legala»
Bere iritziz irtenbide direnak ere aipatu zituen Basagoitik. Alde batetik, galdeketari «erantzun legala» eman behar zaiola esan zuen. Bestetik, aldaketa politikoaren garaia dela agertu zuen. Gauzak horrela, «euskal jendarteari mezu baikorra helarazi nahi» diola aipatu zuen. «Hau aldatu daiteke, Espainiarekin batera eginez gauzek hobera egin dezaketelako».
Aldaketa politikorako bidean alderdi popularrak lanean jarraitzeko asmoa duela berretsi zuen. «Legea bete dadin egingo dugu lan, denek onartu behar baitugu legeak dioena».
Lehendakariak bere benetako asmoak ezkutatu egiten dituela esan zuen PPren buruzagiak. «Ibarretxe mendi tontorrera igo da eta une honetan amildegitik erortzen ari da eta, gainera, euskal jendartea amildu nahi du berarekin».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28
Musika
Mikel Markezen kontzertua
BERMEO, Kafe Antzokian - 2008-12-03
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.