
JUANJO ARRIBALZAGA ð- Ereñoko alkatea
«Nagusien eta elbarrituen egoitza eraikitzeak lanpostuak sortuko ditu»
Ereño
Ereñoko alkateak Eleixalde auzoan egingo duten berrogeita lau lagunentzako egoitzak goi-lautadako herri txikiei bizitasuna emango diela ziurtatu du.
MIREN KORTA
Ereñoko Udalak aurreko astean sinatu zuen herrian egoitza egiteko hitzarmena Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza sailagaz. Egoitzak asistentzia behar duten berrogeita lau lagun hartuko ditu guztira. Herriko politikariak aspaldi izan dira bizilagunek egindako proposamena gauzatzeko ahaleginetan. Azkenean, Ereñoko alkate Juanjo Arribalzagak aurreko astean lortu zuen egoitza egiteko konpromiso sendoa, urteetan irtenbideren bat aurkitzen saiatu ostean.
Zeintzuk dira Aldundiak Ereñon hartu dituen konpromisoak?
Aurreko astean Gizarte Ekintza sailburugaz sinatu genuen hitzarmenean, Ereñoko Udalak nagusientzako eta elbarrituentzako egoitza egiteko lursaila doan emango du, eta Aldundiak bere gain hartuko ditu egin beharreko gainontzeko lanak.
Zelan sortu zen Ereñon egoitza egiteko proiektua?
Duela hiruzpalau urte herrian galdeketa txikia antolatu genuen. Inkestan 18 eta 60 urte bitarteko bizilagunei herriak behar zituen lanei buruz galdetu genien. Gehienek nagusiak hartzeko egoitzaren beharra azpimarratu zuten. Beraz, egoitza egiteko lursailaren bila hasi ginen baina inguruan inork ez zuen egokirik saltzen. Azkenean, Anton Lekerika zena gurera etorri zen bere lursaila eskaintzera. Hasieran erosteko ahaleginetan aritu ginen, baina berak bost urteko epean egoitza egiteko baldintzagaz uzteko erabakia hartu zuen. Epe hori errespetatzen ez bada, lursaila jabearen ilobentzako izango da.
Zelan lortu zenuten Aldundiaren laguntza?
Lekerikak lurren dohaintza egin ostean, proiektua gauzatzeko azterketak egiten hasi ginen. Hasieran saiatu ginen guk geuk aurrrera ateratzen, baina laster konturatu ginen ez beharginen aldetik ezta diruaren aldetik ere, ezinezkoa zitzaigula. Mota horretako proiektuetan sozietateak sortu behar direlako eta abar. Beraz, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza sailburu Juan Maria Aburtogaz harremanetan jarri ginen eta azkenean badirudi helburua lortu dugula. Gai honek lan asko eskatu du gure aldetik. Esan daiteke bi legegintzaldi eman ditudala proiektua aurrera ateratzeko, baina arazo nagusia lursaila izan da. Behin lursaila lortuta, urratsez urrats egin dugu gainontzekoa. Aurreko legegintzaldian ia dena lotuta utzi genuen eta oraingoan gauzatzeko aukera izan dugu.
Non eraikiko da egoitza?
Hirigunetik hurbil, Eleixalde auzoan, 7.500 metro koadro dituen lursailean, hain zuzen. Udaletxetik ehun bat metrora dago eta hirigunetik ia harrobiraino luzatuko da. Horretarako, Udalak lursailari erabilera asistentziala eman dio, kalifikatzeko tramiteak eginez. Hortik aurrera, Aldundiak egingo ditu egin beharrekoak. Ereñoko Udalak Lekerikaren etxea ere erosi du. Etxea bota eta errepidea hobetzeko lanak egiteko asmoa daukagu.
Noiz hasiko dira egoitza eraikitzeko lanak?
Datorren urtean hastekoak dira. Aldundiak aurreratu duenez, urtarrilean bertan egiteko plana martxan jarri dute.
Eta noiz espero duzue egoitza zabaltzea?
Esan dudan bezala, lanak Aldundiaren esku daude orain, baina espero dezagun bi urte barru egoitza martxan egotea. Hala ere, jakin badakigu lanak zelakoak izaten diren eta, beti bezala, gehiago edo gutxiago luzatu daitezkeela azkenean.
Zelakoa izango da Ereñoko egoitza?
Mendekotasunak dituzten hogei lagunentzako eta ezgaituak diren hogeita lau lagunentzako lekua izango du.
Ereñarrak zein kanpokoak hartuko al ditu?
Egoitzak izaera publikoa dauka, beraz, behar duenak erabiltzeko aukera izango du. Gure asmoa bertokoek lehentasuna izatea litzateke, baina hori ez dago gure esku. Plazak eskuratzeko baldintzak oraindik zehaztu barik daude. Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak ipiniko ditu, beti bezala.
Egoitzak ereñarren beharrizanak asetuko dituela uste duzu?
Hemen, herri txiki guztietan bezala, adineko bizilagun asko ditugu. Herrixketan gertatzen dena zera da, gazteek alde egiten dutela. Momentuan, hogeita lau familiaren zain gaude, laster herrira etortzekoak direnak. Hala ere, azpimarratzekoa da egoitza ereñarren eskakizuna izan dela eta Udala betetzen saiatu dela.
Zelako garrantzia dauka proiektuak 300 biztanle baino gutxiago dituen herrian?
Nagusien egoitzak izugarrizko garrantzia dauka, bai guretzako baita ondoko herrientzako ere. Goi lautadan dauden herrietan, hau da, Gautegiz Arteagan, Nabarnizen, Ibarrangelun eta Ean eragina ikustea espero dugu. Gainera, ezgaituen beharrizanak asetzeko egoitza gutxi daude Bizkaian. Beraz, herrialdeko lagun asko erakartzea espero dugu.
Zelako ondorioak ekarriko ditu egoitza eraikitzeak?
Batez ere, onuragarria izatea espero dugu, herriari bizitasuna ematea, hain zuzen. Egoitzak lanpostu asko sortuko ditu eskualdean, arazoak dituzten lagunek harreta handia eskatzen dutelako. Gainera, Ereñon eta Nabarnizen adineko lagun asko ditugu.
Zelan hartu dute berria Ereñoko bizilagunek eta gainontzeko alderdi politikoek?
Herritarrak zein politikariak proiektuaren alde azaldu dira. Hala ere, ekimen gehienak alkateak berak egin beharrekoak dira. Udalean ordezkapena duen beste alderdiak proiektua lagundu du.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28
Musika
Mikel Markezen kontzertua
BERMEO, Kafe Antzokian - 2008-12-03
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.