
Guggenheim berria ez dute Gernika-Lumon eraikiko
Kultura
Aldundiaren arabera, «laster» jakingo da non kokatuko duten Urdaibain eraikiko duten Guggenheim berria.
Egoitz atxikallende
Bizkaiko Foru Aldundiko ingurumen ahaldun Josu Madariagak Urdaibain eraikiko duten Guggenheim egoitza berriaren kokalekua zein izango den «laster» jakinaraziko dutela esan zuen, atzo Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketan.
Madariagak elkarrizketa horretan hitz gogorrak izan zituen Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatearentzako. Madariagak esan zuenez, «askok izan dute Gernika ahoan, eta alkatearen jarrera maltzur, zital eta arduragabea salatu nahi dut publikoki, hasiera-hasieratik agertu baitzen Gernikarentzako izango zela, berak bazekiela non eraikiko duten eta toki hori Gernika izango zela esanez. Ez dakit herritarrengan esperantza antzuak sortzea bazuen helburu, baina jarrera hori ez dela zentzuzkoa esango nuke. Argi eta garbi esan dezakedana da Gernikan ez dutela egingo Guggenheim berria. Eskualde osorako proiektua da. Artea eta natura uztartzea izango du helburu eta horretarako badira hiriguneak ez diren leku aproposak»
Urdaibaiko legediak kalte asko
Horrez gain, museoaren proiektuak Urdaibaiko Biosferaren Erreserba «ez duela zertan» kaltetu gaaineratu zuen. Urdaibai «ez da parke naturala, garapen jasangarriaren esperimentaziorako eredua baizik». Haren iritziz, «naturaren babesa eta jendartearen garapena» uztartu behar ditu.
Madariagaren ustetan, «urte askotan Biosferaren Erreserba izateak kalte handia egin dio Busturialdearen garpen ekonomikoari. Askotan kontserbazioaren arloa baino ez da garatu eta honek apurka-apurka eskualdearen garapen ekonomikoa murriztu egin du. Hori dela eta, Guggenheima eta Sollube zein Autzaganeko errepide sarearen bultzada ez dira kasualitatea. Eskualde guztirako proiektuak bultzatu nahi ditugu»
Urdaibaiko Biosferako Erreserban babes maila desberdinak daudela azaldu zuen Madariagak, eta «toki egoki batean eraikitzen badugu ez dugu zertan inolako arazorik izan behar».
Gorroñoren erantzuna
Madariagak egindako adierazpenak «mespretxagarriak» direla salatu du Jose Mari Gorroñok, prentsa ohar baten bidez.
«Objetibotasunez ikusita Gernikan kokatu beharko litzatekeela esan dut beti, eta horrela ulertu du herriak. Gainera, kokapen egokiena da berau, bere kokapenarengatik eta lursail publikoak dituelako». Bestetik, Gernikan kokatzeak eskualde osorako onuragarria litzatekeela gaineratu du Gorroñok.
Gorroñoren ustetan, «esperantza antzuak ematea bat-batean Batzar Orokorrek zein inguruko herriek ezagutzen ez duten, proiektu bat plazaratzea da».
Bidalitako prentsa oharrean, bestalde, hainbat galdera luzatu zizkion Madariagari; bestek beste: «Zein eratako ingurumen ahaldunak esan dezake Busturialdeari kalte egin diola biosferaren erreserba izateak? Nork onartu zuen PRUGa? Nork kudeatu du eskualdea azken 25 urteetan?».
Aldundiak zein EAJk azken 25 urteetan eskualdean egindako lana ere kritikatu du Gernika-Lumoko alkateak. «Azpiegituren beharraren, berrindustrializazioaren eta azpiegitura soziokulturalen beharraren gainean, nork egin du entzungorrarena azken hogei urteotan? Non izan dira Aldundiak eta EAJ urte horietan?».
Bizkaiko PPk, bere aldetik, babestutako guneak errespetatu egin behar direla gogoratu zion Foru Aldundiari. Madariagak egindako adierazpenen ostean Arturo Aldekoak bidalitako oharrean Aldundiak «museoaren azken kokalekua aurkezterakoan oso arduratsua» izan behar duela eta «gero ingurumen legeak ez betetzearren atzera joango diren esperantza antzuak ez direla sortu behar» ohartarazi zuen. «Kasu honetan, ingurumena eta paisaia gure proiektuetarako kokaleku ederrak izan daitezke, baina horien babesa gure nahia baino garrantzitsuagoa da, Urdaibaiko edozein tokik, ederra eta naturala izanagatik ere, ezin du horrelako ekimenik hartu», gaineratu zuen Aldekoak.
Natura eta artea uztartuta
Urdaibain Guggenheimen egoitza berri bat egiteko asmoa azaldu zuen Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak joan den ekainaren 24ean. Ordutik asko dira gai horren inguruan zabaldu diren zurrumurruak.
Aldundiko iturriak aipatuz aurreko egunetan zenbait komunikabidek zabaldu dutenez, museo berria erakustoki bat baino gehiago sorkuntzarako gune bat izango da. Artelanen garapenerako espazio berezi bat, Urdaibaiko naturari eta paisaiari lotua. Urbaibain egingo duten proiektuaren erreferentzia nagusia Kiefer izango da, iturri berberen arabera, eta eskualdean bizi den Jesus Mari Lazkano margolariak ere lagundu omen du proiektuaren zehaztapenean.
Bizkaiko Foru Aldundiak datorren irailerako izan nahi du prest museo berriaren bideragarritasun proiektua, ondoren Solomon R. Guggenheim fundazioarekin negoziazioetan hasteko.
Bizkaiko Foru Aldundiak Urdaibaiko museoaren proiektua eta Bilbokoa elkarrekin negoziatu nahi dituela aipatu dute zenbait komunikabidek.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28
Hitzaldia
Etxebideri buruzko hitzaldia
BERMEO, Gizarte eta Kultura Etxean - 2008-12-04
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.