
Urdaibaik sailkapenaren lehen postua eskuratu du
Arrauna
Bermeoko taldeak Pasai San Pedroko ikurriña irabazi zuen eta bigarren postua lortu zuen Telefonica Banderan.
MIREN KORTA
Urdaibaiko traineruak sailkapen orokorraren lehen postua eskuratu zuen domekan, Bandera Telefonicaren X. edizioan bigarren gelditu ostean. Zapatuan, berriz, Bermeoko taldeak Pasai San Pedroko Kofradiaren XIV. Ikurriña bereganatu zuen. Sailkapen orokorrean, Urdaibaik bost puntuko aldea atera dio Orioko traineruari. Hala ere, Urdaibaiko entrenatzaile Patxi Bilbao zuhur azaldu da. Prestatzaileak argi dauka taldeak «epe laburrerako helburuak» baino ez dituela buruan eta liga irabazteko, «estropadaz estropada» joan beharra dagoela.
Bost puntuko aldea
Urdaibai Unpro Avia trainerua Pasai San Pedron nagusitu zen, denboraldiko hirugarren garaipena lortuz. Taldeak Castrori segundu bakarra atera zion, baina kantabriarrek sailkapenaren lidergoa eskuratu zuten. Izan ere, bermeotarrek Boiron lortutako bederatzigarren postuak Castroko mutilen itxaropenak lagundu zituen.
Kontxan jokatu zen estropadan, ordea, Orio garaipena lortzeko borrokan sartu zen eta lehenbiziko postua eskuratu zuen, Urdaibai bigarren utziz. Askok baldintza mesedegarrietan lehiatzea leporatu zioten arren, Bilbaok garaileak zoriontzeko beharra azpimarratu du: «Egia da Orio azken txandan aritu zela eta ordurako baldintza hobeagoak zirela. Gurean haizeak eta olatualdiak ia ezinezko egin ziguten ganorazko estropada egitea, baina eurekin batera beste traineru batzuk aritu ziren eta esan beharra dago lehia garbi irabazi zutela ».
Urdaibaik lidergoa eskuratu zuen domekan eta entrenatzaileak argi dauka lortutakoaren garrantzia. Boiroko emaitza eskasaren ostean, «garaipena eskuratzeko gai garela erakutsi dugu. Gainera, harro egoteko moduko emaitza dugu, zuzeneko lehiakideei aldea ateratzeko balio duelako baita ere». Bilbaok sailkapenaren lehen postua taldeak asteburuan erakutsitako erregulartasunaren ondorioa dela ziurtatu du: «Zapatuan irabazi eta domekan, bigarren postua lortu dugu. Beraz, lidergoa erregulartasunari esker lortu dugu».
Pedreña eta Plentzia
ACT Ligaren hurrengo urratsa zapatuan jolastuko den Pedreñako Marina Cudeyo IV. Bandera izango da. Bilbaok argi dauka taldeak jarraitu beharreko estrategia: «Urdaibaiko traineruaren helburua garaipena izango da. Bide batez, emaitza onak lidergoaren mantentzea ekar dezake, baina taldeak estropadaz estropada irabazteko helburua izan behar du».
Domekan, berriz, San Miguel Liga Euskal Herrira itzuliko da. Arraunlariek Plentzian izango dute hitzordua, Naturgas Ikurriñan, hain zuzen ere.
BUSTURIALDEAK HELBURUAK BETE DITU
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28
Hitzaldia
Etxebideri buruzko hitzaldia
BERMEO, Gizarte eta Kultura Etxean - 2008-12-04
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.