
Lurgorri zentroak erabiltzaileen «bizi-kalitatea hobetu» gura du
Gizartea
Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak kudeatuko duen zentroak hamabost lagunentzako lekua du.
oihana cabello
Zabalik da burmuineko arazoak dituztenentzako Lurgorri zentroa. Atzo egin zuten Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak kudeatuko duen zentroaren inaugurazio ofiziala, eta zentro horretako zuzendari-kudeatzaile Adolfo Alustizaren esanetan, erabiltzaileen oinarrizko beharrizan, gurari eta interes pertsonalei aurre egiteko balioko duten laguntza-programa pertsonal eta soziala ezartzea eta aplikatzea da haren funtzio nagusia. «Hori guztia erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzeko ikuspegitik hartuta. Bizi-kalitatearen hobetze hori eskualde honetan landu eta garatu egingo da».
Horrela, mantentze fisikoa eta motrizitatea sustatzen, komunikazio gaitasunak mantentzen eta berreskuratzen, eguneroko bizitzako oinarrizko eta bitarteko jardueretan errehabilitazio neurosikologikoa eta autonomia berreskuratzen lan egingo dute zentroko arduradunek eta profesionalek, Alustizak azaldu legez.
325.000 euroko inbertsioa
Zentroak arduradun bat du, berehala artatzeko profesionalak, terapeuta bat eta gizarte integraziorako hiru tekniko. Horiez gain, psikoterapeuta bat, logopeda bat eta psikologo bat ere izango ditu lanean.
Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak kudeatuko duen zentroa Gernika-Lumoko Udalak esleitutako lokalean ireki dute. Bizkaiko Foru Aldundiak 325.000 euoko inbertsioa egin du eta, guztira, 260 metro koadro izango ditu erabilgarri. Hamabost lagunentzako lekua du zentroak, eta gaur egun hiru dira berau erabiltzen dutenak.
Kudeaketa hiru ardatzetan oinarrituko dela azaldu du Alustizak: profesionalentzako eta laneko trebakuntzako programa ezarriko ditu, aholkularitza medikoa izango du kontuan eta kalitatearen kulturaren menpean lan egingo du.
«Biziki espero dugu hemen egongo diren pertsonak eta haien familiak zerbitzu honen medioz zoriontsuagoak izango direla».
Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok, bere aldetik, «gaur zentro honek ateak zabaltzea albiste garrantzitsua» dela esan zuen.
Gastu soziala mantendu
Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia ere izan zen atzokoan. Haren ustez, «ekitaldi berezia da, azken batean Bizkaiko Foru Aldundiak egiten duen guztia jendearen zerbitzurako» baita. Horrez gain, erreflexio bi egin zituen ahaldun nagusiak: «Batetik, hau posible da guk eta Gernika-Lumoko Udalak elkarregaz egin dugun lanagatik». Bestalde, ekonomiaren aldetik momentu «latzak eta gogorrak» bizi ditugula esan zuen. «Gure ustez, datozen hilabeteak gogorrak eta latzak izango dira ekonomiaren aldetik, baina momentu latz eta gogor hauetan ere Aldundiak gauza bat badu argi; hots, etorkizunari begira, gastu soziala mantendu egingo duela, eta posible bada, handitu». Hala ere, krisi horrek Euskal Autonomia Erkidegoan baino Espainian izango du eragina, Bilbaoren ustez.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.