
Unai Hernandez estraditatu du Frantziak, Baionan atxilotu ondoren
Politika
18/98 sumarioan inputatuta dago; Espainiak eskatutako euroagindua martxoan onartu zuen Pauk.
natalia salazar
Unai Hernandez garai batean Bermeon bizi izan zen gazte santurtziarra atxilotu zuen atzo goizean Frantziako Poliziak Baionan, Maritxu Paulus Basurko abokatuak baieztatu duenez. Handik gutxira, Espainiaren esku utzi zuten, polizia iturrien arabera. Gaur bertan eramango dute, ziurrenik, Auzitegi Nazionaleko epaile baten aurrera, iturri berberek jakinarazi dutenez. Biriatuko mugan utzi zuten Hernandez Espainiako Poliziaren esku.
Gaztea 18/98 makrosumarioaren baitan dago inputatuta, Ekin azpiatalaren barruan, hain zuzen ere. Ez zuten epaitu baina Auzitegi Nazionalak hamabost urteko espetxe zigorra eskatu zuen berarentzat.
Espainiak euroagindua aurkeztu zuen
Espainiako Auzitegi Nazionalak Unai Hernandez estraditatzeko euroagindua aurkeztu zuen otsailean eta ondoren Pauko Auzitegiak onartu egin zuen eskaera. Defentsak erabaki horren aurkako helegitea jarri zuen, baina atzera bota eta epaia berretsi zuten, abokatuaren esanetan. Azaldu duenez, euroagindua onartu ondoren Hernandez aske zegoen eta ez zekiten noiz atxilotuko zuten. «Ez zegoen agindua exekutatzeko epe zehatzik». Auzitegi Gorenak defentsaren helegiteari ezezkoa «apirilaren 15ean» eman ziola agertu du Paulus Basurkok.
Otsailean atxilotu eta askatu zuten
Euroaginduaren harira, otsailean atxilotu egin zuen Frantziako Poliziak Hernandez. «Auzitegiek norbaiti bere burua aurkezteko deia egin behar diotenean agertuko ez dela uste duten kasuetan pertsona hori espetxeratu» egin ohi dutela azaldu du Paulus Basurko abokatuak.
Hernandezen kasuan, epailearen deiari erantzungo ziola pentsatzeko «bermeak» bazeudela agertu du. Hain zuzen, «lana eta etxebizitza» zituela azaldu du eta, ondorioz, epaileak «prozedura bukatu arte aske gera zitekeela» ebatzi zuen. Erabaki horiek «pertsona bakoitzaren bermeen arabera» hartu ohi direla azaldu du. Martxoaren 11n onartu zuen Pauko Auzitegiak euroagindua, Askatasunak jakinarazi duenez.
Paulus Basurkoren esanetan, estradizio kasuetan, legeak dio Espainiako Poliziak ezin duela Hernandez galdekatu, hain zuzen, zuzenean eraman behar dutela Auzitegi Nazionaleko epaile baten aurrera. Nork hartu ez balego, espetxera eraman behar dutela argitu du abokatuak. «Ilegala izango litzateke inkomunikatzea», esan du abokatuak.
Atxiloketa salatu du Askatasunak
Askatasunak «gogor salatu» du «frantziar estatuak euskal independentismoarekin amaitzeko estrategia errepresiboan» jokatzen duen papera. «Espainiako estatuak ezker abertzalearen aurkako salbuespeneko sorgin ehiza judizialarekin» kolaboratzea leporatu dio erakunde horrek Frantziari.
Atxiloketa hori salatzeko manifestazioa deitu du gaur arratsalderako Bermeoko Askatasunak. 20:00etan jarri dute hitzordua, Goiko Plazan.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28
Musika
Mikel Markezen kontzertua
BERMEO, Kafe Antzokian - 2008-12-03
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.