
Hilaren 21ean irekiko dute Zarragoitxirako igogailua
Azpiegiturak
Kurtziotik gora aterako da; auzorako irisgarritasuna hobetzeko kale berri bat egiteko proiektua ere badago.
n. salazar
Hilaren 21ean, Madalena egunaren bezperan inauguratuko dute Kurtzio eta Zarragoitxi auzoak lotuko dituen igogailua. Xabier Legarreta alkatearen esanetan, «irisgarritasun arazo larria daukate Zarragoitxi auzoan, eta proiektu hau aurrera eraman da hori hobetzeko. Nik badakit igogailua ez dela azken konponbidea izango, baina uste dut aurrerapauso garrantzitsua dela».
900.000 euroko aurrekontua dauka igogailuak eta Eusko Jaurlaritzaren Izartu programaz baliatuta eramango dute aurrera. Hamasei lagunentzako tokia izango du eta larrialdiren bat gertatuz gero, esku-ohe bat sartzeko tokia ere badauka.
Kale berria egiteko proiektua
Egun modu bakarra dago Zarragoitxira joateko, aldatza igoz, hain zuzen. Plan orokorra onartzeko prozesuan daudela agertu du Legarretak eta, aurreratu duenez, planak «Askatasun kalearen atzean kale berri bat egokitzea aurreikusten du». Konponbide posible hori, oraingoz, «aurrerapen fasean» dagoela azaldu du, ordea, alkateak.
Hala ere, beharrezko diren prozedura guztiak gaindituko balitu eta onartuko balitzateke, Zarragoitxira igotzeko kale berri bat egingo lukete.
«Dagoen aldatza ez da zuzentzen erraza, dagoen tokian dagoelako», azaldu du Legarretak. Haren esanetan, «konponbide bakarra, Askatasun bidearekiko paraleloan kale bat ateratzea da. Malda txikiagoko aldatza izango luke».
Proiektua onartzeko prozesua luzea izan daitekeela iragarri du alkateak. Aurrerapen fasearekin aurten hasi direla azaldu du. «Foro bat egon da eta orain aholku batzorde bat osatuko da. Gero Hirigintzara doa, gero behin-behineko onarpena eman behar zaio, gero helegiteak, berriro foroa... Prozesu luzea da», agertu du. Ez da ausartu data zehatzik ematen, baina urte bete eta erdi eta bi urte arteko epea izan dezakeela esan du Legarretak.
Kale berri horren proiektua mahai gainean egonik igogailuak kostu handia ez ote dakarren galdetuta, «konponbidea iritsi bitartean beharrezkoa» dela agertu du, «bizilagunek urteak daramatzatelako arazo honekin».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Musika
Mikel Markezen kontzertua
BERMEO, Kafe Antzokian - 2008-12-03
Hitzaldia
Etxebideri buruzko hitzaldia
BERMEO, Gizarte eta Kultura Etxean - 2008-12-04
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.