
rigoberto jara ð- Harresiak Apurtuz elkarteko kidea
«Immigrazioa amildegian behera salto egitea dela esan ohi dut»
Gizartea
Rigoberto Jara Harresiak Apurtuz elkarteko kidearen esanetan, «etorkinak badaki nondik ateratzen den, ez, ordea, non eroriko den».
NATALIA SALAZAR
Rigoberto Jara Txilen jaio zen, 1938. urtean. Duela 31 urte, Pinocheten diktadurak behartuta, herritik alde egin behar izan zuen eta Euskal Herrira, Bermeora etorri zen Txileko lagun bat hemen zegoelako. Hona iritsi zenean, ordea, bere laguna lan-istripuan hil zela jakin zuen eta bere burua bakar-bakarrik aurkitu zuen. Bermeoko emakumeek kalez kale alokairu bila nola lagundu zioten gogoratzen duen bakoitzean begiak malkoz betetzen zaizkio. Amorrua ere adierazten du, ordea, etorkinen aurka azken aldian ezarritako legeei buruz hitz egiterakoan.
Azken urteotan etorkinen aurkako neurriak asko gogortu dituzte. Azkena, Europako parlamentuak agiririk gabeko etorkinen eskubideak murrizten dituena da.
Nire ustez, betidanik, Espainiako eta Europako neurriak gogortuz joan dira apurka, puntu honetaraino iritsi arte. Espainian, 1985ean egin zuten lehen atzerritartasun legea antisoziala izan zen. Lege hark ordena sozialetik kanpo kokatzen zuen immigrazioa. Gaur egun egiten ari diren bezala, immigrazioa delikuentzia gisa hartzen zuen. Etorkinok ez gara delitugileak, bizitzeko espazio baten bila gabiltza, bere garaian hemendik joandakoek beste toki batzuetan egin zuten bezala.
Hemendik jende askok alde egin behar izan du historian zehar.
Bai, hala da. Hemendik gerra garaian edo goseari ihesi atera behar izan zuen herritar asko bizi dira Hego Amerikan. Gogoan dut Pablo Nerudak, Perun Txileko kontsula zela, errepublikar ugari eraman zituen Winnipec ontzia prestatu zuela. Txilera iritsi ziren, eta oso ondo hartu zituzten, Hego Amerikako herrialdeetan izugarrizko pobrezia zegoen arren. Diru bat eman zitzaien lehen pausoak emateko eta egun ondo bizi dira han. Alde egin behar izan zuten herritar horiek gaizki hartu izan balira, logikoa izango litzateke gu ondo ez hartzea. Baina oso ondo hartu zituzten eta orain Europan Itzulerarako zuzentaraua planteatzen dutela ikusten dugu; guretzako `lotsaren zuzentaraua´ da hori. Europar Batasunean zortzi-hamar milioi etorkin daude. Non sartuko dituzte, kontzentrazio esparruetan?
Europako herrialdeek, ordea, giza eskubideen aldeko protokoloak sinatzen dituzte.
Bai, hala da. Zoritxarrez, pertsona guzti horiek, eskuineko eskuarekin sinatzen dutena ezkerrekoarekin ezabatzen dute. Izan ere, giza eskubideena termino oso polita izanik, gutxien errespetatzen dena da. Lehenik interes ekonomikoak nagusitzen dira. Ondoren, gero eta gehiago menderatzeak botere handiagoa ematen digunaren ustea dago. Sistema guzti honetaz gozatu behar duten pertsonak ez dira inoiz kontuan hartzen, ordea.
Zelan lagundu dakieke azpigaratutako herrialdeei?
Ez dago benetako laguntzarik. Izan ere, arroz kilogramo bat emateak ez du ezer konpontzen. Arroza gaur janda bihar ez daukat ezer. Industriak sortu behar dira, hezkuntza garatu, herrialdeotan osasun zentroak jarri behar dira. %0,7ko laguntzaren kontua petatxu bat baino ez da. Baina guzti hau ez da egiten.
Zergatik?
Ez delako komeni. Eurak gero eta pobreago izan, gu gero eta aberatsagoak izango gara. Horixe pentsatzen dute. Batzuen pobreziak mesede egiten die beste batzuei. Nik sarri esan ohi dut Guggenheimen zati bat niri dagokidala. Izan ere, Guggenheim anaiek Txile iparraldean gatzagak esplotatu zituzten, agortu arte. Haiek baliorik ez zutela ikusi zutenean, alde egin zuten eta milaka lagun baliabiderik gabe eta zuloak besterik ez zituzten utzi han.
Zein neurri hartuko duzue `lotsaren zuzentarau´ horren aurka?
Zenbait ekintza antolatu ditugu. Foro eta plataforma guztietara eramango dugu, baita urrian Madrilen egingo den Immigrazioen Munduko Forora ere. Kanpaina egiten ari gara, sinadurak biltzen, salaketak egiten, kontzientziazio lana egiten... Oso mundu hotzean bizi gara eta badirudi arazook ez dutela inorengan eraginik izango.
Zein eragin izango du neurriak?
Eraginkorra baino disuasioa eragiteko neurria izango da. Ez da zabaldu duten bezain krudela izango, etorkin batzuei lana emango diete, herrialdearen beharren arabera, ordea. Baina etorkinek etortzen jarraituko dute eta modu masiboan berraberriratuko dituzte, Aznarrek egin zuen bezala.
Asko aldatu al da azken urteetan injustiziaren aurka herritarrek ematen duten erantzuna?
Argi eta garbi, bai. Zuzentarau ospetsu hau atera zenean, 65 orduko lan astea ezarri nahi izan zuten eta inork ez du ezer esan horren aurrean. Oso tristea da hori. Pertsonok gure eskubideak defendatu behar ditugula deritzot. Immigrazioak jasotzen duena baino gehiago ematen du. Agiririk ez izan arren, murgildutako merkatuan egiten dute lan eta produktuak erosten dituzte, beraz, zergak ordaintzen dituzte. Modu batean edo bestean, ekonomian parte hartzen dute.
Hurbilago etorrita, zein egoeratan daude etorkinak Bermeon?
Nik nahiko ondo ikusten ditut, baina jantziago nago Bilboko eta zentro handietako etorkinen egoeraren alorrean. Hemen, nire ustez, ezin gaitezke kexatu.
Gaur egun oraindik ere, batzuek ez al dute uste etorkinek lana kentzen dietela bertokoei?
Bai, sarri entzun dut hori. Baina Bermeon hori esaten duenak bertoko lan egoeraren berri ezin du izan. Izan ere, Peruko arrantzaleak ekarri behar izan dituzte ontziak itsasoratzeko. Etorkinek beti egin ohi dituzte bertokoek egin nahi ez dituzten lanak.
Baina etorkin batzuek diru gutxiagoren truke egiten dute lan.
Bai, zoritxarrez, Europan inoiz ez delako egin immigrazio lege bat, etorkinak integratzeko.
Eta zu zelan iritsi zinen Euskal Herrira?
Derigorrez izan zen. Txiletik alde egin zuen lagun bat nuen Euskal Herrian eta berak animatuta etorri nintzen. Iristean, ordea, lan-istripuan hil zela jakin nuen. Oso gaizki pasatu nuen hasieran. Nik beti esan ohi dut immigrazioa amildegian behera salto egitea dela. Badakizu nondik ateratzen zaren, ez, ordea, non eroriko zaren. Zorionez, Euskal Herrian erori nintzen ni. Arraro aurkitzen nintzen hasieran, baina asko lagundu ninduten.
Bermeon etxean bezala al zaude?
Bai, nik uste une honetan hemengoagoa naizela Txilekoa baino. Ahal dugunetan, emaztea (bermeotarra da) eta biok Txilera joaten gara eta han oso gustura egon arren, azken egunetan Bermeora itzultzeko desiraten egoten gara. Erabat integratuta aurkitzen dut nire burua hemen.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.