
«Oso pozik» azaldu da Txo Hiesa asteburuko topaketen emaitzarekin
Gizartea
Tailerrak «oso aberasgarriak» izan direla diote; «herritarren aldetik inplikazio gehiago» nahiko lukete, ordea.
natalia salazar
Txo Hiesa elkarteak antolatuta, asteburuan GIB birusarekin edo Hiesarekin bizi direnen XVI. topaketak egin dituzte, eta oso pozik azaldu dira antolatzaileak emaitzarekin, herriaren inplikazio handiagoa faltan bota badute ere.
Gaizka Asolo elkarteko presidentearen esanetan, «jende ugari etorri zen Euskal Herritik eta estatuko hainbat tokitatik eta oso pozik joan ziren denak».
Oso tailer aberasgarriak
Aurten berritasunak izan dituzte topaketok. Urtero tailer batzuk antolatu ohi dituzte bertaratzen direnek arlo desberdinak jorra ditzaten. Asteburu honetan «estigmazioa eta diskriminazioa» jorratzeko tailer berria probatu dute eta Txo Hiesako presidenteak «oso esperientzia aberasgarria» izan dela agertu du.
«Askotan ahaztu egiten dugu diskriminazioa gertatzen dela bizitzako aspektu askotan, bai lanean eta baita etxean bertan ere», azaldu du Asolok. Horrelako zerbait gertatuz gero «ze ate jo» ez dutela jakiten agertu du eta, besteak beste, horren aurrean zer egin azaldu dietela adierazi du.
Kasu askotan «diskriminazio eta estigmazio arazo horiek etxean bertan» gertatzen direla ekarri du gogora Asolok, eta gaixoek ez dutela «beharrezko berotasun hori etxean aurkitzen». Horrelakoetan «norekin hitz egin dezaketen edo zer egin daitekeen» azaldu dietela jakinarazi du. Beraz, «tailer hori oso garrantzitsua iruditu zaie parte hartu duten denei».
Herriaren beraren inplikazioa
Topaketetakoez gain, jarduera gehiago antolatu ditu asteburuan Txo Hiesa elkarteak.
Batetik, lore eskaintza egin zuten iragan barikuan Gaztelugatxeko San Juanen. Jende ugari bertaratu zen eta itsas-gora zela-eta lore eskaintza nahi zuten moduan egiteko zailtasunak izan bazituzten ere, txalaparta, adar eta irrintzi soinu artean gogoan izan zituzten gaitz horrek jota hildako lagun guztiak.
Bestalde, domekan ohiko giza-katea egin zuten eta «betikoak» egon zirela agertu du Asolok, jende askok ez zuela parte hartu azalduta.
«Herritar gehiagok hartzen zuten parte hasieran»
Bermeon topaketa horiek lehenengo urteetan eragin handia izaten zutela eta «oso politak» izaten zirela adierazi du Asolok. «Herritar gehienek balkoietan lazo gorria zuten izara zuriak» jartzen zituztela ekarri du gogora. Orain, ordea, inplikatuek eurek «eta beste lau etxek» jartzen dituztela agertu du. Arazoa ez dela desagertu gogoan izan behar dela deritzo elkarteak.
Kontzientziazioaz gain, prebentzio kanpainak bultzatu behar direla uste du Asolok, gazte askok tratamendua dagoela ikusita gaitzaren arazoa horren larri ez dutela ikusten argudiatuta.
Haren esanetan, asteburuetan «autoagaz kontuz ibiltzeko esaten zaien bezala, seme-alabei sexu-harremanak izanez gero kondoia erabiltzeko esan behar zaie».
Udaletxeko balkoiko ikurrinari lazo gorria jartzea eta Xabier Legarretaren eta Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidentearen babesa izatea, bestalde, oso garrantzitsua iruditu zaie Txo Hiesa elkarteko kideei.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28
Hitzaldia
Etxebideri buruzko hitzaldia
BERMEO, Gizarte eta Kultura Etxean - 2008-12-04
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.