
Ziurtagiriaren Elkarteak 28 ziurtagiri banatu ditu herrian
Euskara
Horiek hartutako konpromisoagaz euskalgintza «pozik» dagoela esan du Pernan Basterretxeak.
oihana cabello
`Euskaraz Bai´ ziurtagiria dute herriko 28 entitatek. Zapatuan banatu zituen Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak hizkuntzarekiko konpromisoa adierazten duten agiriok. Horietatik, 11k `Zerbitzua Euskaraz´ maila lortu dute, eta 17k `Bidean´ maila. Hainbat lagun batu ziren zapatuan, Aitzol Zubizarreta kazetariak gidatu zuen banaketa ekitaldian.
«Gernikan ziurtagiak banatzen ditugun lehenengo aldia da», zehaztu zuen Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutierrezek. «Kopuru garranzitsua da, baina garrantzitsuagoa da egindako lana, urtez urte emandako urratsak, helburuak eta konpromisoaren bitartez eragitea».
Denok batera «bidea egiten» aritzea azpimarratu zuen Gutierrezek; hala ere, oraindik egiteko asko dagoela gaineratu zuen. «Etengabe haziz doan egitasmoa da».
Euskarak herrian behar duen tokia irabazteko
Herriko elkarteek, eragileek zein enpresek ziurtagiriagaz bat egitea euskalgintzaren helburua izan dela aipatu zuen euskalgintzako kide Pernan Basterretxeak banaketa ekitaldian, baita euskarak herrian behar duen tokia irabaz dezala. «Euskarak gure gizartean gizaki bizia izan behar du. Horregatik, euskararen defentsan, erabileran eta normalizazioan jarri ditugu gure indarrak».
Orain urte asko hasi zen Udala herrian euskara bultzatzeko ekintzak antolatzen. «Horren eraginez, herriko merkatari, denda, elkarte eta abarrek euskararen aldeko apustua egin dute». Basterretxeak esandakoaren arabera, «poztu egiten gaitu herriko 28 entitatek pauso hori emateak, eta normalizaziorako bidean konpromisoak hartzeak». Horrek euskara bere bidetik eroateko eta gizartean «bizi eta zoriontsu» egoteko balioko duela gaineratu zuen.
Ziurtagiria eskuratuko duten entitate kopurua bikoiztu
Zortzi urteko esperientzia du `Bai Euskarari´ Ziurtagiriak, eta urte guzti horien ostean, Euskal Herri osoko 1.500 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek baino gehiagok eskuratu dute dagoeneko ziurtagiria. «Guztira, 20.000 lagun baino gehiago dira `Bai Euskarari´ Ziurtagiriaren eraginpean lanean ari direnak», esan zuen Rober Gutierrezek. «Arlo sozio-ekonomikoan eragiteko proiektu estrategikoa da; profesionala, independentea, gertukoa eta euskararen normalizazioa helburu duena».
Ziurtagiriak izan duen arrakasta ikusita, urrats garrantzitsua eman zuen duela urtebete. Hain zuzen, Kontseiluaren ekimenez, Ziurtagiriaren Elkartea sortu zuten, Ziurtagiriaren kudeaketaz arduratzeko.
Urte honetan, gainera, datozen lau urteetarako oinarriak finkatzen aritu da elkartea, Ziurtagiriaren hedapena areagotzeko, Euskal Herrian erreferente izateko eta pertsonen gogobetetze maila areagotzeko. «Horrela, datozen urteetan Ziurtagiria eskuratuko duten enpresa, saltoki eta era guztietako entitate kopurua bikoiztu egin gura dugu».
ziurtagiria dutenak
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28
Musika
Mikel Markezen kontzertua
BERMEO, Kafe Antzokian - 2008-12-03
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.