
unai iglesias ð- Pilotaria eta pilota irakaslea
«Elkarteak Busturian pilota bultzatzea du helburu»
Eskupilota
Aste bi barru martxan egon liteke Busturiko pilota elkartea; urtean zehar hainbat jarduera antolatzeko asmoa agertu dute.
olaia zabalondo
Busturian pilota elkartea sortzeko lanean ari dira. Talde txiki bat sortu dute elkartea aurrera ateratzeko, eta horien artean dago Unai Iglesias (Gernika-Lumo, 1977). Bost urte zituela hasi zen eskupilotara jokatzen, eta hamalau urte daramatza eskupilota irakasle moduan. Elkarte horren helburua Busturian pilota mundua bultzatzea izango dela esan du Iglesiasek.
Busturiko pilota elkartea noizko?
Dagoeneko Busturiko Udalak egin ditu elkarte bat sortzeko beharrezkoak diren kudeaketak, estamentu batzuk egin behar baitziren. Bi aste barru Busturiko pilota elkartea martxan egon daitekeela uste dut.
Nola batu zarete elkartea sortzeko?
Busturiko pilota elkartea sortzearena herriko alkatearen ideia izan zen. Berak oso ondo ezagutzen du pilota mundua eta, hain zuzen, hori bultzatu nahi du. Bestalde, Busturian bizi naiz ni, eta txikitatik nago pilota munduan sartuta. Ondo ezagutzen dut, gainera. Alkateak bere ideiaren berri eman zidan eta hementxe gabiltza, horretan lanean. Hiru-lau pertsonabatu gara talde batean elkartea sortzeko asmoz, eta dagoeneko ia dena dago prest.
Beraz, elkarteak Busturiko Udalaren laguntza izango du.
Bai, noski. Laguntzarik handiena Busturiko Udalaren aldetik izango du elkarteak.
Zein da elkartearen helburua?
Batez ere pilota bultzatzea gure herrian. Euskal Herrian pilotak duen eragina aprobetxatu nahi dugu eta hori bultzatu hemen, Busturian. Badakit futbolari konpetentzia egitea oso zaila dela. Baina, talde txiki bat sortuz gero, pozik egongo gara.
Zeintzuk izango dira elkarteak antolatuko dituen jarduerak?
Urte guztian zehar zenbait jarduera antolatzea litzateke gure asmoa. Udan ikastaroak antolatu, gabonetan ere txapelketaren bat antolatu, urte guztian topaketa batzuk, jaietako pala txapelketa... Gutxi-gutxika. Busturian bizi naizenez, ni izango naiz urtean zehar jarduera horiek antolatzeaz arduratuko dena.
Busturian pilotaren aldeko sentimendua dagoela uste al duzu?
Gaur egun Euskal Herrian badago sentimendu hori. Nire ustez, telebistak egiten du dena, eta eskupilota asko ikusten da. Pena bada ere, pilota munduko zenbait modalitate galduta daude; zesta edo pala, besteak beste. Gaur egun eskupilota talde bat sortzea zaila da. Umeek taldean jokatzen dute eta gehienek futbolera jotzen dute. Momentu honetan beste eskupilota talde bitan ere banabil, Munitibarren eta Markinan, hain zuzen ere. Ea Busturikoak ere aurrera egin dezakeen.
Maila ona ikusten al duzu?
Munitibarko eta Markinako pilota eskolak, Bizkaiko talderik gogorrenak ez badira, gogorrenetarikoak badira behintzat. Bizkaiko herri arteko txapelketa lortu du aurten Markinak. Talde horiek urte asko daramatzate lanean eta maila nahiko ona dute. 120 bat ume daude Munitibarko eta Markinako eskoletan. Talde handia eta maila onekoa sortu dugu herri horietan. Euskal Herri mailan ere talderik gogorrenetarikoak direla esango nuke.
Busturian horrelako harrera izango duela uste al duzu?
Oso zaila da. Busturian horrelako talde bat sortzea polita izango litzateke. Zerotik hasten gara. Uztailean bakarrik egiten ditugu ikastaroak eta urte osorako talde bat sortzea zaila izango dela uste dut.
Elkarterik gabe ikastaroak eta pala txapelketa antolatu dituzue aurten.
Elkartea sortu barik ere lanean ari gara, gauzak antolatze. Aurten lehendabiziko aldiz antolatu dugu pala txapelketa. Izan ere, urtean zehar hainbat bikotek jokatzen dute palara Axpeko frontoian. Nire ustez, horrelako txapelketa gehiago egin beharko lirateke urtean zehar. Jende askori gustatzen zaie eta, zaletasunagatik baino ez bada ere, jendeak kirola egiteko aukera izaten du. Bestalde, orain dela sei urtetik, uda guztietan, uztailean, umeentzako eskupilota ikastaroak antolatzen ditugu.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.