Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Busturialdea
2008ko abenduak 3, Eguaztena

Harpidetu zaitez!

Ehun gaztek autogestiorako espazioa «atoan» behar dutela aldarrikatu dute

Gizartea

Udaleko ordezkari politikoei eskatu diete «lehenbailehen beharrezko neurriak eta erabakiak» har ditzatela.

maite orue

Ieup! Gazte Asanbladak, Antzerki Eskolak, Lilibertsok, Busti Irratiak, Iparragirre Musika Elkarteak eta Trinkete antitxokoak egindako deialdiari erantzunez, ehun gazte inguru batu ziren atzo arratsaldean Seber Altube auditorioan. Agerraldiaren helburua, Astrak utzitako hutsunea betetzeko gazteek eurek gestionatutako espazio baten beharra aldarrikatzea. Gernika-Lumoko udaleko ordezkari politiko guztiei «lehenbailehen beharrezko neurriak eta erabakiak» har ditzatela eskatu zieten, orain urte erdi Astran egiten zituzten «jarduera guztiak aurrerantzean ere egin ahal izateko».

Izan ere, urte hasieran Astran egiten ziren jarduerak etetea erabaki zuten, karga-probek utzitako emaitza ezkorrak jaso ondoren. «Dagoeneko urte erdi kalean, eta euri asko», diote. Jose Mari Gorroño alkateak Astraren eraikina konpondu arte Pasealekuko eskoletan lekua izango zutela agindu ziela, «baina hitza bete ez» duela salatu nahi izan dute gazteek. «Promesa bat eta beste bat».

Lokalen beharrizana

Pasealekuko lokalak hutsik geratu ostean, horien erabilera zehaztu gabe dago oraindik. Gazteen iritziz, ordea, eurek badute lokal horiek erabiltzeko beharrizana. «Ezin dugu gehiago itxaron», esan zuten atzokoan. «Antzerki-eskolakoak kalean ibili dira entseatzen; kalean, kultur etxean ez dutelako leku nahikorik. Busti irrati libreak lokal bat alokatu behar izan du. Ikastaro berriak bertan behera utzi behar izan dira. Iparragirre Musika Elkartearen lokalean ez dira talde gehiago sartzen. Lilibertsokoekin beste horrenbeste gertatzen da. Eskaladarako bulderra desmuntatuta dago. Kontzertuak, hitzaldiak, erakusketak...».

Guzti hori kontuan hartuta, gaztetxe baten beharrizana egon badagoela aldarrikatu zuten auditorioan batutakoek. «Elkartzeko, autogestiorako, antzerkirako, partekatzeko, dantzarako, irratirako, sormenerako... Astran egin ahal genuena egiteko. Lekua. Orain. Eta Pasilekuan benetan ezinezkoa bada, bestelako espazio bat beharko dugu, baina, atoan».

Euren esanetan, jarduera sozial eta kulturalak egin gura dituen gazte «belaunaldi oso bat azpiegitura publiko barik dago, espazio erreferentzialik gabe».

Beste alde batetik, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Jose Luis Bilbaok Guggenheimaren atal berria Urdaibain egin nahi dutela esan ostean sortutako adierazpenak kritikatu zituzten gazteek. «Azken asteotan hainbat aldiz agertu dira Astrari buruzko berriak komunikabideetan. Albiste horietako batek ere ez du aipatu Udalak Astrako taldeentzat kokaleku berria aurkitu duenik». Hori dela eta, euren jarduna eta euren etorkizuna politikoen eskuetan ezin dutela «usteltzen utzi» azpimarratu zuten bertara bildutakoek.

Batzordea, «seriotasunez»

Joan den martxoan ere atzokoaren antzeko eskaria egin zuen Astrako koordinadorak, zenbait talde politikoren jarrera gaitzeztearekin batera. Hain zuzen ere, «Astran burutzen ziren ekintzak bertan behera uzteko eskatu zuten presa berdina» izatea eskatu zieten udal talde politikoei, baita batzordea «seriotasunez hartzeko exijitu» ere.

«Azken bi urteotan desberdinon artean eta modu parte-hartzaile baten bitartez eraiki duguna ez dugu politikoen esku usteltzen uzteko asmorik», esan zuten. «Astra proiektua babestea eta aurrera eramatea beharrezkoa» dela ere azpimarratu zuten orduan.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa