Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Busturialdea
2008ko abenduak 3, Eguaztena

Harpidetu zaitez!

Arantza zabala ETA marije atxalandabaso ð- Marimendi elkarteko kideak

«Bakoitzak bere buruari jartzen dizkion mugak baino ez daude»

Mendia

Marimendik Elbrusera egingo duen espedizioan eskualdeko bi emakume izango dira, Europako mendirik garaiena zapaltzeko asmoz.

Egoitz atxikallende

Arantza Zabala (Mendata, 1945) eta Marije Atxalandabaso (Bilbo, 1941) Marimendi elkarteko kideak dira. Laster espedizioa abiatuko dute Europako mendirik altuenera, Elbrusera ( 5.642 m), beste 25 emakume euskaldunekin batera. Errusia hegoaldean dago Elbrus, Kaukaso mendikatean, Georgiako mugatik hurbil.

Lau hitzetan, zer da Marimendi?

Arantza Zabala: Marimendi emakume mendizaleen talde bat da. Berrogei urte beteta ditugun eta bihotzez eta mintzoz euskaldunak garen emakumeon taldea da.

Marije Atxalandabaso: Emakumea eta mendia hurbildu nahi ditugu. Argi daukagu norberaren garapen pertsonalean bakoitzak bere buruari jartzen dizkion mugak baino ez daudela.

Kirola baino zerbait gehiago da Marimendi: elkarbizitza, elkartasuna...

Marije Atxalandabaso: Gure proiektua errebindikatiboa da. Emakumeok gure aisialdia antolatzeko eskubidea dugula aldarrikatu nahi dugu. Emakumea goi mendira hurbildu eta berdintasunezko mezua zabaldu nahi dugu.

Zabala: Etxetik kanpoko lanean oporrak hartuta ere, etxeko lanak izaten ditugu, eta ez da erraza hauek alde batera uztea eta gure aisialdia antolatzea. Orain arte gizonen esparruak izan direnak eskuratu behar ditugu.

Duela bi urte beste hemeretzi emakume mendizalerekin batera Mont Blanc (4.808 m) igo zenuten. Zein inpresio geratu zaizue?

Zabala: Oso oroitzapen onak geratu zaizkit. Mont Banc lau bidetatik egin genuen eta lau taldeok tontorrean batu ginen. Horretarako, eguraldiak ere lagundu zigun eta denbora nahikoa egin ahal izan genuen bertan. Mendi tontorrean dagoen ikuspegiagaz eta lagunez inguratuta, kide guztiok hunkitu ginela uste dut.

Atxalandabaso: Gailurrera heldu ginenean emozio desberdinak eta oso gogorrak sentitu genituen: malkoak, irrintziak, poza... Mendian gora gindoazela egunsentia ikustea ere oso zirraragarria izan zen. Igoera oso gogorra izan zen, fisikoki zein emozionalki.

Aurten Elbrus igotzeko asmoa duzue. Sei emakume gehiago eta duela bi urte baino 834 metro altuago. Gorantza doan proiektua al da Marimendi?

Zabala: Bai, apurka-apurka sendotzen doan proiektua da. Dena dela, esan behar da zenbait kidek atzera egin dutela diru kontua dela eta.

Atxalandabaso: Elbrus ez dugu soilik Europako mendirik altuena delako aukeratu, ekonomiagatik ere aukeratu dugu, ez dagoelako oso urruti.

Kirolari dagokionean, zeintzuk dira aurtengo espedizioaren zailtasun nagusiak?

Zabala:Mont Blanc-eko espedizioa askoz ere teknikoagoa izan zen. Zati batzuk harri artean eta beste batzuk izotzetan egin behar izan genituen. Mendi teknika desberdinak erabili behar izan genituen. Elbrusekoa tregoa gabeko aldats zuzena da. Garrantzitsuena aklimatazioa izango da. Horretarako, eta inguruan beste tontorrik ez dagoenez, gora eta behera ibiliko gara Elbruseko magalean.

Atxalandabaso: Zailtasun nagusiak malda, hotza eta oxigeno falta izango dira. Klimatologia oso gogorra da inguru hartan; izan ere, Itsaso Beltza eta Kaspiar itsasoaren eraginpean dago, eta haize gogorra ibiltzen da. Iazko abuztuan zero azpitik 20 graduko tenperatura neurtu zuten.

Noiz joango zarete Kaukasora?

Zabala: Uztailaren 15ean hasiko dugu abentura. Lehenengo Moskura joango gara hegazkinez, handik Kabardino-Balkaria Errusiako errepublika autonomora joateko.

Atxalandabaso: Mendi magalera uztailaren 17an helduko gara; egun berean hasiko dugu aklimatazioa.

Zenbat egun beharko dituzue tontorra egin ahal izateko?

Zabala: Zazpi edo zortzi egunetan Elbrus magalean ibiliko gara gora eta behera. Gorputza altuerara ohitzeko Cheguet (3.750 m) mendiaren inguruan ibiliko gara.

Atxalandabaso: Garabashi eski estazioan (3.750 m) eta Pastukhov harkaitzetan (4.650 m) jarraituko dugu prestakuntza. Bi gune hauek Elbrusen magalean daude.

Zein egunetan zapalduko duzue tontorra?

Zabala: Tontorra uztailaren 23an edo 24an egitea espero dugu.

Atxalandabaso: Uztailaren 22an Elbrus mendiko azken aterpean egingo dugu lo, 3.900 metrora. Aterpetxe horretatik tontorrera 1.742 metroko altuera gainditu beharko dugu azken egunean.

Egon al zarete inoiz 5.642 metrotan? Zer sentitzen da?

Zabala: Ni ez naiz inoiz egon horren altuera handian. Elbrusetik bueltatzean esango dut zer sentitzen den.

Atxalandabaso: Ni bai, 2006ko udan Kilimanjaro mendia (5.895 metro) igo nuen. Arnasa hartzea apur bat kostatzen bada ere, astiro ibilita ez nuen inolako arazorik eduki.

Zelako entrenamendua egin duzue Elbruseko erronkari aurre egiteko?

Zabala: Alde batetik, entrenamendu pertsonala egin behar da eta, beste alde batetik, taldeko entrenamenduak ere egin ditugu. Villanuako (Huesca, Espainia) Collarada mendian (2886 m) denok batera entrenatu ginen. Aitzgorriko gailurra ere egin dugu.

Atxalandabaso: Taldeko entrenamenduez gain, astean hirutan egiten ditut mendi txangoak.

Bestela ere, asko joaten al zarete mendira?

Zabala: Bai, Bilbon bizi naizenetik astean birritan igotzen dut Pagasarri beste lagun birekin. Aurton astelehenetan eta ostegunetan, eguzkia izan zein euria ari.

Atxalandabaso: Gutxienez astean hiru aldiz joaten naiz mendira.

Zein aldarri eramango duzue Elbrus puntara?

Zabala: Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarena, dudarik gabe.

Atxalandabaso: Aisialdian ere gizarteak ohituraz jarri dizkigun mugak apurtu ditzakegula emakumeok.

Zer da ezinbestekoa horrelako abentura batean?

Atxalandabaso: Ilusioa eta gogoa dira behar beharrezkoak.

Zabala: Gutxiengo baldintza fisiko batzuk ere ezinbestekoak dira. Baina, gu ez gara atleta bereziak. Pixka bat entrenatu behar da, baina emakume arruntak gara.

Zelan ospatuko duzue tontorra zapaltzen duzuenean?

Atxalandabaso: Mont Blanc-en egin genuen antzera: irrintziak, besarkadak, negarrak...

Zerbait esan nahi diezue mendia gustuko duten eskualdeko emakumeei?

Zabala: Emakume arruntak garela eta mendia maite dutenei beldurrik gabe Marimendiren atean aldaba jotzeko.

 


«Elbrus igotzeko zailtasun nagusiak malda, hotza eta oxigeno falta izango dira»

Marije atxalandabaso

Marimendiko kidea





 


«Emakumeok gure aisialdia antolatzeko eskubidea dugula aldarrikatu nahi dugu»

Marije atxalandabaso

Marimendiko kidea





 


«Gu ez gara atleta bereziak; apur bat entrenatu behar da baina emakume arruntak gara»

Arantza zabala





 


 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Erakusketak

Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28

Erakusketak

Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa