
Aske utziko dute Jabier Salutregi, 6.000 euroko fidantza ordaintzean
Ea
Iaz atxilotu zuen Espainiako Poliziak Eako udatiarra; epaileak hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zion.
maite orue
Espainiako Auzitegi Nazionalaren hirugarren aretoak hala erabakita, Jabier Salutregi `Egin´ egunkariko zuzendari izandakoa aske utziko dute datozen orduetan, 6.000 euroko fidantza ordaintzerakoan. 18/98 makrosumarioaren baitan epaitu zuten Eako udatiarra eta preso izan dute iaztik.
Espainiako Audientzia Nazionaleko Zigor arloko epaile Angela Murillok 18/98 auzian auzipetuta zeuden 52 lagunetik46 atxilotzeko agindu zuen iazko azaroan, «ihes egiteko arriskua» zegoela argudiatuta». Azaroaren 30ean atxilotu zuen Salutregi Espainiako Poliziak, Donostian. Juan Pablo Dieguez bermeotarra eta Olatz Egiguren Bermeon bizi den bilbotarra ere atxilotu zituzten egun berean. Dieguez Bermeon atxilotu zuten guardia zibilek, eta Egiguren Bilbon atxiki zuen polizia berak.
Hamabi urteko zigorra
`Orain´ atalean auzipetu zuten Eako udatiarra, eta zazpi urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak. Epailearen erabakiak, ordea, fiskalaren zigor eskaera gainditu zuen. Hain justu, ETAkide izatea leporatuta, hamabi urteko zigorra eta edozein kargu publiko betetzeko ezgaikuntza ezarri zion epaileak. Soto del Real eta Alcala-Meco espetxeetan (Madril, Espainia) eta Valencia II kartzelan (Herrialde Katalanak) izan dute preso.
Epaia eman eta hilabetera, makrosumarioko defentsak gogor salatu zuen auzia. Egindako irakurketa juridikoaren arabera, «salbuespenezko arauez baliatutako gerra epaia» izan zen.
Nazioarteko Pen Club erakundearen Writters in Prison Comittek (Idazle Presoen Batzordea) ere Salutregiren kartzelatzea salatu du duela gutxi, adierazpen askatasunaren urraketa argia eman zela iritzita.
Ongi-etorria Ean
Salutregirena ez da salbuespena izan, sumario berean zigortutako Elena Beloki laudiotarra ere herenegun utzi baitzuten aske. Duela bi aste, aldiz, Juan Mari Mendizabal eta Olatz Altuna askatu zituzten. Horiei ere 6.000 euroko bermea ezarri zieten. Ordea, 18/98 makrosumarioan epaitu zituzten eskualdeko beste bi bizilagunak, Juan Pablo Dieguez eta Olatz Egiguren, kartzelatuta dituzte oraindik, Valladoliden eta Almerian, hain zuzen ere. `Enpresak´ eta `Ekin´ ataletan epaitu zituzten, hurrenez hurren.
Jabier Salutregiren askatzearen harira, Eako ezker abertzaleak datozen egunetan izan daitekeen ongi-etorri deialdira adi egoteko eskatu du.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28
Hitzaldia
Etxebideri buruzko hitzaldia
BERMEO, Gizarte eta Kultura Etxean - 2008-12-04
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.