
Gernikako Ekologi Lan Taldeak Urdaibairen egoera salatu du
Politika
Ekologi taldeak, prentsa ohar baten bitartez, EAJk ekainaren 12ko prentsaurrekoan adierazitakoa salatu du
itsasne madariaga
Urdaibaiko Biosfera Erreserban bizi den egoera salatu du gernikako Ekologi Lan Taldeak. Prentsa ohar bidez, Biosfera erreserban indarrean dagoen babespen legea, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Legebiltzarreko alderdi politiko guztiek adostasun osoz onartu zutela gogorazi gura izan dute.
Etengabeko oztopoak
Biosferaren erreserbaren legea indarrean jarri zutenetik, Eusko Alderdi Jeltzaleak eskualdeko Udal ezberdinen bitartez, edota Bizkaiko Foru Aldundiaren bidez, Urdaibai erreserbaren babespenean eta garapenean etengabeko oztopoak jarri dituela salatu dute ekologistek prentsa oharrean.
Horrez gain, gaineratu dutenez, eraikitzeko lizentziak eta baimenak ukatzen direnean, hainbat udalek Urdaibaiko babespen legeari egozten diote errua, debekua autonomia erkidego osoan indarrean dagoen arren.
Kudeaketa desegokia
Gernikako Ekologi Lan Taldeak eskualdeko egoera ekonomikoren erantzule zuzen egiten du Euzko Alderdi Jeltzalea. Izan ere, eskualdeko erakunde gehientsuen ordezkariak baitira. «Urdaibaik eskaintzen dituen aukerak ez dira inoiz erabili, besteak beste, ingurumena, teknologia eta ikerketarekin harremana duten enpresak erakartzeko orduan», gaineratu dute. Horrez gain, Gernikako Bekoibarrako lursail industrialean kokatutako enpresei eusteko eta enpresa berriak erakartzeko ezer egin ez dutela kritikatzen du oharrak.
Diotenez, eskualdeko hainbat herritan burutu eta sortu diren proiektu askok ez diote garapen ekonomiko jasangarri bati eusten eta ez datoz bat eskualdeko berezkotasunarekin eta egoera ekonomikoarekin.
Talde ekologistaren ustez, Urdaibaiko industriagunea jasaten ari den beherakadaren joera aldaketa, gure eskualdeak berezko dituen baliabideetan oinarritu behar da. Besteak beste, sektore jakin batzuen tradizioak indartuz (kontserba, eraldaketa metalikoa, kuberteria...). Bestalde, ekoindustriarentzako eta ingurumenaren babesean interesatutako enpresentzat pizgarri diren baldintzak eskuratu beharko lirateke. EAJk bestelako politika bat bultzatu duela gaineratu dute, «espekulazioan oinarritutako eredua bultzatzen dute, Gernikako ibarrean libre dauden lursailak baliatu beharrean».
Plan urbanistikoak
«Badirudi zinegotziek proposatzen dituzten plagintza guztiak porlanarekin eta lursailen mugimenduarekin harremana duten enpresak sustatzeko eginak direla», diote, eta horren adibide, Sollubeko eta Autzaganeko tunelak, industriaguneak, saihesbideak, landa guneetako urbanizazioak direla. Nekazaritza indarberritzea, turismo ekologikoa suspertzea eta tokian tokiko produktu eta saltokien eragina bultzatzea faltan botatzen ditu Gernikako Ekologia Lan Taldeak.
Horrez gain, ekologistek ingurumenarekin eta pertsonekin errespetua bultzatzeko ez dela eskualdeko enpresen teknologia berritu gaineratu dute.
Urdaibaiko garapenerako eta babeserako plana zalantzan jartzen dutenei, ordea, zera esan gura diote ekologistek: porrot egin duena erakundeetako ordezkarien polika izan dela.
Urdaibairen garapenean eta babesean aurrera egiteko Urdaibaiko Patronatua lan tresna egokia dela gaineratu dute ekologistek kaleratutako oharrean.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Jaiak
Gaztaņerre eguna
GAUTEGIZ, - 2008-10-12
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.