
migel izagirre eta gorka gerrikagoitia ð- Euskaltel Euskadiko masajista eta kirol zuzendaria
«Garrantzitsua da lehenengo astean etaparen bat irabaztea»
Kirola
Tourra aste honetan bertan hasiko da, eta lasterketa hori gertutik jarraitu beharko dute Migel Izagirrek eta Gorka Gerrikagoitiak.
oihana cabello
Urtean egun asko egiten dituzte etxetik kanpo, eta hori zaila egiten zaiela aitortu dute Migel Izagirrek (Gernika-Lumo, 1978) eta Gorka Gerrikagoitiak (Gernika-Lumo, 1973). Euskaltel Euskadi txirrindulari taldeko masajista da lehena, eta kirol zuzendaria bigarrena. Zapatu honetan hasiko da Frantziako Tourra, eta han izango dira biak.
Zertan datza zuen lana?
Gorka Gerrikagoitia: Hiru kirol zuzendari ditu taldeak, eta bakoitza lasterketa zehatz batzuetaz arduratzen da. Aurten Australian izan naiz urtarrilean, gero Valentzian, Paris-Nizan, udaberriko klasiketan, Romandiako Tourrean, Kataluniako biran, eta orain Frantziako Tourrera noa. Horiek antolatu behar ditut. Zein txirrindularik parte hartuko duten lasterketa bakoitzean, zein laguntzaile eroango ditugun erabakitzea, zein auto eroango ditugun. Hori dena kirol zuzendarien ardura da.
Migel Izagirre: Gu sei gara, eta lasterketa bakoitzean normalean hiru izaten gara. Frantziako Tourrean eta Giroan, hala ere, lau edo bost izaten gara. Batzuk hotelean geratzen dira, eta beste batzuk lasterketetara doaz. Behin txirrindulariak hotelera heltzen direnean, han ematen dizkiegu masajeak. Horrez gain, gosarietan, afarietan eta lasterketetan zer jango duten eta zer edango duten ere guk erabakitzen dugu. Arropa ere guk aukeratzen dugu.
Zer egiten zaizue zailena?
Gerrikagoitia: Presioa bera. Jende asko dago taldearen emaitzen zain eta akats txikiena eginda ere presio hori igarri egiten da. Horrez gain, etxetik kanpo egotea ere gogorra egiten da. Azken batean, urtean zehar egun asko dira etxetik kanpo egiten ditugunak.
Izagirre: Etxetik kanpo egotea gogorra da. Gainera, gu lasterketetara autoan, autobusean edo kamioian joaten gara, eta hainbat ordu eman behar ditugu bidean.
Tourra da hurrengo zita. Nola ikusten duzue taldea?
Gerrikagoitia: Ondo. Tourraren aurreko lasterketetan taldeak emaitza onak lortu ditu. Talde potentea daramagu, Euskaltel Euskadin dugun onena, eta aukerak baditugu. Iaz etapa bat irabaztea falta izan zitzaigun, eta aurtengo helburu nagusia hori izango da. Garrantzitsua da lehenengo astean irabaztea, horrek konfiantza ematen dizulako. Gainera, Pirinioak Alpeak baino lehenago igoko dituzte aurten, eta Pirinioetan gure afizioa egoten da. Hango etapak ere ez dira oso zailak. Horregatik, polita litzateke Pirinioetan irabaztea, Tourraren bigarren zatia helburua lortuta hasteko. Horrez gain, sailkapen orokorran iaz lortutako postua hobetzen saiatuko gara.
Izagirre: Nirekin izan diren txirrindulariak ondo ikusi ditut.
Zein da taldeak egin beharko lukeen lana?
Gerrikagoitia: Batez ere, azken urteetan borrokatzen ari garena. Hau da, talde-lana. Azken lasterketetan hori izan da ikusi dena. Taldeka lehenengo sailkatu da Euskaltel Euskadi Dauphine-Libere lasterketan. Hori denon lanagaz lortu da, eta hori da bultzatu gura duguna. Txirrindulari bakoitzak jakin dezala lasterketa barruan zein den bere zeregina eta denon artean egin beharrekoa ondo egitea.
Zuen taldekoen artean faboritorik ba al duzue?
Gerrikagoitia: Bai. Talde potentea daramagu Tourrera. Taldearen hiru zutabeak Samuel Sanchez, Mikel Astarloza eta Haimar Zubeldia izango dira. Samuel Sanchez aurtengo apustua izan da Frantziako Tourrari begira. iaz hirugarren egin zuen Espainiako biran. Beraz, Samuel Sanchez noraino iritsi daitekeen ikustea da asmoa. Urte hau, gainera, nahiko garrantzitsua izango da berarentzat. Orain arte lasai hartu du urtea, lehenenengo helburua izango den Tourrera begira. Ikusiko dugu zer gertatzen den.
Eta zein talde edo txirrindulari ikusten dituzue aurkari?
Gerrikagoitia: Taldeekin baino, txirrindulariekin lehiatu beharko dugu. Silence Lotto taldeko Cadel Evans izan daiteke faboritoa. Rabobank taldeko Mentxov ere badago, CSC taldeko Schleck anaiak... Frantziako Tourra txirrindulari guztien helburu nagusia izaten da, eta denak heltzen dira lasterketara ondo preparatuta. Hamar bat izango dira goian ibili daitezkeenak, eta horiek kontrolatzea eta beraiek baino hobeak izatea izango da erronka.
Gernikar bi dituzue zuen taldean, Antton Luengo eta Andoni Lafuente. Ez dira Tourrean izango baina, zelan ikusten dituzue ?
Izagirre: Azken asteetan Andonirekin [Lafuente] lan egin dut, Suitzan. Gaztea da eta oraindik badu zer ikasi. Baina Suitzan, lider ginela, lan ona egin du taldearentzat eta ondo ikusi dut. Antton [Luengo], berriz, etapa txar bat ari da pasatzen, arrazoi pertsonalengatik, eta animo aldetik apur bat baxu ikusten dut. Ea aurrera egiten duen apurka-apurka.
Gerrikagoitia: Hasteko, ez da erraza gernikar bi Euskaltel Euskadi bezalako talde batean egotea. Azken finean txirrindularitzaren elitea baita eta munduko onenen aurka lehiatu behar duzu. Lafuente afizionatuen kategoria batetik dator eta ez dago munduko onenen aurka lehiatzera ohituta. Gaztea da eta lan ona egiten ari da, apurka-apurka pausoak emanez. Luengori dagokionez, bospasei urte daramatza profesionalen mailan eta argi dago une txarra pasatzen ari dela, psikikoki fisikoki baino gehiago. Beraz, hurrengo urtera begira ikusi beharko da zer gertatzen den.
Eta Euskaltel Euskadikoa ez, baina eskualdekoa da Beñat Intxausti ere. Azkenaldian, gainera, asko entzun izan da haren izena.
Gerrikagoitia: Etorkizuna duen gaztea da. Goian dagoen gaztea da, batez ere, euskal txirrindularitzan. Pena da gurea ez den beste talde batean lehiatzea.
Beraz, Intxausti fitxatzeko asmorik?
Gerrikagoitia: Dena da posible.
Izagirre: Nagusiekin hitz egin beharko da [barreak].
migel izagirre
Masajista
gorka gerrikagoitia
Kirol zuzendaria
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28
Musika
Mikel Markezen kontzertua
BERMEO, Kafe Antzokian - 2008-12-03
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.