
Sollubeko eta Autzaganeko tunelak egiteko proiektua agertu du Aldundiak
Azpiegiturak
Bide berriak 2012 eta 2013 urteen artean martxan egongo direla aurreikusten dute.
olaia zabalondo
«Bizkaiko eskualdeen garapena sustatze aldera», Foru Aldundiak «beharrezkoak diren azpiegituren eraikitzea aurreratzea» erabaki du. Hala iragarri zuten atzo Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak eta Iñaki Hidalgo Herri Lan saileko diputatuak eta, jakitera eman zutenez, eskualdean ere egingo dituzte zenbait jarduera. Hain zuzen, Zornotza eta Muxika lotzen dituen errepidean eta Mungia eta Bermeo lotzen dituenean bide azkarrak egingo dituzte, tunelak aurreikusiz Autzaganen zein Solluben.
Eskualdekoak kontuan hartuz, sei izango dira Bizkaiko Foru Aldundiak sortuko dituen azpiegiturak eta denetara 1.300 euroko inbertsioa egingo du. Bide berriak 2012 eta 2013 urteen artean martxan egongo direla aurreikusten dute.
Batetik, Autzagane eta Muxika artean bide azkarra eraikiko dute eta, horrek, «Urdaibaiko Biosfera Erreserbara modu azkar eta seguru batean heltzea ahalbidetuko» duela diote Aldunditik. Agertu dutenez, 11,5 kilometro izango ditu bideak eta obrek bi urteko iraupena izatea aurreikusten dute. Hartara, 2012rako martxan izango dela aurreratu dute.
Obra horren berezitasun nagusia Autzaganen egingo duten 580 metroko tunelarena izango da. Horren bidez, Zornotzara heltzeko behar den denbora murriztea dute helburu. Hain zuzen, gaur egun Gernika-Lumotik Zornotzarainoko tartea egiteko ibilgailu batek 23 minutu behar dituela baina bide azkarrarekin denbora hori hamar minutura jaitsiko dela aurreikusten du Aldundiak.
Solluben tunel bi
Busturialden egingo duten bigarren jarduera Mungia eta Bermeo arteko ardatzaren izango da. Alde batetik, Mungiako autobidea Bidebietaraino zabalduko dute eta bigarren fase batean Bidebieta eta Bermeo arteko bide azkarra eraikiko dute. Guztira, hamabi izango dira eraikiko dituzten kilometro berriak.
Ardatz hori egiteko bi urte behar izango dutela eta 2013an martxan izatea espero dutela esan zuten Aldunditik. Obra horren azpiegiturarik esanguratsuenak egingo dituzten tunelak izango dira: 1.500 metroko bat Bidebietan eta beste bi Solluben, 480 metrokoa eta 800 metrokoa, hurrenez hurren. Gaur egun, Bermeotik Txorierriko korridorerainoko tartea egiteko 33 minutu inguru behar dira. Obren ostean, aldiz, denbora hori hamabost minutukoa izango da, Aldundiaren arabera.
Abantaila ekonomiko-sozialak
Egitasmo honek zenbait helburu ditu. Alde batetik, egingo diren lanak kontutan izanik, Bizkaiko enpresen jarduerak bultzatu nahi ditu Aldundiak; lan publikoen eraikitze sektorean eta honekin harremanetan dauden beste sektoreetan ere. Lanpostu berriak sortu nahi ditu eta baita gaur egungo lanpostuen egonkortasun falta bermatu ere. Horrez gain, kontsumo-ondasun iraunkorrak sustatzeko helburua ere badu Foru Aldundiak.
Eraikiko dituzten azpiegiturek beste zenbait helburu dituzte. Lehenengo eta behin, Bizkaiko eskualde guztien bide-komunikazioetako kalitateko erabilera sustatu nahi dute. Bizkaiko enpresen desabantaila lehiakorrak ezabatu nahi dituzte. Lan horiekin Bizkaiko herritar batzuek bizi dituzten desabantailak murriztu nahi dituzte; lanera, merkatalguneetara edo gune kulturaletara joateko, besteak beste.
Horretaz aparte, Bizkaiko jarduera sozialaren eta ekonomikoaren errentagarritasuna areagotzeko helburua dute; bidaiatzeko denbora aurreztu, ibilbidearen iraupenean segurtasuna bermatu eta kutsadura murriztea.
Istripuak eta kutsadura isuriak ere murriztu nahi dituzte eta, beste alde batetik, lanpostuak sortu nahi dituzte. Diotenez, gutxi gora behera 320 lanpostu sortuko dira ikerketa eta proiektu garaian, 4.350 lanpostu eraikitze fasean eta beste 60 lanpostu ustiapen garaian.
«Britainiar eredua» jarraituko dute
Proiektu hauek aurrera ateratzeko «britainiar eredua» erabiliko dutela esan zuen Bilbaok. Hortaz, enpresa partzuergo bat arduratuko da proiektuaz. Enpresa partzuergoa ingeniaritzaz, eraikitzailez, finantzariz eta ustiatzailez osatuta egon beharko da. Lan horiek Bizkaiko Foru Aldundiak urtero egingo dizkieten ordain baten bitartez egingo dituzte. 35-40 urte inguru behar izango ditu Aldundiak lanak ordaintzeko.
xehetasunak
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28
Hitzaldia
Etxebideri buruzko hitzaldia
BERMEO, Gizarte eta Kultura Etxean - 2008-12-04
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.