Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Busturialdea
2008ko urriak 6, Astelehena

Harpidetu zaitez!

Guggenheim museoaren egoitza berriari buruz ezer ez dakiela esan du Patronatuak

Kultura

EAJko BBBren presidente Andoni Ortuzarrek proiektua «aurreratua eta ondo zehaztua» dagoela dio.

egoitz atxikallende

Herenegun Bizkaiko Ahaldun Nagusi Jose Luis Bilbaok Guggenheim Museoaren atal berri bat Urdaibain eraiki nahi dutela iragarri ondoren, bolo-bolo darabilte gaia alderdi politikoetako eta instituzioetako ordezkariek, egitasmoa sendoa dela esanez. Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuko arduradunek, ordea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailak Aldundiaren egitasmoaren berririk ez duela jakinarazi dute. Hau da, egundaino ez dela Patronatuan ezelako proposamenik aurkeztu.

Aipatu saileko prentsa arduradun Alberto Gartziaren esanetan, «Urdaibai patronatoak ez daki ezer gai honen induruan, ez dugu inolako eskaririk hartu». Horrez gain, Urdaibai toki berezia dela eta horrelako proiektu bat ezin daitekeela edonon egin gaineratu du.

Ingurumen sailak ere ekimenaz ezer ez dakiela adierazi du. Esther Larrañaga Ingurumen sailburuak «zehaztasunen zain» dagoela esan du, eta Urdaibain egin daitekeen proiektu orok «jasangarria» izan behar duela ezinbestean.

Aldeko iritzi asko

Kontrara, Andoni Ortuzar EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak Bizkaiko Foru Aldundiak proiektua lantzen urtebetetik gora daramala esan du, egitasmoa «sendoa» dela gaineratuz. «Ez da Ahaldun Nagusiaren udako gau baten emaitza».

Proiektua «aurreratua eta ondo zehaztua» dagoela ere esan du Ortuzarrek. «Duela hogei urte Bilboko Guggenheim Museoa bultzagarria izan zen, eta beste urrats bat eman beharra dago atzean ez geratzeko. Fundazioa bera aukerak begiratzen hasita zegoen, eta aurrea hartzea erabaki genuen guk, inork beste leku bat pentsatu aurretik Urdaibain finkatzeko».

Josune Ariztondo Kultura diputatuak, bere aldetik, «proiektua interesgarria eta estrategikoa» dela adierazi du. Bere esanetan, «turismoa bultzatzen lagunduko du, Bizkaian eta Euskadi osoan». Kultura diputatuak dioenez, ingurumena zainduko dela agertu du. «Ziur nago ingurumenari ez diogula kalterik egingo, mesede bai, ordea».

Zenbait iturriren arabera, Bilboko Museoa baino txikiagoa izango da Urdaibain egin nahi duten eraikina, 5.000 metro koadrokoa, hain zuzen ere. Bilbokoak, aldiz, 25.000 metro koadroko azalera dauka. Hartara, Bilbon egin ezin diren tamaina handiko erakusketak Urdaibaira ekartzea da asmoa.

Josune Ariztondok aurreratu duenez, «paisaiarekin bat etorriko da museoa, paisaiari eta naturari begirako eraikina izango da». Atal berria diseinatuko duen arkitektoa aukeratzeko nazioarteko lehiaketa egingo dutela ere aurreratu du Kultura diputatuak.

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak ere eman du bere iritzia egitasmoaren gainean. Bere ustez, «proiektuan dagoen ideia bat» da oraindik eta «denen artean» osatu beharrekoa. Hari beretik, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramalearen arabera, proiektua Aldundiak bultzatu duen arren beste erakundeek ere badute parte hartzeko aukera.

Aurkako iritziak ere bai

PSEk, PPk eta berdeek Bilbaok iragarritako proiektua kritikatu dute. Hain zuzen, Ahaldun Nagusiak emandako berria hauteskundei begirakoa dela diote eta, era berean, Urdaibai mota horretako eraikin bat hartzeko leku egokia ez dela uste dute.

PSEko Jose Antono Pastorek Espainiako irrati publikoan esan duenez, «ez da oso zuzena ezta leiala ere berri hau komunikabideen bidez hartu izana».

Iritziak iritzi, oraindik egitasmoaren inguruko xehetasunak argitu barik daude, kokapenarena, esaterako. Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak aukera ugari daudela agertu du, eta horietatik egokiena hautatu beharko dutela, «eraikin enblematiko bat eraikitzeko». Horrez gain, «artea, natura , iraunkortasuna eta jarduera ekonomikoa» elkarlotuko dituen proiektua bultzatuko dutela ere aipatu du.

Iñaki Madariaga Errigoitiko alkateak horrelako proiektu bat gure eskualdean egiteaz «pozik eta harro» dagoela aipatu du. Horrez gain, «proiektu hau ez da bat-batekoa EAJ hainbat denbora ibili da gaia aztertzen», gaineratu du. «Krisi ekonomikoaren garaietan erakundeak dira erantzunkizuna hartu behar dutenak eta berau gainditzeko tresnak proposatu behar dituztenak».

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa