Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Busturialdea
2008ko urriak 6, Astelehena

Harpidetu zaitez!

Guggenheimen atal bat Urdaibain eraiki nahi duela iragarri du Aldundiak

Kultura

Azpiegitura berri horretan 100 milioi euroko inbertsioa egingo dutela adierazi du Bizkaiko Ahaldun Nagusiak.

maite orue

Barikuan sinatu zuten Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Ahaldun Nagusiek dezelerazio ekonomikoari aurre egiteko neurri sorta. Horren harira, Bizkaian hartuko dituzten neurrien berri eman zuen atzo Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Bilbon. Aipatutako jardueren artean, Guggenheimen hedatzea izan zuen hizpide eta museoaren atal bat Urdaibain kokatu nahi dutela esan zuen.

Bilbaoren esanetan, azpiegitura berria «munduan barrena gure bandera-ontzia denaren berme berri bat izango da hurrengo hogei urteetarako». Helburua «artea, ingurumena, jasangarritasuna eta jarduera ekonomikoa elkarrekin lotzea» izango dela gaineratu zuen Ahaldun Nagusiak, eskualdean zein Bizkaia osoan.

Atal berri hori eraikitzeko Bizkaiko Foru Aldundiak 100 milioi euroko inbertsioa egingo duela ere agertu zuen Bilbaok, baina ez zuen proiektuaren inguruko beste zehaztasunik eman, egitasmoaren kokapena zein epeen inguruko datuak airean utziz.

Proiektu «irmoa»

Guggenheimaren prentsa arduradunek argitu zutenez, hasierako fasean dago oraindik proiektua eta, beraz, lehenbizi hainbat dira egin beharreko ikerketak. «Zenbat espazio behar izango duen, zer nolako arkitektura izango duen eraikinak edota bideragarria litzatekeen aztertu behar da oraindik». Hori bai, atariko fasean dagoen arren proiektua «irmoa» dela esan zuten.

Bilbaoren hitzekin bat eginez, «artea eta natura uztartuko dituen proiektua» izango dela esan zuten Bilboko museoaren prentsa arduradunek. «Proiektu jasangarria izango da. Balio arkitektoniko handiko eraikina egitea da asmoa, beti ere ingurumenarekiko errespetuz». Era berean, egitasmoak New Yorkeko (AEB) Guggenheim Fundazioaren zein Bizkaiko Foru Aldundiaren «babes osoa» duela esan zuten.

Helburuei dagokienean, moteltze ekonomikoari aurre egiteko neurrien baitan kokatu dute proiektua Guggenheimeko arduradunek ere. «Urtean bataz beste milioi bat bisitari izan ditu Guggenheimek eta urtero mantendu da bataz besteko hori. Arte garaikidearen proposamen berriak aurkezteko gune berri baten beharra dago eta, modu horretara, Bizkaia osoaren birsorkuntza sustatu dezakegu».

Agerraldi bat aprobetxatuz, Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroño balizko kokapenaz mintzatu zen. «Hitz eginda dugu Hezkuntza sailburuagaz Goi Mailako Ikasketen zentroarena. Horretarako 7.000 metro koadro beharko lirateke, eta beste 7.000 daude libre. Gure asmoa izan da horietan zentro soziokulturala egitea. Beraz, Guggenheim eginez gero, horrek batuko luke dena. Oraingoz, ni behintzat, hemen eraikitzearen aldekoa naiz. Eskualdean ondoen komunikatuta dagoen herria Gernika dela ere esan zuen Gorroñok, baina, ezer egin aurretik herritarren adostasuna ezinbestekoa dela esan zuen. «Horrelako aukera bat ez dela galdu behar eta denok eseri eta berba egin beharko genukeela uste dut».

Udal bereko Ezker Abertzalea udal taldeak, bere aldetik, argi utzi nahi izan zuen gobernuan egon arren gaiaren gainean ezer ez zekiela. Bestetik, Astrak espazio mugatua duela eta gune hori, goi mailako ikastegia hartzeaz gain, `Kilometro 1´ prozesutik ateratzen diren beharrizanak asetzera bideratu behar dela. Gainerako proposamenak gobernuak eta herritarrek egin beharrekoak direla ere esan zuten.

PP alderdia, aurka

Aldundiaren iragarpenaren berri izatean, Bilbaori Batzar Nagusietan egitasmoaren gaineko azalpenak eskatuko dizkiola adierazi zuen Bizkaiko PPk. Alderdi horretako batzarkide Arturo Aldekok antzeko museo bik ez dituztela bisitariak bikoizten esan zuen, «baina bai bikoizten dituzte, ordea, gastuak». PSEko kideek, bestalde, «nahigabetuta» daudela esan zuten, «ez direlako Batzar Nagusiak aintzat hartu». Miren Azkarate Kultura sailburuaren hitzetan, zabaltzea «mahai gainean dago».

 


Museoaren arduradunek diotenez, lehenbizi hainbat dira egin beharreko ikerketak

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa