Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Busturialdea
2008ko abenduak 3, Eguaztena

Harpidetu zaitez!

juan antonio madariaga ð- AAMko auzipetua

«Epaileak dagoeneko epaia emanda duela uste dugu auzipetu guztiek»

Politika

Apirilaren 21az geroztik Amnistiaren Aldeko Mugimenduko 27 kide epaitzen ari dira, tartean Juan Antonio Madariaga `Madari´ bermeotarra.

olaia zabalondo

Apirilaren 21az geroztik Amnistiaren Aldeko Mugimenduko (AAM) 27 ordezkari ari dira epaitzen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Amnistiaren Aldeko Batzordeetako, Askatasuneko, Behatokiko eta Senideak elkarteko ordezkariak daude auzipetuta. Juan Antonio Madariaga `Madari´ (Gernika-Lumo, 1951) bermeotarra ere auzi horretan ari dira epaitzen.

AAMren aurkako epaiketa dela-eta astean hiru egunetan egon behar zarete Madrilen. Nola bizi duzue egoera hori?

Orain arte beste euskal herritar askok bizi izan duten bezala bizi dugu guk ere. Gure esperientzia oraindik laburra da. Hilabete eta erdi bakarrik daramagu eta, azken finean, gainditzen duzun gauza da. Gure saioak oso laburrak izaten dira, defentsa juridikorik ez dugulako egiten. Beste batzuek, ostera, goiz eta arratsaldez egon behar izan dute epaitegian eta, gainera, urte bete baino denbora luzeagoz. Bertan goiz eta arratsaldez egon beharra oso gogorra da, aspertu egiten zara. Familia eta lagunak utzi behar dituzu... Eta hori ez da guk bakarrik bizi duguna. Zenbait euskaldunek sarritan joan behar izaten dute Madrilera. Agian ez gure beste egun, baina bai oso sarri. Beraz, gure egoera ez da berezia.

Defentsa juridikorik ez egitea erabaki zenuten bere garaian. Zer dela eta?

Erabaki horretan zerikusi handia du Espainiako Auzitegi Nazionalak hartu duen papera. Orain arte militanteen aurkako jarrera izan du. Orain errepresio maila guztietan sartu dira: alderdi politikoak, mugimendu sozialak... Ez diete arnasarik hartzen uzten herri honetako erakunde politikoei edota sozialei zein euskal militanteei. Beste alde batetik, orain arteko esperientziek ez dute inolako bermerik ematen. 18/98ko epaiketan zer gertatu zen ikusi dugu. Nahiz eta frogarik ez izan, hainbat lagun zigortu zituzten. Beraz, gure epaiketa beste epaiketa mota bat izan beharko litzatekeela pentsatu genuen. Azken finean, euskaldunek epaitu behar gaituzte; euskaldunek erabaki behar dute gure lana ondo edo txarto egin dugun. Madril ez da inor euskaldun bat epaitzeko. Orain arte gure papera Espainiako Auzitegi Nazionala bera epaitzea izan da; bere papera maila guztietan ipini nahi izan dugu zalantzan.

ETAko kide izatea leporatzen dizute...

Bidelak 1976an Argentinan kolpea eman zuenean esan zuen iraultzaile edo subertsibo guztien aurka egiteko ematen zuela kolpea. Subertsiboak armak erabiltzen dituztenak bakarrik ez zirela zioen, baizik eta zibilizazio judu-kristauen aurka azaltzen ziren guztiak. Espainiako Garzon epaileak ikuspegi bera du. Haren ustez, terroristak ez dira bakarrik armak dituzten horiek, baizik eta herri baten alde borrokatzen duten guztiak. Horren arabera, normala da gu terroristatzat hartzea. Azken finean, errepresio motak berdinak dira Argentinan eta hemen .

Orain arte zer nolako itxura hartu diozue epaiketari?

Forma aldetik esan behar dugu berba egiten utzi digutela, forma juridikoak mantendu nahi dituzte-eta. Gure artean ondo konpontzea nahi dutela ematen du. Bestalde, hamalau lekuko eraman genituen eta horiek berba egiten eta beraien testigantzak ematen hasi zirenean, epaileak ez zuen horrelakorik entzun nahi izan. Lekukoak esaten ari zirena gaiarekin zerikusirik ez zuela esan zuen epaileak. Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Senideak estatuen errepresioari aurre egiteko sortu genituen eta epaileak ez du hori entzun nahi izan. Horrek epaileak bere epaia aurreikusita duela uste izateko zantzuak ematen dizkigu. Guk aurkeztutako lekukoen testigantzak ez ditu entzun nahi izan eta, horrek, azken batean epaileak sententzia dagoeneko emanda duela adierazten du.

Jendartearen laguntza izan al duzue?

Ez dugu eskatzen inputatuekiko zein erakundeekiko elkartasuna, herri honetan elkartasuna presoen senitarteekiko eta presoekiko izan behar dela uste baitugu. Adibidez, Elias [Fernandez] preso bermeotarrarekiko, kalean behar lukeen herritar bat delako. Gu ez gara beste inor baino gehiago. Beraz, elkartasuna beste aspektu batzuetan eskatzen dugu: gaixoen alde lan egitea, urrun dauden presoen alde lan egitea, kalean behar luketen presoen alde lan egitea, senitartekoei bidaietarako laguntzak ematea... Hor behar luke elkartasunak. Azken finean, guk ez dugu elkartasun hori behar, eta gure erakundeak ere ez du elkartasunik behar.

Horrenbeste epaiketaren ostean, zure ustez, nola dago gizartea gaur egun?

18/98, Segiren aurkako epaiketa, Batasuna auzia... Epaiketa guzti horiek argi uzten dute espainiar estatuak herri honen aurka egiten duen apustua bainon ez direla. Herri honen alde lan egiten duten guztiak zigortu nahi dituzte, hori dute helburu. Hemen ez gaituzte gu bakarrik epaituko . Euskararen alde lan egiten dutenak epaituko dituzte, euskal selekzioaren alde lan egiten dutenak epaituko dituzte... Finean, herri hau aldarrikatzen duten guztien aurkako epaiketak izango dira hemendik aurrera. Bakoitzak jakin beharko du egoeraren aurrean nola jokatu beharko duen.

 


Euskaldunek epaitu behar gaituztela uste dugu; Madril ez da inor euskaldun bat epaitzeko

Garzonen ustez, herri baten alde borrokatzen duten guztiak dira terroristak



 


Estatuen errepresioari aurre egiteko sortu ginen eta epaileak ez du hori entzun nahi izan

Herri hau aldarrikatzen duten guztien aurkako epaiketak izango dira hemendik aurrera



 


 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa