
Ingurumen arloko kezkak eroan dituzte udalera ikasleek
Ingurumena
Garapen iraunkorrerako proposamenak egin dizkiote Montorreko ikasleek alkateari.
miren korta
Gautegiz Arteagako Montorre ikastetxeko ikasleek Eskolako Agenda 21eko Udal Foroa egin zuten atzo Miren Lourdes Bilbao herriko alkatearekin. Batzarra herriko kultur etxean egin zuten eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek urtean zehar egindako ikerketa lanaren ondorioak azaldu zizkioten alkateari. Izan ere, herriko gazteek ikasturte osoa eman dute plana prestatzen.
Herriaren eta eskolaren egoeraren diagnostikoa egin zuten kurtso hasieran ikasleek. Horretarako, azpiegiturak eta ekipamenduak aztertu zituzten eta konpondu barik dauden arazoen zerrenda osatu zuten. Gazteen esanetan, «argi indarraren gehiegizko erabilpena eta kutsadura dira gehien kezkatzen gaituzten gaiak».
Montorre ikastetxeak dituen 50 ikasleak hurbildu ziren herriko kultur etxera eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ordezkariek ikerketaren emaitzak azaldu zizkioten alkateari. 2005/2006 ikasturtean Eskolako Agenda 21 programagaz hasi zirenetik, ikasleak urtero batzartu dira alkateagaz garapen iraunkorraren aldeko konpromisoa eskatzeko eta proposamen berriak egiteko.
Gautegiz Arteagako alkateak arreta osoz entzun zituen gazteen iradokizunak eta iazko ekintza planari esker herrian egin diren hobekuntzak zerrendatu zituen. «Birziklapena bultzatzeko eskatu zenuten edukiontzi berriak, esaterako, auzo guztietan jarri ditugu dagoeneko», azaldu zuen Miren Lourdes Bilbaok.
Aurkezpena amaitzerakoan, ikasleek 2008ko ekintza plana eman zioten alkateari eta berak esandakoa udalbatzagaz aztertzeko eta eztabaitzeko konpromisoa hartu zuen azken horrek. «Udalak garapen iraunkorraren aldeko konpromisoa aspaldi hartu zuen eta proiektu batzuk martxan daude dagoeneko, esate baterako, laster frontoia egokitzen hasiko gara».
'Patruila Berdea'-ren bideoa ikusi zuen alkateak
Azkenean, ikasleek sortu duten `Patruila Berdea´ izeneko taldeak egin duen bideoa erakutsi zioten alkateari. Bertan, «gauzak horrela jarraituz gero» eskualdeko ekosistemak etorkizunean jasango dituen aldaketa gogorrak erakusten saiatu ziren. Taldeak gaiari buruzko txostena prestatu du, sarean eskuragai dagoena. Bertan, kutsadura murrizteko eta energia aurrezteko «zentzuzkoak diren aholkuak» ematen dituzte eta ekimen horren bidez egoera hobetzeko asmoa erakutsi dute.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Musika
Mikel Markezen kontzertua
BERMEO, Kafe Antzokian - 2008-12-03
Hitzaldia
Etxebideri buruzko hitzaldia
BERMEO, Gizarte eta Kultura Etxean - 2008-12-04
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.