Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Busturialdea
2008ko abenduak 3, Eguaztena

Harpidetu zaitez!

enrique morente ð- Musikaria

«Picassori eta Gernikako bonbardaketako biktimei abestu diet disko berrian»

Musika

Pablo Picassoren poema eta gogoetekin osatu du lan berria Enrique Morentek. 'Pablo de Malaga' diskoa Gernikan aurkeztuko du ekainean.

irune berro (berria)

Bilbora etorrita, Enrique Morentek (Granada, Espainia, 1948) Mikel Laboari eskaini dizkio lehen hitzak. «Izugarri estimatzen dut. Artista handia da, eta pertsona are handiagoa. Haren herrian nago, eta hari zor dizkiot lehen berbak». Pablo Picassoz mintzatu da ondoren, artistak idatzitako literatura piezez, eta Gernikako eta Irakeko sarraskiez gero. «Egungo Gernika da Irak».

Picassoren Gernika obraren zirriborroak ikustean zirrara berezia sentitu zenuen. Eta sentipen horretatik abiatuta sortu duzu 'Pablo de Malaga diskoa', ezta?

Duela hamabost bat urte ikusi nituen aurrenekoz Gernika koadroaren zirriborroak. Orduan ez nuen diskorik egitea erabaki. Gauza askok hunkitzen naute, eta bakoitzarekin disko bat egin beharko banu, hiruzpalau disko egin beharko nituzke egunero! [barre egin du]. Carmen Gimenez Malagako Picassoren museoko zuzendariak eskatu zidan Picassoren poemekin zerbait egiteko. Bizpahiru kantu sortu nituen, eta museoaren inaugurazio ekitaldian abestu nituen. Disko labur batean bildu nituen. 500 ale atera nituen; lagunen artean banatzeko, batik bat. Baina ingurukoek lan osatuagoa egin behar nuela esaten zidaten, eta egin dut azkenean. Hemen dago, eta Picassori ez ezik, Gernikako biktimei ere eskaini nahi diet. Picassoren koadroan agertzen den emakumeari. Minez eta sufrimenduz garrasi egiten duen horri. Antzeko sarraskietan hildako emakume guztiei.

Picassok Malagaz eta Gernikaz idatzitako poemak aukeratu dituzu diskoa osatzeko. Zer kontatu duzu lan horien bidez?

Poemak egin zituen margolariari edo margolanak egin zituen poetari eskerrak ematen saiatu naiz diskoaren bidez. Picassori abesten. Gizateriari egin dion ekarpenagatik eskerrak eman nahi nizkion. Bestalde, Malagan sortutako artista dela aldarrikatu nahi dut diskoarekin. Ez naiz batere chouvinista. Badakit Picasso handia dela, eta handiak direnei gauza bat gertatzen zaie: ez dira sortzen diren lekukoak, mundukoak baizik.

Hamahiru poema aukeratu dituzu. Zergatik horiek eta ez beste batzuk? Nolakoak dira?

Badakit Picasso artista kubista izan zela, baina esango nuke bere poemak nahiko surrealistak direla. Hainbat gairi heltzen die poema bakarrean. Horregatik, moldaketaren bat edo beste egin behar izan dut. Errazagoa izango litzateke telefono gidarekin abestiak egitea, Picassoren poemekin baino [barrezka esan du]. Grazia handiarekin idatzitako poemak dira. Pieza zoragarriak.

Musikari dagokionez, zer berri dakar diskoak? Zer-nolako diskoa osatu duzu?

Lan bakoitzak dauka zer edo zer berria. Disko honekin, beste urrats bat egin dut: pinturatik abiatu naiz. Hau da, soinuak pintura nola hartzen duen aztertzen saiatu naiz. Soinuaren bitartez, Picassoren pinturara heltzen. Baina ez edozein bidetatik: Picassoren poemak izan dira bidea.

Musikari eta abeslari askoren laguntza izan duzu. Zure bi alabek eta seme gazteak ere abestu dute diskoan, ezta?

Ederra da seme-alabak ondoan izatea. Estrella arras ezaguna da, baina beste alaba, Solea, ez da abeslari profesionala. Koru ederrak egin ditu, hala ere. Seme gaztea, Jose, ondoan edukitzea ere luxua izan da niretzat. Horrez gain, artista handiek lagundu naute: Niño Joselek, Pepe Habichuelak...

Gernika aukeratu duzu diskoa aurkezteko.

Gernikarekin gauza askok lotzen naute, baina batez ere batek: Picassok sarraskiari buruz egin zuen artelanean islatu zuen oinazeak. Sufrimendu horrekin bat egiten dut erabat. Bizia galdu zutenekin eta bonbardaketa madarikatu horretan senideak galdu zituztenekin. Urteak igaro arren, berdin jarraitzen dugu. Ez da ezer aldatu. Begiratu bestela Irak. Ikaragarria da telebistan zuzenean ikustea zelan bonbardatzen dituzten herritarrak. Horregatik da berezia diskoa Gernikan aurkeztea. Aldez aurretik esan dezaket ederra izango dela. Artea egitera joango gara, dugun onena ematera. Picassok merezi du. Baita Gernikako herriak ere.

Dramari alaitasunaren bidez helduko diozu?

Bai. Halaxe egiten dugu andaluziarrek. Pena sentitzeko beste modu bat da, intentsitate handikoa.

Flamenkoa beste kolore batzutako doinuekin janzten aitzindaria zara. Rockarekin esperimentatu duzu, esaterako. Mestizajea da flamenkoaren etorkizuna?

Sortzeko arriskatu egin behar da. Eta flamenkoa arte bizia da alde horretatik. Bizirik dago, gara daiteke. Baina flamenko puruak ere badu zentzua; beraz, flamenkoak ez du zertan fusio izan. Flamenkoa izan daiteke, besterik gabe.

 


Sortzea arriskatzea da, eta falmenkoa arte bizia d alde horretatik, baina flamenko puruak ere badu zentzua



 


 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Musika

Mikel Markezen kontzertua
BERMEO, Kafe Antzokian - 2008-12-03

Hitzaldia

Etxebideri buruzko hitzaldia
BERMEO, Gizarte eta Kultura Etxean - 2008-12-04

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa