
Laguntzarik hartuko ez dutela jakinarazi diete arrantzaleei
Ekonomia
Euren egoera salatzeko, barikuan arrantzaleek manifestazioa egingo dute Madrilen.
maite zabalondo
«Dirurik ez dagoela eta, beraz, laguntzarik hartuko ez dugula esan digu Espainiako Arrantza Ministroak atzo [herenegun] izan dugun bileran». Iñaki Zabaleta Bizkaiko Kofradietako presidentearen hitzak dira. Bere esanetan, bilerara joan orduko baino «okerrago» atera ziren. Diru laguntza barik geratu direla eta, gainera, «inolako irtenbiderik eman ez» dietela esan du Zabaletak. «Hauteskundeen aurretik dirua egongo zela eta inolako arazorik ez zegoela esan zigun Solbesek [Pedro, bigarren presidenteordea eta Ekonomia eta Ogasun ministroa]. Orain, ostera, diru gutxiago biltzen dela eta seguruenik datorren urtean oraindik diru gutxiago egongo dela esan digute».
Bizkaia eta Gipuzkoako arrantzaleak, Kantabriako eta Asturiaskoekin batera izan ziren bilera horretan, eta, egoera ikusita, barikuan manifestazioa deitu dute Madrilen. «Hortik aurrera ikusiko dugu zer pasatzen den. Egia da ez gaudela greba mugagabe bat egiteko egoeran, atunaren kanpaina ere galduz gero urte guztia galduko genukeelako».
Izan ere, atunaren kanpainari datorren hilaren hasieran ekingo diote. Orain txalupak prestatzen ari dira atunetan irtetzeko. «Aurten inoiz baino beranduago goaz. Petrolioak duen prezioagaz ezin gaitezke itsasora abenturan joan». Normalean maiatzaren amaierarako joaten dira atunetan, baina petrolioaren prezioa dela eta, «jendea beldur handiagaz «dagoela dio Zabaletak.
Bizkaiko Kofradietako presidenteak garraiabideen greba izango denaren zurrumurrua zabaldu dela ere azaldu du. «Datorren hilaren 8rako garraiobideak geratu egingo direla esan digute. Beraz, kamioien edo garraiabideen greba eginez gero, denok egongo gara eskuak lotuta». Oraindik ezin da jakin greba horrekin zer gertatuko den, baina beste oztopo bat izan daitekeela uste dute arrantzaleek.
Antxoa hartzeko debekua
Beste alde batetik, antxoaren kanpainaren debekuarekin zer gertatuko den uztailean jakingo dute, orduan esango baitute antxoa arrantzatzeko debekua mantentzen den. «Ea zientifikoek zer dioten uztailean eta, era berean, ministroek zein erabaki hartzen duten. Guk uste dugu jada antxoa arrantzatzeko aukera zabaldu egin beharko luketela», dio Zabaletak.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28
Hitzaldia
Etxebideri buruzko hitzaldia
BERMEO, Gizarte eta Kultura Etxean - 2008-12-04
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.