
Albacora enpresako ontzi bati egin dio aurre Greenpeacek
Ekonomia
Ozeano Barean dagoen `Albatun Tres´ ontziak sareetan zituen arrainak jasotzea saihestu gura zuten.
m. zabalondo
Kiribatiko uretan, Ozeano Bareko hegoaldean, pasa den urtearen amaieratik arrantzan ari den Albacora enpresako `Albatun Tres´ arrantza-ontziari aurre egin zion atzo Greenpeacek. Arrantza-ontziak sareetan harrapatuta zituen arrainak jasotzea saihestu gura zuten ekologistek, hegalaburraren gehiegizko arrantzak ozeanoko ekosistemak kaltetzen dituela uste dutelako.
Hain zuzen, Greenpeaceko `Esperanza´ itsasontzia hegalaburraren arrantza intentsiboaren arazoaz ohartarazteko kanpaina egiten ari da azkenaldian, Ozeano Barearen hegoaldeko estatuetan.
Albacora enpresatik azaldu dutenez, «inguru horretan bi eratako arrantzaleak eta arrantza-ontziak daude, legalak eta ilegalak, modu erraz batean esateko. Eta, antza denez, gure itsasontziaren ondora heldu dira eta, ezer egiaztatu barik, arrantza-ontzi ilegal bezala hartu eta euren webgunean argitaratu dute informazioa. Gure aldetik esan behar dugu itsasontzia arrantza lizentzia guztiekin dagoela han».
Lizentzia guztiekin
`Albatun Tres´ ontziak dituen lizentziak Europar Batasunagaz egindako akordio baten bitartez emanda daudela adierazi dute enpresatik.
Horrez gain, itsasontziak «satelite bidez monitorizatzeko dagoen sistema barruan» ere sartuta daudela azaldu dute Albacoratik. Hori dela eta, ontzia uneoro dagoela kontrolatuta. «Legea betez gaude han eta atunak hiltzen ari garela eta tontakeria asko esaten etorri zaizkigu».
Albacoratik jakitera eman dutenez, «berdin-berdin jarraituko dugu han lanean. Parte eman dugu eman behar izan dugun lekuan eta kitto. Hori bai, eskatu diegu horrelako gauza bat atera baino lehen mesedez egiaztatzeko».
Atzo arratsaldean oraindik Greenpeaceko erantzunik jaso izan ez zutela esan zuten Albacora enpresako arduradunek.
Munduko atunontzirik handiena
Greenpeace erakunde ekologistaren arabera, `Albatun Tres´ itsasontzia munduko atunontzirik handiena da eta bidaia bakar batean 3.000 tona hegalabur arrantza ditzakeela diote. Ekologisten ustez, tamaina horretako atunontziei «ezin zaie hegalabur erreserbekin amaitzen utzi».
Kiribatik natura-gune babestu izendatu zituen otsailean Fenix uharteak (Hawaii eta Fidji artean), munduko itsas natur erreserba handiena delarik orduz geroztik.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28
Hitzaldia
Etxebideri buruzko hitzaldia
BERMEO, Gizarte eta Kultura Etxean - 2008-12-04
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.