Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Busturialdea
2008ko abenduak 4, Eguena

Harpidetu zaitez!

'Busturialde Rock' pop-rock lehiaketa antolatu du lehenengoz Gazte Elkarteak

Musika

Euskal Herri osoko taldeek euren grabaketa originalak aurkeztu ahalko dituzte uztailaren 20a baino lehen.

MIREN KORTA

Udalaren babesarekin, Gautegiz Arteagako Gazte Elkarteak eskualdeko lehenbiziko pop-rock lehiaketa antolatu du, `Busturialde Rock´ izenburupean. Parte hartu nahi duten taldeek gutxienez bi kanta dituen maketa aurkeztu beharko dute udaletxean, uztailaren 20a baino arinago.

Gazte Elkarteak jakinarazi duenez, aurkezten diren taldeen kanta originalak baino ez dituzte onartuko, hau da, musikak zein letrak taldeak berak asmatutakoak izan beharko dute, derrigorrez. Pop eta rock generoak landu ahal izango dituzte parte-hartzaileek eta letren gaia aukeratzeko askatasun osoa izango dute.

Josu Mendiola Gazte Elkarteko kidearen esanetan, «ideiak harrera ona izan du momentuz. Albistea oraindik zabaldu barik egon arren, dagoeneko apurka-apurka maketak heltzen hasi dira udaletxera. Lehiaketa ezagutzera ematen doan heinean partaidetza ere handitzen joatea espero dugu».

Zortzi talde finalista

Antolatzaileek iragarri dutenez, uztailaren 20a baino arinago aurkezten diren lan guztiak hartuko dituzte kontuan eta, horietatik, epaimahaiak zortzi finalista aukeratuko ditu abuztuaren 29an Gautegiz Arteagako plazan 21:00etan hasiko den zuzeneko kontzertuan parte hartzeko. Beraz, izena ematen duten guztiei antolatuko duten emanaldi horretan parte hartzeko konpromisoa eskatzen diete antolatzaileek.

«Lehiaketaren helburua musika talde hasiberriei aukera bat ematea da. Behintzat, finalistek eskualdean oihartzuna izango dute, eta sarien palmaresa handitzeko aukera ona dela uste dugu»

Izan ere, finaleko kontzertuan talde bakoitzak 30 eta 45 minutu arteko emanaldia egiteko aukera izango du. Epaimahaiak musikaren kalitatea, taldeak prestatzen duen espektakulua eta euskararen erabilpena baloratuko ditu.

«Ideia sortu zenean ez genekien deialdiak eskualdetik kanpo oihartzuna izan zezakeenik, baina azkenean lehiaketan parte hartzeko aukera Euskal Herri osoko talde hasiberri guztiei zabaltzea adostu genuen, Busturialdera bakarrik mugatu barik».

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, taldeen agerraldiak antolatzeko finalaren egunean 12:00etan egingo dute zozketa eta bataren eta bestearen saioen artean hamabost minutuko atsedenaldia egingo du epaimahaiak ikusitakoa baloratzeko .

Era berean, musika-tresnen erabilpena askea izango da, bateria izan ezik. Izan ere, lehiaketaren oinarrietan argi uzten dute bateria finkoa izango dela eta talde guztiek berdina erabili beharko dutela derrigorrez. Gainontzeko tresnen erabilpena, esan bezala, taldeen esku utziko dute.

Dirusariak eta bidaiak

Sarituen izenak abuztuaren 30ean jakinaraziko ditu epaimahaiak. Hala ere, finalera heltzen diren talde guztiek 120 euroko saria jasoko dute, gutxienez.

Irabazleak, ordea, 1.000 euroko dirusaria eta zortzi lagunentzako asteburu bateko egonaldia Nafarroako landetxe batean lortuko ditu. Bigarren eta hirugarren postuan gelditzen direnek, ordea, 600 eta 400 euroko dirusariak jasoko dituzte, hurrenez hurren. Horrez gain, talde irabazleak bezala, ezaugarri bereko egonaldia irabaziko dute bigarren eta hirugarren sailkatuek.

Lehenengo edizioa

«Ideia lagunen artean sortu zen, eta Kultura Batzordeko batzarrean aurkeztu genuenean proiektua oso garatuta zegoen dagoeneko. Kartelen zirriborroak eta lehiakeraren oinarriak prest genituen. Lan guzti hori ikusita, Batzordeak hasiera-hasieratik hartu zuen bere gain proiektua bultzatzeko ardura», argitu du Mendiolak.

Lehiaketaren lehenbiziko edizioan, esan bezala, Euskal Herri mailan duen harrera neurtzeko erabiliko du egitasmoa Kultura Batzordeak. «Aurten antolatu dugu lehenengoz, beraz, oraindik ezin dugu aurreratu datorren urtean errepikatzeko aukera izango dugun. Harrera ona izanez gero, saiatuko gara sari hobeak ematen».

Esan bezala, `Busturialde Rock´ musika lehiaketan izena emateko epea dagoeneko zabalik dago eta uztailaren 20ra bitartean luzatuko da. Maketak Gautegiz Arteagako udaletxean entregatu beharko dira.

 


Epamaihaiak zortzi finalista aukeratuko ditu abuztuaren 29ko finalean parte hartzeko

Kalitatea, taldeak ematen duen espektakulua eta euskararen erabilpena baloratuko dituzte

Finalera heltzen diren talde guztiek 120 euroko saria jasoko dute, gutxienez

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Erakusketak

Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28

Hitzaldia

Etxebideri buruzko hitzaldia
BERMEO, Gizarte eta Kultura Etxean - 2008-12-04

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa