
«Estatuarekiko menpekotasun handia dugu oraindik ere»
calixto suarez eta ruth izquierdo ð- Indigenak
Kultura
2000. urtetik hona urtero-urtero etortzen dira, abian dituzten proiektuen jarraipena egiteko.
egoitz atxikallende
Calixto Suarez Villafañe eta Ruth Izquierdo Perez Kolonbiako Arhuako herri indigenako kideak dira ,eta atzo Gernika-Lumon egon ziren Zeruko Umeak gobernuz kanpoko erakundearekin abian dituzten proiektuen jarraipena egiteko.
Zertara etorri zarete Gernikara?
2000. urtetik hona urtero-urtero etortzen gara Euskal Herrira zenbait instituzio eta Gobernuz Kanpoko Erakundeekin ditugun proiektuen jarraipena egin eta laguntzaile berriak bilatzeko.
Nolako laguntza hartu duzue hemen?
Urterik urtera handituz doa gure herriarekiko elkartasuna adierazten dutenen kopua. Gaur egun, Zeruko Umeak elkarteaz gain, Bizi+Hitza ere lanean ari da Euskal Herrian. Europa mailan ere elkartasun sarea eratzen ari da. Frantzian Tierra Viva elkartea sortu da eta Italian ere lanean ari gara.
Zeintzuk dira zuen komunitatearen ezaugarriak?
Gure herria Kolonbiako iparraldean dagoen Sierra Nevada de Santa Martan dago kokatuta. 27.000 herritarrek osatzen dugu komunitatea baina herrixka txikietan atomizatuta bizi gara. Gure ama hizkuntza ika da eta komunitatearen %80ak hitz egiten du. Gure herria oso lotuta dago naturarekin. Pertsonen eta naturaren arteko oreka bilatzen dugu.
Arhuako herriak ba al du onarpenik Kolonbiako estatuaren aldetik?
Onarpen legala bai. 1991ko Konstituzioa onartu zenean gure komunitatearekin batera beste 83 herri indigena eta horien hizkuntzak onartu zituen estatuak. Aurrepauso handia izan zen, herri indigenen lurraldeak erreserba izatetik babesgune izatera pasatu baitziren. Baina hori ez da nahikoa, oraindik ere menpekotasun handia baitaukagu estatuarekiko, batez ere menpekotasun ekonomikoa.
Nola ikusten duzue globalizazioak Arhuako herrian izan dezakeen eragina?
Gure herria oso txikia da eta ez dugu indar nahikorik globalizazioari aurre egiteko. Zorionez, geografiak lagundu egiten gaitu, oso eremu malkartsuan bizi baikara eta oso gutxi dira gure lurraldeetara hurbiltzen diren kanpotarrak. Dena dela, globalizazioaren aurkakok gara. Nahiago dugu norberarena galdu gabe kulturartekotasunean bizi.
Nolakoa da zuen hezkuntza sistema?
Gure herriak hezkuntza sistema baten beharra adierazi zion 1916an gobernuari, eta horrek fraide kaputxinoak bidali zizkigun. Horien helburua hezkuntza baino ebangelioa zen, eta azkenean, 1983an, horiek kanporatzea lortu genuen. Harrezkero, curriculum propioa daukagu eta bi hizkuntzatan ikasten dugu. Baina irakasleak oraindik gobernuak izendatzen ditu.
Zein proiektu ari zarete lantzen orain?
Burutu genuen lehen proiektua, duela 9 urte, lur eremuak berreskuratzea izan zen. Lurrak erostera bideratu genuen lortutako laguntza guztia. Gaur egun, ordea, hainbat zerbitzu bilduko dituen topagune bat eraikitzen ari gara: eskola, osasungintza... Aipatutako proiektu horiek instituzioen laguntzarekin ari gara burutzen. Baina badaude beste proiektu txikiagoak ere, herritar arrunten laguntzarekin aurrera eramaten direnak, protesia edo beharrizan berezia dituzten umeak lagundu eta ikasteko bekak eman, esaterako.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.