
Urdaibaike martxa Europa mailako txapelketa bihurtu gura dute etorkizunean
Kirola
Ekainaren 29an izango da eta bosgarren edizioa izango da aurtengoa; 10:00etan aterako dira Errigoititik.
olaia zabalondo
V. Urdaibike martxaren aurkezpena egin zuten atzo Mundakako Portuondo jatetxean, aurtengo edizioaren berri itsasadarrari begira ematea erabaki baitzuten antolatzaileek. Bertan ziren, besteak beste, Ramon Urresti Urremendiko presidentea, Xabier Legarreta Bermeoko alkatea, Iñaki Madariaga Errigoitiko alkatea, Rodolfo Lartitegi Busturiko alkatea eta Jose Felix Guerrero martxaren antolatzailea. «Lehenbizi lagun artean antolatutako martxa gaur egun indar handiko martxa herrikoi» bihurtu dela esan zuen Iñaki Madariagak. Horrez gain, Urdaibike martxa Europa mailako txapelketa bihurtu gura dutela esan zuten. «Lanean gabiltza eta gero eta hurbilago gaude. Ea datorren urtean Europa mailako txapelketa bihurtu dela esan badezakegu».
Mundaka eta Sukarrieta barne
Aurtengoa Urdaibaike martxaren bosgarren edizioa izango da. Ekainaren 29an izango da, eta 10:00etan aterako da Errigoititik. Errigoitiko, Arrietako, Busturiko, Mundakako, Sukarrietako eta Bermeoko udalek antolatzen dute. Udal bi gehiago dira aurten, Mundaka eta Sukarrieta batu baitira. «Hurrengo urtean eskualdeko udal gehiago animatzea gustatuko litzaiguke», esan zuten.
Ibilbide luzeagoa
Ibilbideak 45 kilometro izango dituela argitu zuen Jose Felix Guerrerok. «Aurtengoa luzeagoa da Mundaka eta Sukarrieta sartu direlako. Gure asmoa ibilbidea luzatzea da urteekin batera. Ea posible den datorren urtean ibilbidea 50 edo 55 kilometrotara arte luzatzea». Aurreko urteetan bezala, martxak «erdi-goi mailako zailtasuna» izango duela gaineratu zuen Guerrerok.
Gero eta arrakasta handiagoa hartzen ari den martxa da. Lehenengo edizioetan 100 lagun inguruk ematen zuten izena. Iaz 212 parte-hartzaile izan ziren eta aurten 250 izatera heltzea posible litekeela azaldu dute.
Txirrindulari federatuek bederatzi euro ordaindu beharko dituzte parte hartzearren eta federatuta ez daudenek, ostera, hamabost. Egun horretan bertan izena ematen dutenek hiru euro gehiago ordaindu beharko dituzte. Izen-ematea gaurtik aurrera egin daiteke 687999013 telefonora deituz edo `www.jfgsport.com´ webgunearen bitartez.
Ingurua ezagutzeko martxa
Urdaibaike martxa Urdaibai ezagutzeko «aukera paregabea» dela esan dute antolatzaileek. Beste leku batzuetatik etortzen direnak parte hartzera harrituta geratzen direla argitu dute. Martxa horrek dituen helburuetako bat «Urdaibai esportatzea» dela esan zuen Guerrerok.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ibilaldiak
MENDI IBILALDIA
GAUTEGIZ, - 2008-07-05
Jaiak
"XVIII. Euskera Jaia"
MUXIKA, Gorozika auzoan. Muxikan - 2008-07-06
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.