Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Busturialdea
2008ko abenduak 4, Eguena

Harpidetu zaitez!

raquel monton ð- Greenpeace erakudearen eleduna

«Itsaso azpian ikerketa egitea arriskutsua eta konplexua da»

Ingurumena

CO<->2a lur azpian biltegiratzeak edozein ekosistemaren hondamendia ekar dezakela uste dute ekologistek.

olaia zabalondo

Zentral termikoek isurtzen duten CO<->2a lur azpiko edo ur azpiko biltegietan kontzentratu nahi du Espainiako Gobernuak. Horretarako 11 kokaleku aukeratu ditu, Mundaka pareko itsas-hondoa tartean. Greenpeace erakunde ekologistak gogor kritikatu du egitasmoa. Batetik, klima aldaketaren ondorioak handitzeko arriskua dakarrelako eta, bestetik, edozein ekosistemaren hondamendia ekar dezakelako. Raquel Monton (Soria, 1965) Espainiako Greenpeace erakundearen klima aldaketaren aurkako kanpainaren arduraduna da.

Klima aldaketari aurre egiteko neurri eraginkorra izango litzateke CO<->2 biltegia?

CO<->2 biltegiak ez du lagunduko bizi dugun aldaketa klimatiko arriskutsuari aurre egiten. Nazio Batuen Erakundearen adituek esaten duten bezala, CO<->2 isurketak mundu osoan murrizten hasi beharko dira 2015. urterako. Gainera, CO<->2a biltzearen teknologia hori ez da 2030. urtea baino arinago prest izango. Beraz, inoiz ez da izango aldaketa klimatikoari aurre egiteko irtenbide bat. Teknologia horrek, gainera, energetikoki balio txikiagoa dauka gaur egun ditugun beste teknologia batzuk baino. Prozesu guztian, %10 eta %40 arteko energia kontsumituko luke teknologia horrek, eta, beraz, gehiago kostatuko litzateke. Bestalde, kontuan izatekoa da isurketa arriskua ere hor dagoela. Horrek ondorio larria izango luke landaredian eta faunan. Edozein ekosistemaren hondamendia ekar dezake.

Teknologia hori legez onartua al dago?

Ez da ez legala, ezta ilegala ere. Momentuz ez da existitzen. Ez dago ezta proiektu piloturik. Gainera, lurperatzen duzun lekuaren arabera erantzunak ere ezberdinak izan daitezke. Europar Batasunak debekatua dauka urperatzea.

Mundakaren kasuan, Biosfera Erreserba baten ondoan gorde dute biltegia hartuko duen lur eremua.

Mundakan itsaso azpian egin nahi dute ikerketa eta itsaso azpian ikerketa egitea arriskutsua eta konplexua da. Lurrean zaila bada, itsaso azpian gauzak askoz ere zailagoak dira, zailtasun teknikoak konplexuagoak dira-eta. Gainera, edozein isurketak, minimoa izanda ere, babesguneko landaredia eta fauna guztia suntsituko luke. Itsaso azpian arriskua askoz ere handiagoa da beti. Istripu bat izateko aukerak ere askoz handiagoak eta larriagoak dira. Beraz, arriskuak dituen sistema bat ezin da onartu babestuta dagoen toki batean.

Espainiako Gobernuak esaten duenaren arabera, ikerketak egiten ari dira eta oraindik ez dute ezer erabakita.

Egia da oraindik ikertzen ari direla. Baina gauzak ikertzen hasten direnean, zeozer egin nahi dutelako izango da. Adibide legez, guk hamar urte baino gehiago daramatzagu itsasoko energia eolikoaren inguruko plan bat egiteko ikerketak eskatzen. Hemendik kanpo existitzen dira honen inguruko proiektuak. Teknologia erreal batez ari gara, dagoeneko martxan dagoelako beste herrialde batzuetan. Baina, gaur egun oraindik ez dugu ezer lortu. Espainian, gainera, ez dago erregai fosilik, energetikoki independentea da. 2050. urtean Espainia gai izan beharko litzateke energia berriztagarriekin soilik egiteko aurrera, energetikoki eta elektrikoki. Beraz, ez du ez zentzu politikorik ezta ekonomikorik ere teknologia honetan horrelako diru kopurua inbertitzeak.

Zergatik uste duzue Espainiako gobernuak 11 kokaleku gorde dituela?

Hori ezin dut zehaztu, ez dakit zer ari diren pentsatzen. Hala ere, guk gardentasuna eskatzen diegu. Teknologia hau ez da ezagutzen, eta, eduki ditzakeen arriskuak oso larriak dira. Ingurumenarekin eta etorkizunarekin zerikusia duen teknologia da. Beraz, edozein herritarrek gardentasuna eskatu behar du. Kasu honetan ez dago gardentasunik, edozer kontsultatu beharko lukete herritarrekin, eta batez ere kaltetuko dituzten horiekin. Eta ez da horrela izan. Autonomia Erkidego gehienek BOEtik jakin ahal izan dute beraien lurrak aukeratu dituztela CO<->2 biltegia jartzeko.

Espainiako Gobernuak CO<->2 biltegi horiek egitea erabakiko balu azkenean, nola jokatuko luke greenpeacek?

Ez dut uste horrela izango denik. Beste batzuetan gertatu den bezala, hainbat diru inbertitu ostean proiektuak bertan behera geratu dira. Oso zaila iruditzen zait praktika hau martxan jartzea. Gertatuko dena da hainbat milioi euro lurperatuko dituztela, eta diru hori beharrezkoa litzateke beste gauza batzuetarako. Pena da ikerketek ezertarako balio ez izatea. Greenpeacek zer egingo duen? Orain arte egin duena. Lehenengo eta behin, denei edo eskatzen dutenei informazioa eman. Bestetik, ingurumenaren alde borrokatzen jarraituko dugu, eta teknologia hori ezarri ez dezaten borrokatu behar dugula uste dugu. Klima aldaketari eman diezaioken irtenbidea arriskuan jartzen ari gara, dudarik gabe. Oraindik hainbat urte eman beharko dituzte teknologia hori ikertzen. Bestalde, kontuan izan behar dituzte energia berriztagarriak. Izan ere, horietako asko martxan daude dagoeneko beste herrialde batzuetan. Borrokatzen jarraituko dugu, baina beti informazioa emanez, beste irtenbide batzuk bilatuz eta jendearen atentzioa deituz.

 


Oraindik hainbat urte eman beharko dituzte teknologia hori ikertzen



 


CO<->2 biltegia inoiz ez da izango aldaketa klimatikoari aurre egiteko irtenbide bat



 


 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Erakusketak

Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28

Hitzaldia

Etxebideri buruzko hitzaldia
BERMEO, Gizarte eta Kultura Etxean - 2008-12-04

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa