
Benito Barrueta artistaren jarraitzaile ugari izan dira bere obra ikusten
Kultura
Zapatuan Nestor Basterretxea aretoa jendez bete zen, Barruetaren bizitzaz eta obraz gehiago jakiteko asmoz.
maite zabalondo
Ohi baino beteago egon zen Nestor Basterretxea aretoa zapatu eguerdian. Barrueta Arte Elkarteak, Bermeoko Udalaren laguntzarekin, Benito Barrueta artista bermeotarraren obra ezagutzera emateko jardunaldia antolatu zuen. `Benito Barruetaren omenezko erakusketa´ inauguratu zuten lehenengo eta, ondoren, Barruetaren bizitzaz eta obraz aritu zen Andone Narvaez Gofinondo, zenbait urtez artista bermeotarraren arrastoak jarraitzen ibili dena. «Aitari esker txikitatik ezagutzen dut Barruetaren obra. Enkarguz hasi nintzen Barruetaren bizitza eta obra aztertzen, eta azkenean oso gustura sentitu naiz, Barruetarekin liluratuta».
Udalak emandako beka
Narvaez ez da artean aditu sentitzen. Duela lau urte hasi zen Barruetari buruzko Katalogo Arrazoituaren Proiektuarekin, eta orain arte egindako lanaren berri eman gura izan zuen zapatuko jardunaldian.
Besteak beste, Bermeoko Udalak emandako beka bati esker Parisen (Frantzia) izan zen Andone Narvaez Barruetaren ibilbidea jarraitzen. Barruetaren obra guztia grafikoki eskuratzen ibili da eta baita bere bizitzako datuak osatzen ere. Ia bi orduko hitzaldia eman zuen, eta jendea gustura izan zen haren azalpenak entzuten. Asko zutik egon behar izan ziren, ez baitzen esertzeko lekurik soberan.
Barruetaren obra ikusgai izango da hilaren 25era arte Nestor Basterretxea aretoan. Artistaren 22 lan aukeratu dituzte erakusketarako, gehienak bilduma pribatuetatik ateratakoak. Lanen artean, besteak beste, artistaren amaren, emaztearen eta ilobaren irudiak agertzen dira. Narvaezen esanetan, «Barrueta beti inspiratzen zen bere inguru hurbilenean. Ez baitzuen urrunera joateko beharrik».
Barruetak ere Bermeoko Udalaren ikasketa beka bat jaso zuen eta Bermeoko Arte eta Lanbide Eskolako marrazketa irakasle izendatu zuten. Gaztetatik izan zen pintura zalea. Hamalau urtez bizi izan zen Parisen eta hango hainbat erakusketetan parte hartu zuen. Aurretik Madrilen (Espainia) pintura ikasketak egin zituen, Bermeoko Udalaren bekari esker.
Barruetaren azken urteetako lanetan, Velazquezen eragina ez ezik, Herberehetako margolarien egunerokotasuna eta Goyarena ere ikus daitezke islatuta.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.