
Leire gandarias-aintzane zabala ð- Ieup! Gazte Asanbladako kideak
«Pasealekuko eskola okupatzeko prest gaude behar izanez gero»
Gizartea
Ieup! Gazte Asanbladako kideak dira Leire Gandarias eta Aintzane Zabala gernikarrak; azken bi urteetako eta gaur egungo balantzea egin dute.
maite orue
Udalak Astra eraikinaren barruko aldea erauziko duela eta, bolo-bolo dabil gaia herritarren artean. Gazte Asanbladak zer esan handia dauka, berak eman baitzuen orain urte bi arma lantegia izandakoa okupatzeko pausoa. Hori dela eta, BUSTURIALDEKO HITZA Leire Gandarias (Gernika-Lumo, 1989) eta Aintzane Zabala (Gernika-Lumo, 1986) gazte sanbladako kideekin mintzatu da.
Gazte Asanbladak Astra okupatu zuenetik bi urte igaro dira. Zer nolako balorazio egiten duzue?
Leire Gandarias: Hainbeste gauza pasatu dira! Balorazio oso positiboa egiten dugu, gazteok egin dezakegula erakutsi dugu eta horren erakusle dira antolatutako ekitaldi ugariak: kontzertuak, hitzaldiak, ikASTRAroak, erakusketak, hackmeetig-a, olinpiadak, bazkariak...
Astra erakinaren barruko aldea erauztea erabaki du Udalak. Nola hartu du Gazte Asanbladak berria? Irtenbide egokia dela uste al duzue?
Aintzane Zabala: Egokia dela uste dugu. Ez dugu ahaztu behar Gazte Asanbladak okupatu ezean eraikina orain dela asko erauziko luketela. Gainera, Gazte Asanbladak eraikina ondare historiko izendatzeko lan egin zuen.
Gandarias: Dena den, albistearen berri izateko moduaz harritu gara, komunikabideen bitartez jakin baitugu. Astra batzordean udal ordezkariek, Astra koordinadorako kideek eta bestelako norbanakoek parte hartzen dute proiektua aurrera eramateko. Hortaz, zelan ez dugu horren berri udal ordezkarien ahotik izan?
Udalak eraikinari erabilera soziokulturala emango zaiola jakinarazi du, gehiago zehaztu gabe. Gazte Asanbladaren ustez, zein erabilera eman beharko litzaioke eraikinari berritu ostean?
Zabala: Guk beti aldarrikatu izan dugu sozio-kulturarako lekua, parte-hartzailea ta autogestionatua izan behar dela Astra. Ez dugu bestelako Astrarik ulertzen, herritik herrirakoa baino. Gure ustez, berritzen dutenean ere horrelakoa izan behar du. Horrelakorik ez dugu entzun alkatearen ahotik oraindik. Guk benetan jakin gura duguna da dioten soziokultura hori zer den, hau da, benetan hainbeste talde kultural eta norbanakoren artean adostutako proiektua onartuko duten. Gazteok burubakoak garela entzun behar izan dugu askotan. Gazteok nekatuta gaude «ze tontokeria egiten ari dira gazteak» entzuteaz. Proiektu honetan nagusi askok baino buru gehiagorekin jokatu izan dugula uste dugu.
Zenbait komunikabidetan Picassoren 'Guernica' koadroa kokatzeko Astra leku aproposa dela esan du alkateak? Zer iritzi duzue horren inguruan?
Gandarias: `Guernica´ Gernikara ekartzearen aldekoak gara, herriko historiaren parte delako eta zentzu gehiago duelako koadroa Gernikan izateak Madrilen baino. Hala ere, nahastu behar ez diren bi gai ezberdin direla uste dugu. Gainera, oraindik Astra proiektua bera ere sinatu ez denean, lekuz kanpo ikusten ditugun adierazpen errazak dira.
Koordinadoraren eta Udalaren arteko hitzarmenik ez dago oraindik. Zelan dago gai hori?
Zabala: Gazte asanblada Astra koordinadoraren parte da. Koordinadoran 23 elkarte gaude. Koordinadoratik Udalari hitzarmen proposamena egin zitzaion Astra Batzordean. Dena doa astiro, erantzunak atzeratu egiten dira. Egoera larria da: antzerki eskolak kalean entseatzen du, kultur etxean ez baitago lekurik. Astrako bulderra desmuntatzen hasi dira. Busti Irratiak lokal bat alokatu behar izan du. Dantza afrikarretakoak Trinkete anti-txokoan ari dira. IkASTRAroak bertan behera utzi dituzte. Gernikan sortzen diren musika talde berriek ez dute lokalik Iparragirrekoak beteta daudelako. Zer esanik ez Astran antolatzen genituen beste ekintza guzti buruz. Gauzak egin gura dituzten gernikarren gazte belaunaldi oso bat azpiegitura publikorik barik dago, Gernikak arazo bat dauka. Azken finean, Gernikaren onurarako ari gara lanean eta bide horretan behar baino oztopo gehiago aurkitzen ari gara.
Pasealekuko eskolak aipatzen dituzue kokaleku berri legez? Zer dela eta?
Gandarias: Kokapenagatik, azpiegituragatik eta gazteontzako Pasealekuak betidanik izan duen sinbolismoagatik egoki ikusten dugun lekua da. Eta, zelan ez, lehengoatara bueltatu dadin. Pasealekua biziberritu gura dugulako.
Udalak kokapen hori utziko dizuela uste al duzue?
Zabala: Guk egokiena dela ikusten dugu eta horren alde lan egingo dugu. Gainera, behar izanez gero okupatzeko prest gaude.
Zuen asmoa, dena den, Astrara itzultzea da...
Gandarias: Hala da, bai. Duela bi urte eta erdi Astra okupatu genuen Gernikako hainbat gaztek. Lan eta izerdi askoren ostean, sare sozial eta kultural indartsu bat sortu eta proiektu bateratu bat eraiki dugu. Gazte Asanbladak eskuzabaltasun osoz jokatu zuen Astra denei zabaltzerakoan. 2008. urtean aurkitzen garen honetan, proiektua errespetatua izatea eta betetzea da gure helburua. Astran berritze lanak egiten dituzten bitartean ahalik eta lasterren Pasealekura joatea aurreikusten dugu. Astra erabiltzeko prest dagoenean bertara bueltatuko gara proiektua aurrera eramateko.
Zeintzuk dira Ieup! Gazte Asanbladak etorkizunerako dituen erronkak?
Zabala: Gazteon esparrutik esan behar dugu Astra ez dela gure azken helburua. Gure eskubideen alde egiteko baliabide bat baizik. Modu horretara, gazteok etxebizitza duin bat lortzeko daukagun ezintasunari kontra egin gura diogu, lan munduko prekarietataren kontra, gazteon arteko harremanak sendotu, kultura zabaldu, gazteon artean eguneroko gaien inguruko interesa piztu, herri bizi eta parte-hartzaileago baten alde lan egin... Horretarako leku bat behar dugu eta leku hori gazteok autogestionaturiko gaztetxe bat da. `Bittartien Pasilekure!´.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Hitzaldia
Gernikako kontsulta aurkezpen publikoa
GERNIKA-LUMO, Elai Alai Aretoa - 2008-10-16
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.