
Jaia eta aldarrikapena uztartuko ditu zapatuan Astrako koordinadorak
Gizartea
Egun osorako egitaraua prestatuko dute; arratsaldean manifestazioa izango da eta gauean, aldiz, kontzertuak, Astran.
maite orue
`Astra proiektua aurrera! Bittartien Pasilekure´ da Astrako koordinadorak datorren zapaturako antolatu duen egun osoko jaialdiaren leloa. Jai giroa nagusituko bada ere, aldarrikapen kutsua ere izango du egunak. Hartara, helburu bikoitza izango du; batetik, bizi duten egoera kalean salatu nahi dutelako koordinadorako kideek eta, bestetik, Astra eraikina itxita egoteak ekarri duen diru sarrera ezari irtenbide bat eman nahi izan diotelako. «Orain arteko gastuak eta etorkizuneko bizileku berria martxan jartzeko izango ditugun gastuei aurre egiteko», diote.
Udalarekin hitzarmena sinatzeko zain daude oraindik eta, horrenbestez, «maiatzaren 10a Astraren autogestio proiektua bultzatzeko egun gisa» ulertzen dutela diote. «Orain urte bi hartu genituen helburuak ez ditugu inolaz ere albo batera utziko».
Izan ere, lokal faltak arazo handiak sortu dituela salatu dute koordinadorako kideek. «Antzerki eskolak kalean egiten ditu entseguak, Busti irratiak lokal bat alokatu behar izan du, literatura tailerra tabernetan biltzen da, martxan jarri behar ziren bost ikastaro bertan behar utzi dira, dantza afrikarretan aritu direnak Trinkete anti-txokoa erabiltzen dute...».
Egoera horrek «aterabideak» behar dituela diote, «bereziki gazteen artean sortzen ari den mugimendua pikutara bidali nahi ez bada». Hortaz, «autonomia osoz antolatuko diren espazio pluralak behar» direla aldarrikatuko dute zapatuan.
Aldarrikapen manifestazioa
Goizean goiz hasiko dira eguneko ekitaldiak, Astrako II. Txapelketa gastronomikoa izango baita eguerdira bitartean. Umeentzako txokorik ere ez da faltako, Ehunzago taldeak jolasgunea ipiniko baitu Pasealekuan, 12:30ean. Ordu berean, sagardoa eta untxi-pintxoak izango dira dastagai, trikitixaren doinuekin lagunduta. Carlos Cruz mexikarrak joko kooperatiboak zer diren erakutsiko du 40 bat minutuz.
14:30ean aurkeztu beharko dute prestatutakoa txapelketa gastronomikoan parte hartu dutenek, eta ostean bazkaria izango da Pasealekuan bertan. Jeronimo Poche kolonbiarrak kantaldia emango du bazkalostean eta futbolin txapelketa eta eskupilota partidak ere izango dira.
Baina, eguneko ekitaldirik garrantzitsuena herriko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioa izango da. 20:00etan abiatuko da Pasealekutik eta Astran amaituko da, bertan izango baitira kontzertuak 21:30etik aurrera. The Uski´s, Sarkor, Zea Mays eta Delorean taldeak izango dira oholtza gainean.
Kontzertuen prezioa 10 eurokoa izango da sarrera aldez aurretik erosiz gero, eta egunean bertan, aldiz, 12 euro. Aterpe, Arrano, Rugby eta Arima tabernetan eta `astrasarrerak@euskalerria.org´-en eros daitezke. «Etxe berrirako lekualdatzean egin beharreko auzolanak ordaintzeko erabiliko dira irabaziak. Beraz, ez da kontzertu hutsa izango, laguntza emateko kontzertua izango da», diote.
bittartien
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Jaiak
Gaztaņerre eguna
GAUTEGIZ, - 2008-10-12
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.