
Astebetean erantzunik izan ezean Udalak Busturialdeko Ur Partzuergoa utziko du
Politika
Aholkularitza enpresa batek baluatu ondoren, Partzuergoak neurriak har ditzala eskatu dute udal ordezkariek.
maite orue
Busturialdeko Ur Partzuergoan Gernika-Lumoko Udalak dituen hiru ordezkariek, Aloña Arronategik, Jesus Mari Alberdik eta Jose Mari Gorroño alkateak, agerraldia egin zuten atzo goizean Partzuergotik ateratzeko aukera aztertzen dabiltzala azaltzeko. Partzuergoaren «gestio txarra» eta orain hiru urtetik gernikarrek gainontzeko bizkaitarrek baino hiru bider gehiago ordaintzen dutela salatu zuten. Gauzak horrela, astebeteko epea eman diote Partzuergoari erantzunen bat emateko, bestela, Partzuergotik aterako direla iragarri dute.
Alkateak esan zuenez, erabakia ez da bat-batean hartutakoa izan eta arrazoitu egin zuen, prozesu luze baten ondorioa izan dela argituz. «Gobernua hartu eta lau hilabete eta erdi beranduago egin genuen lehenengo bilera Partzuergoko arduradunekin, eta argi eta garbi esan genien ez geundela ados prezioekin eta neurriak hartzeko eskatu genien». Bilera horrek fruiturik eman ez zuela gaineratu zuen Gorroñok.
Hartara, aholkularitza enpresa pribatu bati agindu zion Udalak Partzuergoa baluatu zezala. Ondorioak erabakigarriak izan zirela diote udal arduradunek. Partzuergoaren langileria gastuak eta mantenu gastuak «gehiegizkoak» direla eta azken horiek %15-%20 bitartean murriztu ahal izango zirela dio txostenak. Beste alde batetik, tarifa progresiborik ez izateak ez duela aurreztea sustatzen dio, ildo europarrak alde batera utziz. Azkenik, merkataritza sektoreak ordaintzen duen tarifa «neurrigabekoa» dela ebazten du.
Erantzunik ez
Emaitza guzti horiek Busturialdeko Ur Partzuergoari ere igorri zitzaizkiola azaldu zuen alkateak, baina horrek ezelako erantzunik eman ez zuela dio. Hori dela eta, hiru hilabeteren buruan (orain 15-20 egun) Partzuergotik ateratzeko asmo horren berri eman zioten, gutun bidez, Partzuergoari berari. Erantzunik jaso ez dutela-eta, jazotako guztiaren jakinaren gainean jarri nahi izan dituzte herritarrak eta, era berean, deialdi berria egin Partzuergoari. «Astebeteko epea emango diogu, baina erantzunik ez badago, lehen pauso hori emango dugu. Izan ere, Busturialdeko Ur Partzuergoaren gestio txar horren erruz gernikarrek ordaintzen dutena ez da bidezkoa».
Partzuergotik ateraz gero zer egingo duten aztertzen dabiltzala ere azaldu zuten, baina baliteke Gernika-Lumok bere kudeaketa propioa egitea. Hala ere, argitu zutenez, «ez ditugu alboko herriak botata utziko». Horrez gain, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoan sartzea etorkizunerako beste aukera bat izan daitekeela gaineratu zuten udal arduradunek.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28
Hitzaldia
Etxebideri buruzko hitzaldia
BERMEO, Gizarte eta Kultura Etxean - 2008-12-04
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.