
paradisutik itsasorako bidaia
Itsasgora eta itsasbeheraren arabera aldatzen den paisaia du Urdaibaik. Basoak, hondartzak, leizeak eta bestelako altxorrak ezkutatzen ditu.
mikel carramiñana-(berria)
Hezeguneak non, paradisua han, naturak eskain dezakeena behintzat. Bizitzaren eta paisaiaren aberastasunak jantzi dituzte padurak, eta Euskal Herrian daudenetatik Urdaibaikoa da garrantzitsuena, Bizkaiko Busturialdean, hogei udalerri ingururen artean zabaltzen dena. Oka ibaiak itsasorantza eginiko bidaiak sortzen du nonbait Urdaibaiko miraria, Gernika-Lumora heldu eta, handik, Mundakako itsasadarretik gora egiten duenean, hareatzak eta basoak atzera utzi eta, Izarorekin topo eginda, Kantauri itsasoan hiltzen denean. Egunero egiten duen ibilbide horretan sortzen du urak duela ia 25 urte Unesco erakundeak Biosferaren Erreserba izendatu zuen ingurunea.
Pixkanaka aldatzen omen da natura, gizakiak ikusteko gai ez den moduan, baina Urdaibaiko paisaiak oso bestelakoak dira horretan; izan ere, itsasgora eta itsasbeheraren arabera aldatzen ditu jantziak babesguneak; hondartzak erakutsi edo ezkutatu egiten ditu, eta hezeguneak ureztatu edo azalarazten ditu egunero.
Biosferaren erreserbak 230 kilometro koadroko eremu zabala hartzen du, eta, horregatik, aberatsa da oso landare zein animalietan. Guztien artean, alabaina, hegaztiak dira jaun eta jabe. Europako iparraldetik eguraldi epelagoen bila ihesean bidaiatzen duten txori migratzaileen babesgune bilakatzen da Urdaibai. Horietako asko nahiko bitxiak dira, branta, eider edo zerra kasu. Horiekin batera, ohikoagoak diren lertxun hauskarak, ubarroiak eta kurlintak daude.
Kostaldean eta itsasoan ere ematen die ostatu hegaztiei Urdaibaik; izan ere, Ogoño lurmuturra eta Izaro uhartea belatz handien eta, batez ere, kaioen erresuma dira. Babesguneak itsasoan duen gotorlekuak, alabaina, bestelako biztanleak izan ditu iraganean. 1422an Izaro uhartean sortu zuen komentua frantziskotarren anaidiak, eta denbora luzez aritu ziren han, 1719ra arte. Fraideen bizimodua errazteko, azkenean, Forura eraman zituzten XVIII. mendean.
Arrantzaleen historiaren berri ere ematen du itsasoak, babesguneak Bizkaiko Golkoarekin bat egiten duen tokian, hain zuzen ere. Matxitxako eta Ogoño artean balea arrantzan aritu ziren euskaldunak XVIII. mendera arte. Balea arrantzari aspaldian utzirik, zetazeoak ikusteko talaiak dira orain lurmutur horiek. Kostaldean, halaber, gero eta kirol portu gehiago daude arrantzaleen sareak konpontzen zituzten kai berberetan. Mundakako hondartzetan, bestalde, surflariak azaltzen dira, olaturik ospetsuenak azaltzen direnetan behintzat. Hala ere, turistek portuko kaleak betetzen ez dituztenean, lasaitasuna da nagusi herriko portuan eta Laida zein Laidatxuko hondartzetan.
Gizakiaren esku
Naturak ez ezik, gizakiak ere moldatu ditu Urdaibaiko bazterrak historiaren bilakaeran. Busturialdeko lehenengo gizakien aztarnak dira, seguruenik, eskualde osoko ezagunenak, Santimamiñeko leizean ageri direnak, Kortezubin. Duela 13.000 urte baino gehiago egin zituzten margolanak, baina egungo gizakiak XX. mendearen hasieran topatu zituen. Bisitek kalte handia egin diote leizeari, eta, horregatik, Santimamiñe ixtea erabaki zuten 2006an. Kalte horiek aztertu ondoren, bisitak egiteko aukera zabaldu berri dute, baina aurrerantzean bisita birtualak bakarrik egin ahal izango dira.
Kobazulotik gertu, gizakiak eraldatutako beste toki bat bisita daiteke, Agustin Ibarrola artistak margotutako Omako basoa, hain zuzen ere. Aspaldi egin zuen eztabaida handiak sortu zituen obra. Duela urte gutxi zaharberritu zuten, eta oraindik murgildu daiteke bisitaria zuhaitzek eskainitako giro magikoan. Animaliak nahiago dituztenek basabereen babeslekua topatuko dute Basondoko baserrian. Xabier Maiztegi fundazioak kudeatutako aterpetxean, Bizkaiko basoetan galtzear diren espeziak zaintzen dituzte, basurdea, azeria, basakatua, orkatza eta igaraba, besteak beste.
Erdi Aroko altxorrak ere ezkutatzen ditu Urdaibaik, Gautegiz Arteagako gaztelua bezalakoak. XIII. mendean eraiki zuten lehenengo gotorlekua, egungoa XIX. mendean eraberritu zuten arren. Hotela da gaur egun.
Urdaibaiko harribitxiaren aurpegiak
Burdinbideak eskaintzen dio bisitariari Urdaibai ezagutzeko modurik onena, Edorta Jimenez idazlearen ustez.
m. carramiñana-(berria)
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.