maite zabalondo
Eesperientzia gogorra baina interesgarria. Munduko atleta onenak biltzen dituen proba da `Marathon Des Sables´. Eta han izan dira Julen Urdaibai eta Juan Olarte bermeotarrak, munduko beste hainbat kirolarirekin batera, urtebeteko prestakuntzaren ostean ahal izan duten guztia ematen. Eta azkenean lortu dute euren helburua; lasterketa amaitzea. Gainera «egoera fisiko eta psikiko onean» amaitu dute.
Marokoko basamortuan egiten den `Marathon Des Sables´ lasterketak munduko froga gogorrenaren ospea du. Zazpi egunetan hainbat kilometro egin dituzte, dunak gora eta dunak behera. Orain atsedena hartzea tokatzen zaie. Ia hilabete bat izan dute lasterketatik errekuperatzeko. Eta oraingoan ea noiz arte irauten duten etxean. Izan ere, Urdaibai eta Olarterentzat beste hainbat froga daude egiteko oso interesgarriak direnak.
Zenbait kilo gutxiagorekin
Bermeotarrek Marokoko proban hainbat laguntzaileri esker parte hartu ahal izan dute. Hori dela eta, «suposatzen duen esfortzu ekonomikoagaz berriro ere proba berdinera ez nintzateke joango», azaldu du Julen Urdaibaik. «Ez dut uste `Marathon Des Sables´-era bueltatuko garenik».
Marokora ez, baina beste nonbaitera joatea pentsatuta dute. Hala ere, oraindik ez dute ezer zehaztuta. «Horrelako proba batetara joatea hain esfortzu handia da bai guretzako eta baita familikoentzako ere, ezin diegula behin eta berriz horrelako egoera batetara kondenatu».
Martxoaren azken bi egunetan eta apirilaren lehen astean zehar izan zen lasterketa. Lehen egunean 31 kilometro, bigarrenean 39 kilometro, hirugarrenean 40 kilometro, laugarrenean 75 kilometro... Desgaste fisiko handia izan zuten. Juan Olarte «lau kilo gutxiagorekin» heldu zen eta Julen Urdaibai ere antzera. «Hemendik nahiko fin joan gara, eta handik hiru-lau kilo gutxiagorekin heldu gara».
Kiloak ez, baina janaria soberan ekarri zuten etxera. «Bermeotar onak bezala, janaria soberan eraman dugu», dio Olartek. Alde horretatik asetuta egon dira, eta baita estimu aldetik ere. «Esperientzia guztitik beharbada gehien bete gaituena beste guztiekin izan dugun harremana izan da. Gure giroko hainbat lagun ezagutu ditugu», dio Olartek. «Egoera berezietan egiten dituzun adiskideekin harremanak estuagoak izaten dira», gaineratu du Urdaibaik. Leku berezia, proba berezia, baldintza bereziak... Esperientzia berezia bizitzeko aukera izan dute.
«Pazientzia handiarekin» euren helburua lortu dute. Lehen egunean basamortura heldu eta hango egoerara egokitzea apur bat kostatu zitzaien arren, inolako arazo barik pasatu zituzten egunak desertuan, hango berora ohitu eta jaimetan «ederto baten» lo eginez.
Herritarren babesa
Bi bermeotarrek herritarrei eskerrak eman gura dizkiete, bertan izan ziren egunetan jasotako babesagatik. Egunero senideek, lagunek eta hainbat bermeotar ezezagunek bidalitako mezuak irakurtzen zituzten, antolatzaileek emanda, eta «momentu baxuetan gure gasolina zen». «Zazpi egun baino ez dira, baina hain zaude egoera berezian... Uste baino babes handiagoa izan dugu».