Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Busturialdea
2008ko abenduak 4, Eguena

Harpidetu zaitez!

Arrasateko atentatua gaitzesteko mozioa onartu dute Ibarrangelun; Arteagan ez, ordea

Politika

Ibarrangeluko Armendu herri plataformak ez zuen EAJk aurkeztutako mozioa bozkatu, «mozio politikoa» dela iritziz.

maite orue

Martxoaren 7an Isaias Carrasco Arrasateko bizilaguna ETAren atentatu baten ondorioz hil ostean, giro politikoa nahasia da Euskal Herrian. Horren buztankadak Busturialdean ere igarri dira, hasieran uste zena baino buztankada txikiagoak izan arren. Ibarrangelun eta Gautegiz Arteagan egindako osoko bilkuretara eroan ditu asteon EAJk Arrasateko atentatua gaitzesteko mozioak. Ibarrangeluren kasuan aurrera egin zuen proposamenak, Armendu herri plataformak bozkarik ez ematea erabaki baitzuen aurkeztutakoa «mozio politikoa» dela iritzita. Gautegiz Arteagan, aldiz, EAren eta ezker abertzalearen ordezkariek errefusatu egin zuten.

Astelehenean izan zen Ibarrangeluko osoko bilkura eta, Gautegiz Arteagan bezala, bost puntuko mozioa aurkeztu zuen EAJk. Batetik, Udalak «ETAren atentatua sendo eta indartsu gaitzesten» duela eta Isaias Carrascoren sendiari eta PSEri «dolua eta elkartasuna» adierazten dizkiela zioen proposamenak. Beste alde batetik, ETAren jarduna mespretxatzea eta berori bertan behera utzi dezala exijitzea eskatzen zuen. Azkenik, Udalak «atentatu honen kontra eta askatasunaren eta demokraziaren alde antolatzen diren ekitaldietan» parte hartuko duela zioen.

Esan bezala, Armenduk ez zuen mozioaren bozketan parte hartu nahi izan eta, beraz, abstentzioaren balioa zuen herri plataformaren hautuak. «Ez gara sartuko, eta ez dugu parte hartuko mota honetako botazioetan», esan zuten. Leire Saitua zinegotzi independentea, bere aldetik, EAJren mozioaren lehen hiru puntuen alde agertu zen, baina ez, ordea, azken biekin. EAJk mozioa bere osotasunean bozkatzea nahi zuela-eta, Saitua ere abstenitu egin zen.

Armenduren arrazoiak

Ibarrangeluko alkate Jesus Mari Ziluagaren (Armendu) esanetan, bozketan parte ez hartzearen arrazoia «estrategia politikoetan sartu nahi ez» izana izan zen, eta zergatiaren berri emateko komunikatu bat irakurri zuten herri plataformako kideek bilkuran. «Ez dugu adierazi nahi zuen mozioarekiko adostasuna ezta ezadostasuna ere. Inork ez gaitu kokatuko politikoki hemen edo han. Gu geu gara gure lekua zein den esango dugunok, geure berbekin eta geure ekintzekin».

Horrez gain, Armenduren hauteskunde programak herritarrez eta euren ardurez baino ez zuela berba egiten gogorarazi zuten herri plataformako kideek. «Beraz, gure konpromisoa Ibarrangelun hasi eta Ibarrangelun amaitzen da».

Gauzak horrela, Ibarrangelun aurrera egin du mozioak, EAJren hiru zinegotzien botoei esker. Alkateak «herriaren alde» lan egiten jarraituko dutela adierazi dio BUSTURIALDEKO HITZAri. «Ez daukagu beste asmo politikorik».

Gautegiz Arteagako bilkuran, bestalde, gauzak bestelakoak izan ziren, EAJren mozioak ez baitzuen behar besteko babesik lortu. Kasu horretan ere EAJren zinegotziek baino ez zuten aldeko botoa eman, baina ezker abertzalearen eta EAren ordezkariek aurka bozkatu zutenez, udalbatzak ez zuen onartu Ibarrangeluko mozioak zituen puntu berberak jasotzen zituen proposamena.

«Konponbide demokratikoa»

Mozio horri kontrajarriz, ezker abertzalearen udal taldeak beste proposamen bat jarri zuen mahai gainean. Miren Lourdes Bilbao alkatearen hitzetan, «herri honetan jasaten ditugun mota guztietako bortxazko adierazpenak modu estrukturalean gainditzeko prestutasun osoa agertu nahi du» Udalak, eta, era berean, «konponbide demokratiko eta negoziatuaren aldeko apustua» egiten dutela esan zuen, «herritarren borondatean oinarritutako marko demokratiko baten beharra» azpimarratuz. «Inolako bortxazko adierazpenik eta esku-hartzerik bako prozesu baten bitartez gauzatu behar dena eta herri honetako errealitate ezberdinak errespetatuko dituena».

Bestetik, Udalak «hain zabaldurik dagoen bake eta demokrazia eszenatokirako nahia eta beharrizana gauzatu dadin» lan egingo duela eta horretarako «bere bitarteko guztiak» jarriko dituela gaineratu zuen Bilbaok. Azken mozio horrek aurrera egin zuen EAren eta ezker abertzaleen aldeko botoekin.

Bilkura amaitu orduko, Gautegiz Arteagako herritarrei eman zieten hitza. Bizilagun batek EAJk aurkeztutako mozioa kritikatu zuen, tentsioak baino ez dituela sortzen esanez. «Tentsioak ez dakar gauza onik». Horrez gain, joan den astean Xabier Arzalluzek kultur etxean emandako hitzaldian esandakoak ekarri zituen gogora. «Argi eta garbi esan zuen mozio hori ez dela biolentzia kondenatzeko, baizik eta politikoa dela». Amaitzeko, «horrelako tentsioak sortzen direnean beste era batera» jokatzeko eskatu zien udal ordezkariei. «Azken finean, Euskal Herria aurrera atera behar dugulako eta konstituzioan Euskal Herriak ez duelako lekurik».

Errigoitiko mozioa

Errigoitin ere EAJren mozioa aurkeztu eta onartu zen joan den martxoaren 28an. Armenduk eta Gautegiz Arteagako ezker abertzaleak egin legez, SOS Errigoitik ere testu propioa eraman zuen bilkurara. Plataformak argi utzi nahi izan zuen «talde apolitikoa» dela, «herritarrek osatutakoa eta inongo alderdi politikorekin zerikusirik ez duena». Euren jarduera Errigoitira mugatzen dela ere esan zuten, gainontzeko alderdien ekimenak «politikoki baloratuko ez» dituztela gaineratuz.

Arrasateko atentatua gaitzetsi zuen, era berean, SOS Errigoitik eta bere doluminak eta elkartasuna helarazi zizkion Isaias Carrascoren familiari eta PSE alderdiari. Biolentzia mota oro errefusatzen duela azpimarratu zuen. «Erailketak, bahiketak, estortsioa, mehatxuak, behartzeak, torturak, arrazoirik gabeko errepresioa...».

 


EAJk Ibarrangeluko eta Gautegiz Arteagako osoko bilkuretara eroan ditu asteon mozioak

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Erakusketak

Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28

Erakusketak

Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa