Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Busturialdea
2008ko abenduak 4, Eguena

Harpidetu zaitez!

Udalbatzak ez du bozkatu liburutegia lekualdatzearen inguruko proiektua

Kultura

Adostasun faltagatik puntua eguneko gai ordenatik kentzea erabaki zuen Jose Mari Gorroño alkateak.

danel lauzirika

Eguaztenean egindako osoko bilkuran alderdi politikoek Udal liburutegiaren lekualdaketaren gaia jorratu zuten, baina ondoren ez zuten bozketarik egin. EAk egindako proposamenaren adostasun faltagatik Jose Mari Gorroño alkateak puntua eguneko gai ordenatik kentzea erabaki zuen.

Pasealekuko eraikina eskola erabileratik desafektatu eta Udal liburutegi moduan erabiltzeko tramiteei hasiera ematea proposatu zuen EAk. Aipatutako eraikina udal jabetzapekoa da, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Ikerketa Sailak erabiltzen du.

Aurreko legealdiko Udal agintariekin hitz egin ondoren, 2007ko uztailean Berritzegunea Pasealekuko eraikinera lekualdatzea proposatu zuen Hezkuntza Sailak. Izan ere, EAko zinegotzi Iñaki Gorroñoren esanetan, «Berritzeguneak gaur egun duen lokalean (Artekale 8an) hamasei pertsonak lan egiten dute, eta lokala txiki gelditu zaie».

Udalak, bere aldetik, Udal liburutegia Pasealekuko eraikinera lekualdatu eta Behargintzaren bulegoak kultur etxeko lehenengo solairuan jartzea proposatu zion Jaurlaritzari. Gaur egun Behargintzak duen lokala Udalak hartuko luke. Jaurlaritzak proposamenarekin ados dagoela adierazi zuten Udal ordezkariek. Lekualdaketa horien ondorioz kultur etxeak gaur egun duen eraikinaren beheko solairuan emango luke zerbitzua.

Desadostasuna

Proposamenaren bosgarren puntuaren (Berritzegunea kultur etxearen eraikineko lehen solairura lekualdatzea proposatzen duena) aurka agertu ziren Ezker Abertzalea udal taldea, Aralar eta EAJ. Euren ustez, beste kokapen bat aurkitu behar zaio Berritzeguneari, Kultur Etxea Fundazioari solairu bat murriztea ez baita irtenbide egokiena. Alderdi horietako ordezkariak Berritzegunea Gernika-Lumon mantentzearen alde agertu ziren.

Iñaki Gorroño zinegotziak, «proposamenak kultur etxeko zuzendariaren oneritzia» duela adierazi zuen.

Ekain Ormaetxea Kultura zinegotziaren esanetan, «kultur etxeko zuzendariak baietz esan du ez dagoelako beste erremediorik, ez ados dagoelako».

Alkatearen esanetan, «Gernika-Lumorentzat, eskualde buru bezala, ona da Berritzegunearen zerbitzua ematea. Udal liburutegia handiagoa litzateke eta Udalak une honetan ez du Hezkuntza Sailari Berritzegunerako beste eraikin bat emateko aukerarik. Behin-behineko irtenbidea da, eta Gernikak kultur azpiegitura ona izango luke».

Idoia Fernandez Ezker Abertzalea udal taldearen bozeramalearen esanetan, «ados gaude liburutegia Pasealekura lekualdatzearen proposamenarekin, baina horrela kultur etxeko solairu bat galtzen dugu. Gure ustez, proposamena atzeratu eta irtenbideak aurkitzea da onena. Gauzak arrapaladan egiten ari direla uste dugu». Fernandezek Berritzegunea beste toki batetan kokatu daitekeela ere aipatu zuen.

Joseba Abaitua Aralarreko zinegotziaren esanetan, «ez gaude Berritzegunearen kontra. Berritzeguneak Gernikan jarraitzea gura dugu. Kultura sustatu beharra dago. Ezin daiteke kultur etxea gauza orotarako toki bezala erabili, beste legealdietan egin den bezala. Azkenean kolapsatu egiten da. Denari baietz esaten diogu dena lortu daitekeelako».

«Ezin gara jarrera horrekin ibili . Dena nahi dugu guretzako? Udal liburutegiaren proiektuak ilusioa sortu du herrian eta proiektua ona da. Uztailetik gai honekin bueltaka ibili gara. Nik ez diot liburutegia ez denik egingo, baina proiektua atzeratu egingo da. Niri ere bosgarren puntua ez zait askorik gustatzen , baina Hezkuntza Sailari alternatiba bat eman behar diogu», adierazi zuen alkateak.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Erakusketak

Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28

Erakusketak

Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa