
Txipi Txapa zaldi taldeak erronka berriei aurre egingo die 2008an
Kirola
Urteko egutegia finkatu dute; orain Urdaibaiko hamabi ibilbide biltzen dituen liburua kaleratzea dute helburu.
danel lauzirika
Txipi Txapa zaldi taldeko kideek 2008an eman beharreko pausuak zehaztu dituzte. Irteeren egutegia finkatzeaz gain, antolatu beharreko ekintzak eta kaleratuko duten argitalpen berriaren nondik norakoak finkatu dituzte.
Eskualdeko herri (Bermeo, Gernika-Lumo, Forua, Muxika, Ajangiz, Arratzu, Ereño) eta adin ezberdinetako 25 zaldun inguruk osatzen dute Txipi Txapa. Euren irteeretan 50 zaldunek ere parte hartu dute. Txipi Txapa elkarte bezala 2007ko udan sortu zen. Hala ere, taldekide gehienek orain dela bost urtetik elkarrekin egiten dituzte zaldi irteerak.
Orain arte legez, zaldi taldeak ikastaroak, zaldi irteerak eta zaldi egunetara zein zaldi-eskoletara irteerak antolatuko ditu. Horrez gain, Gautegiz Arteagako eta Gernikako zaldi egunetan antolakuntza lanetan lagunduko du. Ereñoko Gabika auzoko jaietan Raid izeneko iraupen proba ere antolatuko dute.
Epe laburrera begira, euren ekintzen eta Busturialdeko zaldi ibilbideen berri emateko blog bat sortu gura dute. Bazkide berriak lortzea eta komunikabideen bitartez euren jarduerak ezagutzera ematera ere helburu dute zaldi taldekoek.
Txipi Txapakoek bakarrik ibiltzen diren eskualdeko zaldunei eurekin batzeko gonbita egin gura diete. Eurekin kontaktuan jartzeko helbide elketroniko berria sortu dute: `txipitxapa@orangemail.es´. Euren ustez, «taldean joatea beti da hobeagoa, ibilbide berriak ezagutzeko aukera ematen baitu».
`Monta Western´ zaldian ibiltzeko eraren inguruko ikastaroa ere antolatu gura dute.
«Hori bakeroen era da. Udaberri aldean antolatuko dugu, oraindik data zehatzik jarri ez badugu ere. Tokia ere zehazteko dago. Asteburu bateko ikastaroa izango da», adierazi du Aitor Goldaraz Txipi Txapako kideak.
Urteko egutegia
Txipi Txapakoek astebururo egiten dituzte zaldi irteerak. Hala ere, talde legez otsailetik urrira arte hilean behin batzen dira eskualdetik irteerak egiteko.
Azkenengo batzarretan zaldi taldekoek urteko irteeren egutegia finkatu dute. Zaldi irteeren denboraldiari hasiera emateko iragan domekan txitxiburduntzia egitera irten ziren.
Hemendik aurrera Muxikako Atxeli egunean, Bizkargi egunean, Oiz egunean, Santa Eufemian eta Gernika-Lumoko Trama auzoko Santos Chirenes baselizako jaian irteerak egingo dituzte.
Aurrera begira Busturialdetik kanpora zaldi-irteerak egiteko garraioa eskuratzea izango da Txipi Txaparen erronka nagusienetako bat.
Ibilbideen gidaliburua
Aurten, ordea, zaldi taldearen helburu nagusia `Urdaibaiko zaldi ibilbideak´ izeneko gida liburua kaleratzea izango da. Horretarako lanak hasi dituzte dagoeneko.
Txipi Txapakoen esanetan, «zaldiz ibiltzeaz gain, eskualdeak, Urdaibaik eta inguruak, dituen toki zoragarriak ezagutzea da gure helburua. Hemengo jendea, kultura, hizkuntza eta herri zein auzo bakoitzeko nortasuna ezagutzea. Baina liburua sortzearekin batera beste pauso bat ematea lortu nahi dugu: ezagutu eta ezagutarazi».
Goldarazen esanetan, «irteera bi egin ditugu eta dagoeneko puntu batzuk markatzen hasi gara. Urte osoko lana da. Irailera bitartean irteera guztiak egitea aurreikusi dugu. Diseinua egin ondoren, azaroan, lana inprimategira eramatea da asmoa, gabonetan argitaratzeko».
Gida liburua eskualdean bakarrik aritzen diren zaldunentzat eta kanpoko zaldunentzat baliagarria izatea espero dute. Mapa topografiko baten bitartez azalduko dira ibilbideak liburuan. Blogaren bitartez internet bidezko zerbitzua ere emango dute.
«Gida liburua plazaratzen dugunean eta ibilbide markatuak taldeko blogera igotzen ditugunean udalek, turismo bulegoek, nekazal turismoek, zaldi tokiek eta bestelakoek informazioa eskuragarri izango dute, eta Urdaibaiko zein gainontzeko udalerrietara zabalduko dutelakoan gaude». Gida zabaltzeko diru laguntza ere eskatu du zaldi taldeak.
Taldekideen esanetan, «gure eskualdeko populazioaren %75a baino gehiago euskalduna izanik, gida liburua euskara hutsean egitea erabaki dugu».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Antzerkia
Kale Antzerkia ADA taldeagaz "Las gallinas también bailan"
BERMEO, Lameran - 2009-07-03
Bestelakoak
Gizakatea
BERMEO, Taraskatik irtenda herriko kaleetatik zehar - 2009-07-05
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.