Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Busturialdea
2008ko maiatzak 17, Zapatua

Harpidetu zaitez!

Elkarrizketa Digitalak

Edorta Jimenez

Edorta Jimenez

idazlea

2008-03-04 - 16:30

'Piztien itsasoa' trilogia amaitu du Edorta Jimenez idazleak, eta horren inguruko hitzaldia emango du martxoaren 6an Bermeoko arrantzaleen museoan. Momentu honetan Busturialdeko Hitzako erredakzioan da idazlea, irakurleen galderei zuzenean erantzuten. Galderak bidaltzen dituzten guztien artean, gainera, 'Piztien itsasoa' zozkatuko dugu: 5 trilogia, irakurleentzat. Arrantzaleen museoko hitzaldian bertan egingo dugu zozketa.

Erantzundako galderak:

1

G. Kaixo Edorta. 'Baleen berbaroa' idatzi zenuenean, hasieratik zeneukan trilogia bat egiteko asmoa ala, apurka-apurka eskatu dizu istorioak beste bi liburu idaztea? Ekaitz Goienetxea

E. Baleen berbaroa idazten hasi nintzenean ez nekien ondo, ezta txarto be, zer neukan eskuartean. Liburua hartzen hasi zen neurria ikusita, Susako Gorka Arrese lagunak zera aholkatu zidan nobela bakarra izatekoa zena zatika egitea; gure merkatuak nik eskuartean neukan nobelaren neurrikorik onartuko ez zuela eta, halaxe egin nuen Baleen Berbaroa amaitu, istorioa eta kontaera biribilduta –Sebastian Armadara joan, heriotza argitu ostean, holaxe biribilduta- eta jarraipena hurrengorako zabalik utzita. Norbera idazten ondo sentitzen denean, ni Baleen berbaroarekin sentitu nintzen moduan, ardurarik ez sortuko den horretaz. Ekin egin nion, eta gero etorri zen etorri zena.

2

G. Zerk bultzatu zintuen idaztera? Joseba Barrenetxea

E. Lehenengo eta behin, asko eta askotarikoak irakurtzeak. Gero, klaseetan aspertu egiten nintzela eta, irakasleek ikasgaia hamaika bider errepikatzen zuten artean nik nire gauzak idazten nituen. Hori hamabost urtekin, erdaraz. Azkenik, Somorrostrotik Bilbora eta Bilbotik Somorrostrora trenean joan eta etorri egunero-egunero, hogeita hamar urtekin, barru-barrutik poesiarako gogoa birsortu zitzaidan, euskaraz. Bizio hartu nuen. Eta behin bizio hartuta, denok dakigu zer izaten den horri uztea; ezinezkoa, terapia erabili ezean. Literatura bizioa eta ofizioa da, baina lehenengo eta behin bizioa. Sakonagoko motiborik be egongo da, baina ez dakit nik zein.

3

G. Zer dala eta egiten dabez idazliek trilogiak eta ez penta, hexa edo heptalogiak? Zer dauka hiru zenbakidxek bestiek ez daukatena? Anton Gandarias

E. Ez dakit. Nik neuk hirurekin kontatu beharreko edo kontatu gura nukeen guztia kontatu ahal izango nuelakoan esa nuen hiru egingo nituela. Ba, pentssa, ez dut dena kontatu. Euskal literaturan ez dut uste trilogia asko egin denik, dena dela. Tetralogiarik, ostera, bat ere ez. Beste hizkuntzetan asko dira pertsonaia hartu eta horrekin gero hamaika nobela egin dutenak. Ikusiko da. Gustura idatziko nuke Sebastianen hurrengoa, 1631an Bermeon girotua, eta horren ostean bosgarrena, haren azken egunak kontatzeko. Eta kontranobela bat –bakarra- be idatziko nuke, Sebastian pertsonaia astintzeko. Bestela, hiru zenbakidxek zer daukon bestiek ez daukiena, ba, ez gara pitagorismoan edo holakoetan sartuko, baina armoniatsua da. Lau, ostera, sinfonietako mugimenduak dira. Bost, biribiltasunaren irudia da. Sei,…

4

G. aupa Edorta, buruz ari naiz, baina aspaldian olerki liburu bat idatzi zenuela dut gogoan, "Egutegi esperimentala" uste dut zuela izenburua. Ez duzu poesia gehiago idazteko asmorik, gogorik...? Bere sasoian, sano bete ninduela gogoratzen naiz. Ondo ibili eta segi idazten, ederto egiten duzu-eta Nerea Basterretxea Belaustegi

E. Eskerrik asko, Nerea. Poesiaren arloan bost liburu egin nituen, Omar Nabarrok nire barruan gogorrago agintzen zuen sasoietan. Itsastxorien bindikapena, Egutegi Esperimentala, Gaua zulatzen duten ahausietan, Odoleko eskifaia eta, hau Joseba Urizaregaz batera, Gizaeuropa. Eskifaiarena izan ezik, guztiak dagoz helbide honetan:http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00078.htm. Orain dioste batzuek gustura irakurri zituztela; orduan, ostera, inork gitxik. Orain errezitaldietarako-eta idazten ditut olerkiak. Edo lagunentzako. Esate baterako, Erramun Landa lagunarekin egindako ‘Denbora ez da distantzia’ izeneko erakusketarako batzuk idatzi nituen, 2005ean edo, ez zait data ondo gogoratzen. Bestela, barruko ahots hori isilik daukat, eta ez dakit zer egin itzuli dadin! Kantu batzuk ere ditut. Azkena Rafa Ruedaren Saredun eskuak diskoan dago. Nire gustokoena, ostera, Garik kantatzen duen ‘Astiro eta amorruz’.

5

G. Aupa Edorta, hainbat arlotan aritu izan zara: gidoilari moduan, itzultzaile bezala, kazetaritzan ere ibilia zara, idazle moduan denetarik idatzi dozu: poesia, ipuingintzan ere aritu zara, narratiba... irratiko esatari ere aritzen zara... Zein da gehien gustuko duzun arloa? Izaskun

E. Aupa, Izaskun. Idaztetik bizi ahal genukeela amestu izan dugunok gidoilaritzan ikusi uste izan dugu ogibidea, gero, tarteka, literatura egin ahal izateko. Bide horretan ez naiz oso urrun ailegatu. Ez dago ondo ordainduta. Itzultzailearen lanarekin ere berdin antzean. Bigarren hau, ostera, guztiz-guztiz nekagarria da, benetan. Irratikoa atsegina da, ostera. Entzulearen arnasa aditzen duzula esan liteke. Ahozkoa da, arina, zuzena, hitzetik hortzerakoa askotan. Gero, gozatu, benetan, literatura hutsa idazten gozatzen dut. Aldian aldikoa eginez. Orain, esate baterako, ipuinak lantzen nabil, berriro nobelagintzari noiz ekingo. Askotan hor artxiboren batean gordetzen joan garenarekin zer egin jakin arte ezin izaten dugu bakerik izan, eta horrexetan nabil orain. Artxibo zaharretatik ipuinak ateratzen, ea bakea hartzen dudan.

6

G. Mundakan eta Bermeon arrantzak izan duen garrantzia desagertu da. Zergatik uste duzu gertatu dela hori? Zer egin beharko litzateke? Mikel

E. Honetan behintzat elkarren ezberdinak dira Bermeo eta Mundaka. Mundakako porturako sarrera beti izan gaiztoa. Txikitan han egoten ginen, Talan, sartu ezinik egoten ziren ontziei begira. Bermeoko portua hobea da, alde horretatik behintzat. Argi dagoena zera da, arrainaren zafra itzela egin dugula. Eta gero, erabaki garrantzitsuak egin beharra egon denean, Europaren aurrean ez dugu gure ahotsa izan. Etorkizunera begira zer egin pentsatu behar izango genuke. Ontzi txikientzako kalitatezko arraina berreskuratu, bertokoa, nahiz eta kopuru ez hain handietan izan, eta bertoko merkatuan saldu, hona nik neuk ikusten dudana. Horretarako zorrotz jagon beharko dugu orain daukaguna, eta gerora begira egin behar dena denon artean erabaki behar da, nire ustez. Ontzi handiekin beste bat da kontua. Ez naiz aditua, dena dela.

7

G. Aupa Edorta. Itsasoa da zure liburu askoren paisaia. Mundakak hainbesteko eragina al du zure lanean? Idazleari errazagoa al zaio abstrakziotik abiatzea baino ezagutzen duena narrazioaren abiapuntu bezala erabiltzea? Xabier Lauzirika (Gernike)

E. Mundakak eta Bermeok, kontuz! Eta Urdaibia guztiak. Fikzio-zientzia egiten denean ere idazleak leku jakin eta zehatzak izaten ditu gogoan, nire ustez. Bestela ezin da. Nire trilogian agertzen diren lekuetan egonda nago. Lisboan, Coruñan eta Portlanden, esate baterako. Aipatzen ditudan lekuetan egoten beti saiatu izan naiz. Bestela, bai, diozun moduan da.

8

G. Liburu bakoitza terapia bat dela aipatu duzu duela gutxi. Zergatik? Marije Bengoa

E. Gure kultura hitzaren indarrean oinarritzen da. Hortxe dituzu kristautasuna, sermoiekin. Hortxe politika, mitinekin. Hortxe psikoanalisia, divanarekin. Hiruretan, hitza da giltza. Baleen berbaroa idazteak sendatu egin ninduen. Lasaitu egin ninduelako, eta gozarazi, eta zoriontsu sentitu eragin. Azken fusila idaztea ere terapeutikoa izan zen, aitaren figurari aurre egin behar izan niolako. Aita, ama, amama eta honez gero hilda dauden beste batzuen irudiak edo hitzak nire idazlanetan hartzean negar ere egin izan dut. Negar, bai, malko eta guzti. Gero, ostera, hobeto sentitu izan naiz. Niren ustez, idaztea, literatura egiteko asmo barik bada ere, guztiontzat izan liteke terapia. Eta esan barik doa, irakurtzea terapaia izan ahal da. Ez dut uste munduan gizakirik dagoenik liburua egokia topatuz gero irakurtzeaz gozatuko ez lukeena.

9

G. Zertan oinarritu zinen trilogia hau aurrera eramateko? Iñigo San Anton Agirre, 665727490

E. Nire iturri nagusiak Baleen berbaroa elebarrian aipatu nituen. Lehena, Los vascos en la pesca de la ballena izenako liburua da. Bigarrena, Erkorekaren tesia, gure kofradiez. Hiragurrarena, Otra cara de la invencible, la participación vasca, Tellechea Idigorasena. Gero Armadari buruzko liburutegia osatzen joan naiz azken hamabi edo hamairu urteotan.

10

G. Trilogia hau bukatu ostean zein da eskuartean daukazun proiektua edo zertan ari zara lanean? Azken liburu hauek beste hizkuntzetara itzultzen dira, nolako harrera dute alemanieraz,italieraz, frantsesez, ingelesez... euskaraz idatziriko liburuek? Ekain Ormaetxea

E. Eskuartean dugunaz hobe ezer ez esatea. Gure liburuek ez dute harrera hain onik, nire tartean, argitaletxe txikiekin argiratu izaten direlako. Eta denok dakiguna da merkatua eta hedabideak -hedabideetako literatur gehigarriak behinik behin- nazioarteko argitaletxe handien eskuetan daudena. Alemanian irakurraldiak egin ditut, eta ondo. Italian hitzaldietan-eta ibili naiz, eta ondo. Ingeleseraren merkatuan ez daukat ezer, baina beste bietan argitaratzen denaren aldean kanpoko liburu gutxi argitaratu izaten dute. Gazteleraren kasua negargarria da, gure eremutik kanpo hedabideek ez dute-eta gure liburuak kontutan hartzen, Txalparta edo Hiru legezko argitaletxeak tabua direlako. Bertoko hedabide batzuk ere aipatu behar dira, gezurra ematen badu ere horientzat guk gaztelaraz argitaratzen duguna ez da-eta existitu ere egiten. Frantsesa hobeto ez aipatzea. Bestela negarrez hasiko gara.

11

G. Zergatik aukeratu zenuan gai hau trilogia idazteko? Iñigo San Anton Agirre

E. Errenazimenduan E.H. estatu izateko aukera galdu zelako. Jakina, E.H. aipatzea arriskua da gaur egun. E.H. kontzeptua XIX. mendean asmatua dela esan zuen, denbora ez dela, EHUko historia irakasle batek El Correon. Ez du Lazarraga ezagutzen! Europaren historiaren nondik norakoa erabaki zen unera jo nahi izan nuen; 1588ko itsasoko guda hartara, hain zuzen. Garai ikaragarria, oraindino indarrean diren ideia batzuk orduantxe erabaki ziren, eta halaxe segitzen dugu pairatzen, esate baterako, jainkoa, hizkuntza eta herrialdea elkarri loturik ikusten dutenenekiko morrontza.

12

G. Itsasoak (nabigazioak, arrantzak...) Euskal Herriaren historian eta garapenean izugarrizko garrantzia izan arren, ez zaizu iruditzen - salbuespenak salbuespen (Untzi Museoa, Albaola...) - itsas ondarea ezer gutxi inporta zaigula? koasta

E. Ados! Mundakan, ontziola egon lekua, etxetxo bat! Urdaibaiko legea Eusko Legebiltzarrean ebatzi zenetik hogei urte igarota, Interpretazio Zentrua ez dago oraindino martxan, zer diostazu! Eta bitartean berreskuraezina den ondarearen zati handi bat, galtzen. Nori ardura do kulturak gurean? Normala gero portuak lehorreko aparkalekuak kudeatzen diren moduan kudeatu nahi izana, mundu guztiak

13

G. aupa Edorta, zeintzuk izan dira XI.mendeko estilora gerturatzerakoan aurkitu dituzun zailtasunak eta sorpresak? aurrerantzean nobela historikoaren ildotik jarraitzeko asmorik, bai? ainhoa

E. Lehena, itsasoko literaturaren urritasuna euskaraz, nahiz dela orduan, nahiz dela orain. Erlijio izkribuetako estilotik aldentzea ere gaitza izan da. 15640. urtera bitarteko liburuetan ez dagoen berbarik ez erabiltzen ahalegindu naiz. Salbuespen bakarra, amamari eta inguruko arrantzalei entzundakoak izan dira, nik neuk zahartzat jo izan ditudanak liburura joan dira, ze oraintsu arteko gure hitzak ez dira inon batu. Gero, gure egungo pentsaeratik ahalik eta urrunen aldentzen saiatu naiz. ´Estresa´ berba madarikatua asmatu aurretik, zelan moldatzen ziren euskaldunak aztoramena, larritasuna, estura eta edozetariko egonezinak aipatzeko? Ustebakorik politenak sormen lan horretan hartu ditudanak izan dira. Bestela, nobela historikoarekin jarraitzeko bizimodua ziurtaturik eduki behar da, bestela jai!

14

G. Konparatu Moby Dick eta Piztien itsasoa labur, larregi eskatzea ez bada. Ekaitz Goienetxea

E. Moby Dick kasik biblia da, balearen ehizaz idatzitako entziklopediarik handiena izateaz gainera. Eta Melvilleren The Encantadas nire testu maiteenen artean dagoela esanda, dena esan dizut. Nirea ez da entziklopedia, bestearen ostean idatzia da eta harekin zorretan egongo da beti. Nire alde dagoen bakarra, Piztien trilogia euskaldunontzat idatzia dela, euskaraz eta Euskal Herrian.

15

G. Aupa Edorta! Gozada bat izan da 'Piztien itsasoa' irakurtzea, bere garaian gazteentzako idatzi zenuen 'Urdaibaiko ipuin eta kondariak' bezala. Noizko ipuin eta kondaira haien helduentzako bertsioa? Ondo segi! Eider Illarramendi

E. Begira, Manhattan bilduman badago horrelako zerbait, baita ere Laudano eta sutautsa liburuan. Izaroko fraidearen historia, nagusientzat moldatu bigarren horrexetan dago. Gehiago etorriko direlakoan nago, hala eta ere.

16

G. Lan prekarietatea, arrantzontzietako langile gehienak etorkinak, arraina bitartekariei prezio merkean saltzea... XXI. mendeko euskal arrantzak ere emango du nobelaren baterako, ezta? Gari

E. Bai, bat nator zurekin. Ea ba baten batek oraintxe idazten duen, horren premian gagoz eta. Nik neuk ez daukat nire proiektuen artean. Gaiak merezi du, benetan.

17

G. Itsasontzi bat urperatuta aurkitu dute Matxitxakon; `Bou Nabarra´ izan daiteke. Beste eleberri bat egon ahal da hor, ez?

E. Bera baledi! Urdaibaiko ipuin eta kondairak liburuan Nabarra bouaren gaineko narrazio bi dagoz, beharbada luzeago eginda nobela bihurtu ahal izango liratekeenak. Kilkerren hotsak eleberrian ere boua eta bataila dagoz. Egungo euskal literaturako joera nagusia, gazteek dakartena, gaurko gaiak lantzea dela ematen du, ostera. Eleberria dagoenik, dudarik ez. Duda da zenbat eleberri, bat baino gehiago izan litezke eta.

18

G. Mila esker, Edorta, HITZAren gonbidapena onartu eta irakurleen galderak erantzuteagatik. Ondo segi! Busturialdeko HITZA

E. Eskerrik asko Hitzari. Ez dakigu euskarazko egunkari hau astean sei bider eskuartean eduki ahal izatea zein garrantzitsua den. Ez gaitezela konturatu galdu ostean. Euskaldunon duintasunaren seinalerik argiena euskarazko prentsa da. Guk, euskal idazleok, ezinbesteko zaituztegu.

Egindako elkarrizketak

SARKOR

SARKOR

2008-04-10

Edorta Jimenez

Edorta Jimenez
idazlea

2008-03-04

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa